Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Gobernu Kontseiluak 3.200.000 euroko diru laguntza emango die Elkargi eta Oinarri BGAE-ei, Euskadiko Autonomoak eta ETE-ak abala ditzaten (2012-11-27(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko azaroak 27

Erabakia, Elkargi S.G.R. eta Oinarri S.G.R.ri diru-laguntza ematekoa. Helburua da elkarren bermerako sozietate horiek EAEko ETE eta autonomoei abalak eman diezazkieten bultzatzea, haien hornidura teknikoko funtsak indartuz.

Eusko Jaurlaritzak EAEko enpresa-sektorearen lehiakortasuna hobetzen lagundu du: hainbat finantza-erakunderekin hitzarmenak sinatu ditu, inbertsio-eragiketak eta zirkulatzailea lehentasunezko baldintzetan finantzatzeko.

Euskadiko enpresa-ehundura finantzatzen laguntzeko politikaren barruan, hiru milioi eta berrehun mila euroko diru-laguntza eman die Elkargi eta Oinarri elkarren bermerako sozietateei. Diru-laguntza honen xedea elkarren bermerako sozietateok abal finantzarioak eman ditzaten sustatzea da, Hornidura Teknikoetako Funtsak indartuta. Diru-laguntza honekin, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa txiki eta ertainen finantzazio-aukerak nabarmen handituko dira, eta, halaber, finantzazio horren kostua ere murriztuko da, alor horretan gure inguru ekonomikoan diren zailtasunak kontuan izanda.

Hornidura Teknikoetarako Funtsak elkarren bermerako sozietateen funts propioen ezaugarri berberak ditu, eta beren jardunetik eratorritako zuzkiduren edota kobraezinen kostua aplikatzeko erabiltzen dute. Eusko Jaurlaritzak, funts hau indartzen lagunduta, abalak ematea erraztuko du. Izan ere, elkarren bermerako sozietateen emaitzen kontuen inpaktua murrizten lagunduko du; zorroak narriatu izanagatik sortutako inpaktua txikitzen, hain zuzen. Hala, bi erakundeek beren negozio-plana prestatu ahal izango dute eta behar bezala artatuko dituzte enpresa txikiek eta ertainek egindako berme-eskaerak, guztia ere elkarren bermerako sozietate bati araudiak eskatzen dizkion kaudimen-beharrak beteta.

Diru-laguntzaren zenbatekoa 3.200.000 euro izango da: 2.700.000 euroko laguntza Elkargirentzat, eta 500.000 eurokoa Oinarrirentzat. Esleipenaren truke sozietateok 2012an abalak modu efektiboan eman beharko dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan