Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Iñaki Arriola sailburuak duela denbora gutxi eraikitako tren instalazio berriak bisitatu ditu. Instalazio horiek 13,8 milioi euroko inbertsioa eskatu dute

2012.eko azaroak 29

Eibarko biztanleen 107 aurpegiz osatutako horma-irudi bat ikus daiteke gaurtik aurrera ehun urte baino gehiago dituen Eibarko "estaziñuko" atarian 

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak, Eibarko 107 biztanleren aurpegiak jasotzen dituen pintura horma-irudia desestali du. Gaurtik aurrera, horma-irudi hori egongo da ehun urte baino gehiago dituen baina guztiz zaharberrituta dagoen hiri armagineko "estaziñuko" atariaren erdigunean.

Arriolak, Miguel de los Toyosek, Eibarko alkateak, lagunduta, tokian bertan ezagutu ahal izan ditu Eibarren eraiki diren trenbide bikoizketa eta tren instalazio berriak (Txarakua-Azitain zatiaren bikoizketa eta Eibarko eta Azitaingo geltokiak). Azpiegitura berri horiek irailaren hasieratik ari dira hiritarrei zerbitzua eskaintzen, eta 13,8 milioi euroko inbertsioa eskatu dute. Kopuru hori Eusko Jaurlaritzak finantzatu du oso-osorik. 2008. urtetik Eusko Jaurlaritza hobekuntza jarduketa garrantzitsuak ari da burutzen sarearen erdialdean, eta gune horretan inbertitu duen kopurua 32,8 milioi eurokoa da.

Bisitaren amaieran, Arriolak José Antonio Azpilikueta Eibarko artistak diseinatu eta burutu duen horma-irudia desestali du. Horma-irudi horretan, Eibarko udalerrian bizi diren edo Eibarrekin erlazionatuta dauden pertsonen ehun aurpegi ikus daitezke.

Atariaren sarreran dagoen horma-irudia lau zatitan dago banatuta: bi zatitan geltokiaren bi ikuspegi jasotzen dira, horietako batek, nasatik Bilborantz begiratzen duen jendearen ikuspegia jasotzen du, eta beste batek Donostiarantz begiratzen duten pertsonena. Beste bi zatietan oihal gaineko olioan margotutako 107 aurpegiak ikusten dira, 25x25 zentimetroko tamainan.

Pertsona horietako asko, kaleko jende arrunta, pertsona nagusiak edo haurrak, eta baita familiaren bat ere, ekitaldian egon dira, Eusko Jaurlaritzako, Eibarko Udaleko, ETS-ko eta EuskoTreneko kideekin batera.

Horrez gain, Eibarko saihesbidera ematen duen eta geltokiaren ondoan dagoen goialdeko igarobidearen azpialdean, Sebastián Velasco artista burgostarrak, trenarekin erlazionaturiko zenbait motibo irudikatu ditu, bi graffitiren bitartez. Irudi horiei esker, hormigoia eta asfaltoa nagusi diren inguruneak berotasuna izango du.

Eibarko geltokia zaharberritzeko lanak eraikin enblematikoaren kanpoko egitura gordez burutu dira. Sarbideak egokitu egin dira, ezarritako irisgarritasun arauetara egokitu ahal izateko. Proiektuak, trenbideak bereizten dituen Eibarko bi guneen artean pertsonak igarotzea errazten duen goialdeko igarobidea kontserbatzen du. Jarduketa horri esker hobetu egin da geltokiaren hiri integrazioa.

Ehun urte baino gehiago dituen geltokia berriztatzeko lanez gain, joan den irailetik Azitaingo geltoki berria eta Txarakua-Azitain zatiaren bikoizketa ere, Eusko Jaurlaritzak Eibartik igarotzen den trenbide egituran egindako hobekuntzen artean daude. Txarakuako trenbide pasagunea kentzeari eta haren lekuan eraiki den bide berriari esker, tranbiaren erabiltzaileen zein automobil gidarien eta oinezkoen segurtasunak hobekuntza nabarmena izango du.

Egungo egoera

Une honetan, Eusko Jaurlaritza, ETS erakunde publikoaren bitartez, Amaña-Ardantza eta Ermua zatiak bikoizteko lanak burutzen ari da. Lan horien barruan geltoki berriak eraikiko dira Amañan (lur azpian) eta Ermuan (bide-zubian); Amaña-Legarre zatia estaltzeko lanak ere ari dira burutzen.

Horrez gain, idazten ari dira Ardantza-Eibar zatia bikoizteko eta Eibar-Azitain zatia estaltzeko lanen eraikuntza proiektuak. Gainera, Ermuko geltokiaren eta San Lorentzoko geralekuaren arteko bikoizketarako Alternatiba Azterlanaren idazketaren lizitazio prozesuari hasiera eman zaio.

Egindako lanak

Azken bi urteetan, Eusko Jaurlaritzak San Lorentzo-Unibertsitatea zatiaren bikoizketa jarri du martxan; Ardantzako geltoki berria eraiki du, hiri armaginaren erdialde neuralgikoan; Ardantza estali du, eta horrela aisialdirako oinezkoen igarobide handia sortu du; eta, horrez gain, tranbia Elgoibarreraino luzatu ahal izateko ezinbestekoa den Karakateko gurutzaketa egin du.

Ermua-Eibar-Elgoibar trenbide ardatza garatzeko estrategikoak diren proiektu horiek guztiak amaitzen direnean, 15 minutuz behingo maiztasunak eskaini ahal izango dira zati osoan. EuskoTrenek inguru horretan eskaintzen duen tren zerbitzua 3.000 pertsonak erabiltzen dute egunero.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Miguel de los Toyos, Eibarko alkatea