
AMEEren dekretu berria (2012-11-21(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)
Dekretua, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua arautzen duena.
Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundea (AMEE) Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren mende dago; EAEko epaile, magistratu, epaimahai eta fiskalei laguntzeko organoa da, eta auzitegi-medikuntzako aditu-txostenak egiten ditu haientzat.
Gaur onartutako dekretua aurreko dekretuaren (1998. urtekoa) sinplifikazio, egokitzapen eta berrantolaketa da.
a) Sinplifikazioa: lehen dekretu bakar batek arautzen zuen erakundea eta dekretu horrek onartzen zituen lanpostu-zerrendak. Hortaz, lanpostu-zerrendetan edozein aldaketa egiteko, dekretua aldatu behar izaten zen. Orain bi dekretu desberdin daude.
b) Egokitzapena: AMEEren egitura Bulego Judizial Berriaren (BJB) ezarpenari egokitu zaio eta, horrez gain, Bulego Judizial Berriak ekarritako filosofia eta jarduerak barneratu ditu: talde-lanean funtzionatzea (administrariak), euskara-eskakizuna sartuta duten lanpostu-zerrendak, kalitatearen kudeaketa, plantilla izatetik lanpostu-zerrenda izatera pasatzea, etab.
c) Berrantolamendua: erakundearen funtzionamendua hobetzen duen egitura finkatu da. Hona hemen bi adibide:
- Anatomia Patologikoaren atala sortu da. Atal berria da, eta gai horretan adituak diren auzitegi-medikuak daude orain. (Auzitegiko patologian, traumatologian eta psikiatrian ere badaude adituak, eta, aipatutako arlo guztietan aditu izateko, bi urteko ikasketak egin behar izaten dira. Bi urte horietan, auzitegi-medikuak liberatzen dira, Osakidetzarekin sinatzen diren hitzarmenen bidez espezializatu daitezen).
- Osoko Balorazio Forentseko Unitateak (OBFU) sendotu dira eta AMEEren barruan ere sendotu egin da haien egitura. Unitate hauetan, psikiatrian aditua den auzitegi-medikua aritzen da lanean eta, horrekin batera, psikologoak eta gizarte-laguntzaileak. Horiek lehen ez zeuden erakundearen egituraren barruan sartuta, talde psikosozialetan baizik.