Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa

Euskadik 2 milioi turista baino gehiago izan ditu aurten, 2011ko errekorreko kopuruetatik hurbil

2012.eko azaroak 22

Sektoreak hedapena sendotu du 2012ko lehen 10 hilabeteetan: iazko datuekin alderatuta, berdindu egin du ia bisitari kopurua (- % 0,9 sarreretan eta - % 0,1 ostatu-gauetan) eta, 2009ari dagokionez, hazkunde nabarmena izan da ( + % 18,1 sarreretan eta + % 19,9 emandako gauetan).

Etenik gabe jarraitzen du turista atzerritarren pixkanakako hazkundeak: urtarril eta urri bitartean iaz baino % 5,6 iritsi dira (2009an baino % 35 gehiago) eta % 6,2 gau gehiago eman dituzte (2009an baino % 33 gehiago). 

Euskadiko nekazaritza-turismoko etxeak errekorra lortzen ari dira aurten turista kopuruari dagokionez (aurreko ekitaldian baino % 2,7 gehiago eta duela hiru urte baino % 11,4 gehiago). 

Urtarril eta urri bitartean bisitari gehiago sartzen ari dira Bilboko (+ % 1,4), Gasteizko (+ % 1,1) eta Bizkaiko (+ % 0,9) turismo-ostatuetan, eta gutxiago, aldiz, Gipuzkoako (- % 2,8), Donostiako (- % 2) eta Arabakoetan (- % 2). 

Euskadiko turismo-sektorea bilakaerarik onenetako bat izaten ari da krisi globaleko une honetan. Emaitza bikainak izan dira 2012ko lehen hamar hilabeteetan, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) atzo argitaratutako datuen arabera. 

Urtarril eta urri bitartean 2.014.716 bidaiari sartu dira Euskadiko hoteletan. Hau da, iazko aldi berekoak baino % 0,9 gutxiago soilik, orduan Euskadiko turismoaren muga historikoa hautsi arren. Halaber, emandako gauei dagokienez, 2011koen antzeko kopuruetan dabil aurtengoa: guztira 3.872.160, % 0,1 gutxiago. 

Berretsi egin da urrian aurreko hilabetetako joera; horrenbestez, turista atzerritarren hazkundeak Estatuko bidaiarien beherakada orekatu du. 

Errekorra atzerritarretan 

Hala, lehenengo hilabeteetan Espainiako bisitariak % 4,2 gutxiago izan dira, baina nazioartekoak % 5,6 gehiago izan dira . Horri esker, urterik onena izaten ari da 2012a turista atzerritarren kopuruari dagokionez. Dagoeneko 727.000 baino gehiago inskribatu dira Euskadiko hoteletan; komunitateko turismoaren historiako daturik onena, alegia. 

Ostatu-gauetan antzeko zerbait gertatu da. Aurten atzerritarrak % 6,2 gehiago izan dira oraingoz, Estatuko turisten % 3,4ko beherakada orekatuta. 

Lurraldeka, ez da portaera bera izan lehen hilabete hauetan. Bizkaia % 0,9 hazten ari da, atzerriko turistek (+ % 7,8) Estatukoen - % 2,5eko beherakada orekatzen dutelako.

Araban, aldiz, turistak % 2 gutxiago izan dira, Estatuko bisitariak - % 4,2 gutxiago izateak atzerritarrak ehuneko berean (+ % 4,2) handitzeak baino pisu handiagoa baitu. 

Murrizketa handiena Gipuzkoan izan da (- % 2,8). Herrialde honetan, izan ere, atzerritarren gorakada (+ % 3,6) Estatuko bisitarien beherakada baino nabarmen txikiagoa izan da (- % 6,8). 

Hiriburuei dagokienez, Eustateko datuek erakusten dute Gasteizen eta Bilbon turismoak gorakada izan duela eta Donostian, aitzitik, beherakada.

Bilbo hazi da gehien (% 1,4), bertan izan baitu gorakadarik handiena nazioarteko turismoak (% 10,6). Hori bai, gainerako lurralde eta hiri guztietan bezalaxe, % 2,5 gutxiago izan dira bisitari espainiarrak. 

Gasteizek % 1,1eko igoera izan du; Estatuko turismoa, izan ere, % 0,8 baino ez da murriztu, eta atzerritarrak, berriz, % 7,6 gehiago izan dira. 

Oraingoz, Donostia da turistak galdu dituen hiriburu bakarra aurten. Hain zuzen, - % 2. Bertan murriztu dira gehien Estatuko turistak (- % 9,1; hots, 21.586 bisitari), eta atzerritarren hazkundeak ezin du hori orekatu (+ % 7,5; 13.090 bisitari).

Azken urteotako balantzea 

2012ko hamar hilabete hauetako datuak alde batera utzita, Euskadiko turismo-sektoreak ageriko hazkundea izan du azkeneko urteotan. 2009ko datuekin alderatuz gero, urtarril eta urri bitartean orduan baino 310.000 turista gehiago iritsi dira Euskadira. Alegia, % 18,1eko hazkundea. 

Estatuko turismoa astintzen ari den krisia gorabehera, duela hiru urte baino % 10,1 bisitari espainiar gehiago iritsi dira Euskadiko hoteletara. Atzerritarrei begiratuz gero, aldea are handiagoa da, % 35,7ra iritsita. 

Emandako gauei dagokienez, antzeko aldeak daude. Turismoa oro har + % 19,9 hazi da (2009koen aldean 644.000 gehiago izan dira emandako gauak lehen hamar hilabetetan). Estatuko turistak % 13,3 gehiago izan dira eta nazioartekoak, berriz, % 33,9 gehiago. 

Batez besteko egonaldia ere handitu da apur bat. 2012ko lehen hamar hilabetetan 1,89 egunekoa izan da, iazko 1,88 edo 2009ko 1,87 egunen aldean.

Euskadiko nekazaritza-turismo etxeak ere emaitza oso onak dira oraingoz. Historiako urterik onena dute aurtengoa. Dagoeneko 108.747 turista sartu dira, iazko errekorreko kopuruak % 2,7 gaindituta, eta % 11,4 2009koak. 

Gasteiz, 2012ko azaroaren 21a

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan