Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Metalurgia klusterra sortu dute, altzairugintzaren, forjaketaren eta galdaketaren sektoreak batzeko (2012-11-27(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko azaroak 27

Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko lehentasunezko klusterretako enpresa-taldeentzako laguntzak arautzen dituen Agindua hirugarrenez aldatzeko dena.

Gobernu Kontseiluak metalurgia klusterra lehentasunezko klusterren barruan sartzea onartu du gaur, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren ardurapekoak. Kluster berriak hiru sektore biltzen ditu: Siderex (siderurgia-industriak biltzen dituen elkartea), forjaketaren sektorea eta galdaketarena. Hirurak estatu mailakoak dira, eta Euskadin dute egoitza, euskal enpresek sektore horietan duten garrantzia dela kausa.

Metalurgiaren klusterra Euskadin 206 enpresa dituzten hiru azpisektoreren batura da. Enpresok, guztira, industria sektoreko BPGren % 34 osatzen dute, eta Euskadiko industriaren arloko langileen % 11 enplegatzen dute.

Siderexek (Siderurgi Produktu eta Instalazioen Espainiako Esportatzaileen Elkartea) 67 bazkide ditu, eta horietako 44 euskal enpresak dira. Bazkideok 33.500 milioi euro fakturatzen dituzte, eta 11.000 pertsona baino gehiago enplegatu.

EAEko eta Nafarroako Galdatzaileen Elkarteak (AFV) 1.200 milioi fakturatzen eta ia 7.500 milioi langile dituzten 125 bazkide ditu. Bestalde, estanpazio bidezko forjarien elkartea (SIFE) hamalau enpresak osatzen dute, 365 milioi euroko fakturazioa eta 2.000 langile dituztenak.

Kluster berriari esker, Euskadik hamabi lehentasunezko kluster ditu. Sektore hauetakoak dira, zehazki: energia, makina erreminta, etxetresna elektrikoak, automozioa, IKTak eta elektronika, Bilboko portua, ingurumena, aeronautika, itsas industriak, papera, ikus-entzunezkoak eta metalurgia.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren ardurapean dauden hamaika aurrekluster daude, atariko fasean. Sektore hauetakoak dira: habitata eta contracta, elikadura, biozientziak, esku-tresnak, logistika, eraikuntza, hizkuntzen industriak eta trenbideak; bai eta galdaketaren, forjaketaren eta altzairugintzaren sektorekoak ere, aurrekluster izaerari eusten diotenak oraindik. Metalurgiaren kluster berriaren xede nagusia hura osatzen duten hiru sektoreen sinergia-potentziala aztertzea eta garatzea da.

Lehentasunezko klusterrek eta aurreklusterrek euskal industria-sektore nagusiak ordezkatzen dituzte. Euren zeregina lankidetza-proiektuen garapenaren bidez euskal enpresen lehiakortasuna sustatzea da. Horrez gain, lankidetza teknikoa eta merkataritzakoa sustatzen dute sektoreko enpresen artean eta horien eta hirugarren enpresen artean, bai eta euren presentzia dinamizatu eta babestu ere, mota guztietako nazioarteko azoketan eta foroetan. Azken batean, euskal industria-politikaren tresna dira, bai eta enpresen arteko lankidetza ahalbidetzeko ezinbesteko elementu ere.

Euskal klusterren eredua mundu osoan aztertzen dute, lehiakortasunarekin lotutako politikak aurrera eramateko modu gisa. Hain zuzen, Harvardeko Negozio Eskolan aztertzen dute. Bertako irakasle bat, Michael Porter, lehiakortasunaren arloko aditu handitzat hartzen da, bai eta kluster kontzeptuaren sortzailetzat ere.

Iruzkin bat
  • @igoneporto
    2013.eko maiatzak 29

    Comentario de Twitter:
    @jamierwilson perdón. Estaba escribiendo otra cosa y se me ha ido. Me refería al metal. :( https://t.co/3oCV4AW8te I need a coffe :(

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan