Berriak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Eu

Bizialdi osoko ikaskuntza sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen dekretua (2012-11-27(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko azaroak 27

Gobernu Kontseiluak, Isabel Celaá Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren eskariz, bizitzan zehar ikasteko zerbitzuak eskaintzen dituzten erakundeei eman beharreko dirulaguntzak arautzen dituen akordio bat onartu du gaur. Udalek, elkarteek, ikastetxe pribatuek, prestakuntzan ari diren merkataritza-elkarteek eta irabazi asmorik gabeko beste instituzio batzuek izango dute bizitzan zehar ikasteko egiten dituzten jarduerak, aurrekontuaren % 100era arte, diruz laguntzeko aukera, betiere zerbitzuak herritarrei dohainik eskaintzen badizkiete.

Bizitzan zehar egin beharreko ikaskuntza-jardueretan 2020. urterako helduen % 15ek parte hartzea da Europako Batasunak Europa 2020 estrategian adierazten duen helburua. 2008an Euskadin ehuneko hori % 13,5ekoa izan zen eta, horregatik, bizitzan zehar egin beharreko ikaskuntzan euskal herritarrek parte hartzea indartzen jarraitzeko neurriak sustatu behar dira oraindik. Dekretu hau Eusko Jaurlaritzarekin zerikusirik ez duten erakundeen eskaintza sustatzen saiatzen da.

Kolektibo konkretuen prestakuntza-premiei erantzuna emateko diseinatu eta planifikatutako jarduerak izango dira diruz lagundu ahal izango direnak, enplegurako prestakuntzari lotutakoak eta, beraz, LANBIDE- Enplegurako Euskal Zerbitzuaren deialdien bidez finantzatu ahal direnak izan ezik. Halaber, ikaskuntzarako bitartekaritza-zerbitzuek eta irakatsi eta ikasteko, ezagutza belaunaldien artean transmititzeko eta prestakuntza hurbildu eta ikaskuntza sustatzeko oztopoak kentzeko proiektuek ere jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak.

Dirulaguntzak jaso nahi dituzten elkarteek Hezkuntza Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari aurkeztu beharko dizkiote beren eskaerak, hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Eskaera horiekin batera, aurreikusten diren jarduera guztien azalpen-memoria batek eta haietarako aurrekontu batek joan beharko dute. Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak izendatutako ebaluazio-batzorde batek baloratuko du dokumentazio hori, dirulaguntzak eman aurretik. Ebaluazio-irizpideen artean, besteak beste, aurkeztutako proiektuak kokatzen diren zonaldean bizitzan zehar egin beharreko ikaskuntza-planaren baliokideak izatea nabarmenduko da. Edonola ere, dirulaguntzen zenbateko osoa ezin izango da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako idatzita dagoen kopurua baino handiagoa izan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan