Berriak Herrizaingoa

Euskalmet-ek hotza eta prezipitazio ugari datozela iragarri du. Prezipitazio horiek elur-prezipitazioak izango dira goi-eremuetan

2012.eko azaroak 26

Metatutako lodiera oso handia izango da, baina gailurretan bakarrik

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri du berehala denboralea iritsiko zaigula iparraldetik. Denborale horren eraginez, datozen egunetan, EAEn, udazkena izan arren, neguko giroa nagusituko da, eta prezipitazio ugari izango ditugu; prezipitazio horiek elur-prezipitazioak izango dira gailurretan.

Euskalmet-en iragarpenen arabera, korridore bat eratuko da iparraldetik, eta, korridore horretatik, hainbat fronte eta ezegonkortasun-lerro iritsiko zaizkigu. Aire hotza eta hezea sartuko da, eta, horren eraginez, prezipitazio ugari izango ditugu; horrez gain, tenperaturak nabarmen jaitsiko dira, eta iparraldetik haize gogorra iritsiko zaigu.

Halaber, elur-kota 1.000 metro inguruan kokatuko da astearen lehenengo erdian, eta beherantz egingo du astearen bigarren erdian.

Iragarpenen arabera, prezipitazioak handiak izango dira. Ekaitz-prezipitazioak izan daitezke, eta txingorra ere bota dezake, batez ere astearen lehenengo erdian; eguneko gehieneko metatuak 30-40 l/m²-koak izango dira kantauriar isurialdean. Egunik txarrena asteazkena izango da, azaroaren 28a; egun horretan, 60 l/m² meta daitezke, bereziki kantauriar isurialdearen mendebaldean.Ostiralean, azaroaren 30ean, prezipitazioak dagoeneko ez dira hain ugariak izango, eta gehieneko metatuak 10 l/m²-koak izango dira Bizkaian. Iragarpenen arabera, asteburuan ez du ia euririk egingo, baina hotzak jarraitu egingo du.

Prezipitaziorik handienak kantauriar isurialdean izango dira, eta EAEko hegoaldean urriagoak izango dira.

Elurraren, haizearen eta tenperaturaren iragarpena

Euskalmeten iritziz, asteko lehenengo egunetan, elur-kota nahiko goian mantenduko da, 1.000 metro inguruan; ostegunean (azaroak 29) 800 metrora jaitsiko da, eta ostiralean 600 metrora egun amaieran. Ordurako, baina, prezipitazioak oso urriak izango dira.

Beste era batera esanda, elur-kota nahiko goian mantenduko da prezipitaziorik handienak botako dituenean, eta elur-kota hori jaitsi egingo da prezipitazioak urriak direnean. Ondorioz, ez dirudi elur askorik izango dugunik behe- eta erdi-mailako eremuetan.

Bestalde, gailurrik garaienetan, 1.000-1.100 metrotik gora, elur ugari metatuko da. Beraz, Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak kontuz ibiltzeko gomendioa egin die datozen egunotan eremu horietara joateko asmoa daukatenei.

Halaber, aipatu behar da astebururako ziurgabetasuna handia dela. Beraz, iragarpenen eguneratzeen berri izan behar da, egoera batzuetan balitekeelako prezipitazioek jarraitzea.

Ipar-haizeak gogor joko du, bereziki astearen erdialdean, eta, zehazki, asteazkenean (azaroaren 28an). Haize-boladek 70-80 km/h-ko abiadura gainditu ahal izango dute mendialdean eta kostaldean. Asteburuan, ekialdeko - ipar-ekialdeko haizea ibiliko da, eta indarra galduko du.

Asteak aurrera egin ahala, tenperaturek behera egingo dute, nabarmen. Astearen hasieran, gehieneko balioak 10 ºC ingurukoak izango dira kostaldean, eta 5-10 ºC ingurukoak barrualdean. Astearen amaieran, berriz, gehieneko balioak 5-10 ºC ingurukoak izango dira kostaldean, eta 5 ºC ingurukoak barrualdean.

Gutxieneko balioek ere behera egingo dute. Horrela, astearen hasieran, gutxieneko balioak 5-10 ºC ingurukoak izango dira kostaldean eta 5 ºC ingurukoak barrualdean. Astearen amaieran, berriz, gutxieneko balioak 5 ºC ingurukoak izango dira kostaldean, eta 0-5 ºC ingurukoak barrualdean; balio horietatik behera ere jaitsi ahal izango da tenperatura.

Ipar-haizearen eraginez, itsasoaren egoera ere okertu egingo da, bereziki asteko lehenengo hiru egunetan; olatuen altuera nahiko handia izango da, 3-3,5 m ingurukoa. Asteburuan, olatuak ez dira hain handiak izango, ekialde - ipar-ekialdetik etorriko diren haizeak ahulagoak izango direlako.

Asteburuari dagokionez, ziurgabetasuna handia da, eta, beraz, baliteke amaierako egoera nahikotxo aldatzea azaldutako iragarpenarekin alderatuta.

Oharra: Kontuan hartu behar da denbora-horizontea zenbat eta luzeagoa izan, iragarpenen fidagarritasuna orduan eta txikiagoa dela. Beraz, iragarpenen eguneratzeen berri izatea komeni da, Euskalmeten eta twitter-en (@euskalmet) bitartez. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko