Berriak Kultura
Eu

'Ardoaren eta mahatsen kultura-paisaia Errioxan eta Arabar Errioxan'

2012.eko azaroak 23

Errioxak eta Euskadik Unesco-ri baterako hautagaitza aurkeztu diote ardoaren eta mahastiaren kultura-paisaia munduko ondaretzat jo dezan

Errioxako Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Turismoko kontseilari Gonzalo Capellanek eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellek gaur goizean lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute jasotzeko bi administrazio horiek baterako hautagaitza idatzi eta aurkeztu nahi diotela UNESCOk munduko ondaretzat hartzen dituen kultura ondasunen zerrendari; hautagaitza horrek ondoko titulua izango du: 'Ardoaren eta mahatsen kultura-paisaia Errioxan eta Arabar Errioxan'.

Komunikabideen aurrean Gonzalo Capellanek dio Gizateriaren Ondaretzat joz gero, hori mesedegarria izango dela mahatsak dituen lurralde osoarentzat, ezen "natura eremuaren babesa hobetu, ardoaren kultura zabaldu eta ardo turismoa sustatuko baikenuke".

Halaber, Capellanek dio "hautagaitza urrats gakoa dela ardoa kultura-ondare moduan babesteko eta horren onarpen handiagoa lortzeko; ardoa Errioxako nortasunaren adierazlea da, baita eskualdeko ekonomia, gizarte eta kultura garatzeko ezinbesteko elementu ere".

Gainera, Blanca Urgell euskal sailburuak ondokoa adierazi du: "osatuko den Eusko Jaurlaritza aktiboki konprometitu beharko da Munduko Ondare izateko hautagaitzarekin ezen, Errioxako eta Arabar Errioxako ardoaren eta mahastien kultura-paisaiaren bikaintasuna onartzeaz gain, horren garapen ereduari laguntzeko eta kultura aberastasun handia eta ardoaren industria nazioarteko eremuan adierazteko ere balioko baitu.

Akordioaren testuak jaso egin du Errioxako eta Euskal autonomia erkidegoek zenbait elementu dituztela komunean (lurralde, historia, ekonomia eta kultura arloan), eta horri esker errazagoa dutela elkarrekin proiektu batzuk burutzea bertako biztanleei onura egiteko; horrela bada, garapeneko geroa lortzen dute.  Hori dela-eta, eremu historiko, geografiko eta kultura bitxi honetan, Errioxan eta Arabar Errioxan alegia, mahatsetarako eta ardoa egiteko dauden eremuek kultura-paisaia bat osatzen dute eta paisaia hori lurraldea osatzeko eta argi bereizteko  modukoa da, eta antzekotasun handia du beste ardo eskualde batzuekin, ondokoekin, besteak beste: Tokay (Hungaria), Saint-Emilion jurisdikzioa (Frantzia) edo Duero Garaiko ardo eskualdea (Portugal).

Errioxaren eta Arabar Errioxaren kasuan, kultura-paisaiak -naturaren eta gizakiaren artean denboraren poderioz eta aldi historikoen araberako erabileren poderioz sortzen den elkarrekintza moduan ulertuta-, "ardoaren kultura" moduan ezagutzen diren elementu anitzez osatutakoak, erkidegoen mugak gainditzeaz gain, harkaitzetako dolareetan hasi eta gaur egun arte iritsi da XXI. mendeko ardo arkitekturaren adierazlerik onenak ekarriz; horixe dugu ardo turismoaren benetako ardatza. Hori guztiaz gain, gizakiak gozatzeko moduko duen ingurune naturala dugu, mahatsen zelaiak ditugu, eta horiek Ebroko Ibarreko muinora egokitu dira eta ardoaren munduan lan egiten duten pertsonen jarduera bideratu dute.

Hori guztia, erkidego bi horien ustez, gure paisaia nazioarte mailan sustatzeko eta erakusteko aukera da, Errioxa eta Arabar Errioxa dinamizatzeko balioko duen eta eremu horretan eta hango biztanleentzat gerora begira aberastasun sortzaile izango den natura eta kultura baliabideari dagokion balioa emateko.

Gainera, bi eskualde horien ustez, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (UNESCO) Gizateriaren Ondareen zerrendan sartuko diren ondasunak identifikatzeko eta onartzeko finkatu dituen hautatzeko prozesuetan sartzeko baldintzak betetzen ditu paisaiak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)