Berriak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Eu

Diseinuko goi mailako arte-irakaskuntzak ezarri dira Euskadin (2012-11-21(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko azaroak 21

Dekretua, Diseinuko goi-mailako arte-ikasketak ezarri eta ikasketa-plana antolatzeko, Diseinu Grafikoa eta Barruko Diseinua espezialitateetan.

Gobernu Kontseiluak, Isabel Celaá Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren eskariz, Diseinuko goi mailako arte-irakaskuntzak haien bi modalitateetan, Diseinu Grafikoa eta Barne Diseinua, Euskadin ezartzen dituen dekretu bat onartu du gaur. Goi Hezkuntzako Espazio Europarrean dauden bi titulu dira, bakoitzak lau kurtso ditu eta unibertsitate-graduen baliokide dira. Legezko testuak bien ikasketa-plana definitzen du.

Titulazioek guztira 240 ECTS kreditu dituzte, 60 kredituko lau kurtsotan banatuak, eta kreditu bakoitzak, gutxienez, 25 irakastordu ditu, guztira 6.000 irakastordu, gutxienez. Ikasketa-planaren barruan kanpo praktikak egiten dira, 150 ordu, gutxienez, irauten dutenak (hilabete inguru, eguneko 6 orduko lanaldiarekin).

Goi mailako arte-irakaskuntzak diseinuaren modalitateetan egin nahi dituzten ikasleek Batxilergoko ikasketak arrakastaz gainditu beharko dituzte edo, bestela, 25 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko proba gainditu beharko dute. Gainera, ikasle horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu eta antolatuko duen sarrera-proba espezifiko bat gainditu beharko dute, irakaskuntza horiek aprobetxamenduz egiteko behar diren heldutasuna, ezagutzak eta gaitasunak dituzten baloratzeko asmoz. Gehigarri gisa, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Teknikariaren titulua duten pertsona guztiek izango dute ikasketa horietara zuzenean sartzeko aukera eta haientzat plazen % 15 erreserbatuko da.

Titulu horiek eskaintzen dituen ikastetxe bakarra dago gaur egun Euskadin. Vitoria-Gasteizko Diseinuko Goi Eskola da. Ikastetxe horretan goi mailako bi arte-irakaskuntzak eskaintzen dira, Ilustrazioko eta Arte Argazkilaritzako Lanbide Heziketako heziketa-zikloez gain. Gaur egun 200 ikasle baino gehiago daude Diseinu Grafiko eta Barne Diseinuko tituluetan matrikulatuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan