Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

JUVENA 2012 kanpainaren arabera, antxoa gazteen batez besteko biomasa nahikoa da 2013ko helduen stocka maila biologiko onargarrietan atxikitzeko

2012.eko azaroak 22

Donostian, 2012ko azaroaren 2an. Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuorde Jokin Díazek eta AZTI-Tecnaliako zuzendari nagusi Rogelio Pozok JUVENA 2012 kanpaina zientifikoaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur, Donostian. Bizkaiko Golkoan zenbat antxoa gazte dagoen kuantifikatzea da kanpainaren helburu nagusia. Emaitzek iradokitzen dute indarrean dagoen TACa, 20.700 tonatakoa, atxiki litekeela aurten ere.

Irailean itsasoan den antxoa gaztearen biomasa, den-dena udaberrian jaioa, 142.100 tonatakoa dela kalkulatu du kanpaina zientifiko honek. Datu horretatik ondorioztatzen da probabilitate handia dagoela neguan aurreko urteetako biziraupen-tasa bera badago 2013ko helduen stockak biomasaren muga-balioa gainditzeko. Muga-balio hori 21.000 tonatan ezarri zuen ICES/CIEM Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluak.  Hori dela eta, EBk uztailaren 1az geroztik indarrean dagoen antxoa TAC-a (Harrapaketa Onargarrien Totala, 20.700 tona) atxikitzeko aukera izango du.

Aurten hauteman den antxoa gazteen ugaritasuna JUVENA kanpainaren aurreko urteetako datu historikoen eskalaren erdialdeari dagokio. 2003. urteaz geroztik egiten ditu AZTIk JUVENA kanpainak, eta, aurtendik aurrera, Espainiako Ozeanografia Institutuarekin (IEO) batera egingo ditu.

Jokin Díazen hitzetan, “emaitza horiek antxoaren 2013ko arrantzaldiari begira baleko egoeran jartzen gaituzte; beraz, 2012ko uztailetik 2013ko ekainera bitartean harrapatzeko muga 20.700 tonatan ezartzea erabaki egokia izan zen, eta espeziearen benetako egoerarekin bat zetorren”.

JUVENA 2012 kanpainaren helburuak izan dira antxoa gaztearen ugaritasuna eta banaketa espaziala hautematea, haren egoera aztertzea eta haren biziraupenari eragiten dioten ingurumen-faktoreak analizatzea, betiere hurrengo urtean helduen biomasak zer maila izango duen iragarri ahal izateko.

Irailean egin da kanpaina zientifikoa, Itsasoko Idazkaritza Nagusiaren Emma Bardán eta IEOren Ramón Margalef ontzietan. AZTI-Tecnaliako zientzialariek metodologia akustikoa erabili dute antxoa gazteen ugaritasuna kalkulatzeko: ultrasoinuak igortzen dira itsasoan eta, jasotzen den oihartzuna nolakoa, aztertzen den tokian zenbat antxoa-ale dagoen zenbatesten da.

Eusko Jaurlaritzak, Itsasoko Idazkaritza Nagusiak eta IEOk finantzatzen dute JUVENA kanpaina. Arrantza-agintariei antxoa-harrapaketa onargarriei lotutako arriskuei buruzko gomendioak egiteko balio dute kanpaina honen emaitzek.

Antxoa gazteen kanpaina osatzeko Bioman kanpaina egiten du AZTIk. Bizkaiko Golkoan udaberrian ugaltzeko moduan dagoen antxoaren biomasa kalkulatzea da haren helburua, eta egunean erruten den arrautza-kopuruan oinarritzen da. Azterlan horri 1987an ekin zitzaion, eta urtero ICES/CIEM Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluan egiten den antxoaren nazioarteko zenbatespenaren oinarrizko datua da.

2012ko arrantzaldian 6.703.715 kilo antxoa lehorreratu dira, denera, Euskal Herriko portuetan, eta batez beste 2,24 € ordaindu zen kiloa: 15.026.426 €-ko balioa izan zuen, beraz, antxoak. Antxoa harrapatzearen debekua kendu zenetik laugarren arrantzaldia izango da 2013koa. Horri esker, sendotu egingo da arrain preziatu honen presentzia merkatuan, bai fresko kontsumitzeko, bai kontserbatarako.

Gaztea: Larba-aldiaren eta helduaroaren arteko ziklo biologikoko fasea da. Fase hori hastean, oso txikia izaten da arraina, baina jada erabat osatua egoten da eta aldaketa aipagarririk gabe jarraitzen du hazten, helduarora iritsi arte.

Heldua: Urtebeteko antxoa, nahiz zaharragoa, ugaltzeko gai izateko bezain heldua.

Biomasaren muga-balioa:
Stock ugaltzailearen biomasaren halako balio jakin bat, non hortik behera jaitsiz gero populazioa nekez berreskura litekeen. ICES/CIEMek 21.000 tonako muga ezarri du.

ICES/CIEM: Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseilua, Bizkaiko Golkoko antxoaren arrantzaren kudeaketaz arduratzen den nazioarteko erakundea.

Iruzkin bat
  • @SrLegua
    2012.eko azaroak 26

    Comentario de Twitter:
    #BIOMasa | La campaña Juvena 2012 http://t.co/dPgJfUXu

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Rogelio Pozo