Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak gaitzetsi egin du Asparrenen gertatu den emakumearen heriotza

2012.eko azaroak 27

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak gogor gaitzetsi eta arbuiatu du emakume baten indarkeriazko heriotza. Ustez, emakumea bere bikotekideak hil du gaur, Asparrenen (Araba). María Teresa emakumeen aurkako indarkeria matxistak Euskadin aurten hil duen bigarren emakumea da.

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak babes eta elkartasun osoa eskaini nahi die emakumearen familiari eta lagunei.

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren ostean bi egun baino igaro ez direnean, ahotsa goratu behar dugu, beste behin ere, indarkeria matxistaren kontra. Izan ere, indarkeria matxista hori oinarrizko eskubideen aurkako atentatu basatia da. Arazo larri horrekin amaitzeko borrokan guztiok hartu behar dugu parte. Ezinbestekoa da gizarte osoak berdintasun-balioak bere egitea, eta egiturazko jatorri argia daukan gizarte-arazo horren garrantziaz konturatzea.

Erakunde-politiketan, garrantzirik handiena eman behar zaio genero-indarkeriaren arazoari, eta, ikuspuntu horretatik, Genero Indarkeriaren Biktimeni Laguntzeko Zuzendaritzak lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du, laguntzaren eta babesaren kudeaketa hobetzeko eta sentsibilizazioa, kontzientziazioa eta hezkuntza sustatzeko.

Erakunde guztien batasuna eta erakunde guztien arteko lankidetza ezinbestekoak dira, eta, horregatik, herritarrei eta erakundeei eskatu nahi diegu gertatutakoa gaitzesteko deituko diren ekitaldietara joateko. Gaur arratsaldean, 18:15ean, gertatutakoa gaitzesteko ekitaldia egingo da Asparreneko plazan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan