Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Nazioarteko adituek tokiko erakundeak eta herritarrak garapen jasangarriaren liderrak direla adierazi dute

2012.eko azaroak 21

 

Donostiako Kursaal jauregian egin dute goiz honetan Euskadiko udalerrientzako Tokiko Agenda 21en IX. jardunaldia. Bertan parte hartu duten nazioarteko adituek jasangarritasun globaleko eta etorkizuneko estrategia bati ekiteko beharra nabarmendu dute, bai eta eskualdeko zein tokiko erakundeek eta herritarrek bertan funtsezko eginkizuna eduki behar dutela ere. Ekitaldi horretan Udalsarea 21 jasangarritasunerako udalerrien euskal sarearen Jardunbide Egokienei Sariak banatu dituzte; laugarren edizio honetan Elgoibar, Legazpi, Zumarraga, Debabarrena eta Nerbioi Ibaizabal izan dira irabazleak. Sari-banaketan Fernando Barrenecheak parte hartu du, Udalsarea 21 idazkaritza teknikoa duen Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren zuzendari nagusiak.

Jardunaldiaren helburu nagusia jasangarritasuna bultzatzeko udalerriek duten eginkizunaz eztabaidatzea izan da, bai eta arlo horretan agertzen diren erronkei aurre egiteko sormenak eta berrikuntzak duten garrantziaz ere. Guztion xedea: lan-ildo berriak zabaltzea jasangarritasuneranzko bidean aurrera egiten jarraitzeko.

Txostengileen artean Stefan Kuhn nabarmendu behar dugu. ICLEI Europa Jasangarritasunaren Aldeko Tokiko Gobernuen Sareko Hiri Gobernantzako zuzendariak ekainean egindako Rio+20 gailurraren ondorioetako batzuk zehaztu zituen. Horien artean Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusiaren hitzaldiaren esaldi batek laburbiltzen duena: «Herrialdeak beren hirien batura dira».

Bultzada eta itxaropena

Helburua «herritarrak, baliabideak kontsumitzeaz gain, sortzeko gauza ere izan daitezen da», azaldu zuen Stefan Kuhnek. Halaber, prozesu horretan gizarte zibilak zein tokiko eta eskualdeko agintariek esku hartu behar dutela ere ohartarazi zuen. Zehaztu duenez, azken horiek dira, hain zuzen, «azken garaiotan jasangarritasunari itxaropen eta bultzada handiena eman diotenak, baita nazio-administrazioek baino gehiago ere.

Kopenhage, European Green Capital 2014 hautatu berria, tokiko erakundeen eta herritarren beraien lanak jasangarritasuna lortzeko duen garrantziaren adibide oso nabarmena da.  Horrela azaldu du Jørgen Lundek, Københavns Kommuneko Teknika eta Ingurumen Kudeaketaren zuzendariak; jakinarazi duenez, tokiko agintariek plan bat abiarazi dute, 2025erako Holandako hiria karbono-isurietan neutroa izan dadin.

Helburu horrekin mugikortasun arloko hainbat jarduketa egingo dira, bizikletaren erabilera oraingo % 40etik % 50era igaro dadin, baita ibilgailu elektrikoak edo biodiesel-erregai bidezkoak erabiltzeko ere. Horretaz gain, parke eolikoak inplementatuko dira eta aerosorgailuen parke berriak eraikiko, baita hirian ere; halaber, birziklatutako materialen erabilera handitzeko neurriak hartuko dira. Gaur egun % 60tik gorako birziklatze-tasa dago hiriburuan.

Ekonomia berdea

«Horri guztiari esker Kopenhage munduko hiririk onena da txirrindularientzat, eta jendeak bertan bizi eta lan egin nahi izango du. Bisitatu nahi dugun hiria izango da eta, gainera, 30.000 enplegu ere sortuko dira, horietako asko teknologia berdeen alorreko enpresekin lotuta. Horrelakoek % 75eko hazkundea izan dute azken urteotan», iragarri du Jørgen Lundek.

Herritarren eginkizuna funtsezkoa izan da eta da jasangarritasuna inplementatzeko. «Guretzat, holandarrentzat, erraza izan da, gauza asko gure kulturan daudelako, bizikleta erabiltzea esaterako. Kopenhagen herritarrak harro daude daukatenaz», azaldu du adituak. Horri lotuta, beste hiri batzuetan «jasangarritasuna tokian tokiko kulturan oinarrituta egituratu beharko litzateke», erantsi du.

 

Udalsarea 21 sariak

Jardunaldiari amaiera emateko Udalsarea 21en Jardunbiderik Egokienei Sariak banatzeko ekitaldia egin da. Aurten honako hauek izan dira irabazleak: Elgoibar eta Zumarraga –banaka aurkeztu dira– eta Debabarrena eta Nerbioi Ibaizabal –eskualdeko hautagaitza aurkeztu dute–.  Bost proiektu irabazleek 3.000 euroko sari bana eskuratuko dute, Euskadiko jasangarritasunaren alde duten konpromisoa jendaurrean aintzat hartzeaz gain.

Laugarren edizio honetan 86 udalerri aurkeztu dira, eta guztira 41 hautagaitza jaso dira. Horien guztien «kalitate handia eta proposamen aniztasun handia» nabarmendu du Fernando Barrenecheak. Udalerri taldeek edo eskualdeko erakundeek bultzatu dituzte proiektuetako hamaika. Horrek «eskualdeek Tokiko Agenda 21ak bultzatzeko duten indarra agerian uzten du, baita ahaleginak batzeko eta sinergiak bultzatzeko sareko lanak duen garrantzia ere», adierazi du Udalsarea 21eko idazkaritza teknikoaren zuzendari nagusiak.

«Beste behin ere, aurkeztutako proiektuen aniztasunak zein horien jatorriak (udalerri handiak, hiritarrak, landakoak, txikiak) Euskadiko udalerri guztietan benetan ekiteko dagoen gaitasunaren berri ematen dute. Tokiko ekintzaren eredugarritasuna funtsezkoa da herritarrekin jasangarritasunarekin erantzunkide senti daitezen lortzeko!», goraipatu du Fernando Barrenecheak.

Saritutako ekimenak eta finalistak

Proposatutako lehen kategorian –Klima Aldaketa– Elgoibarko EMUGI proiektua saritu da. Programa horren bitartez pertsonen zein merkantzien mugikortasun jasangarria sustatu nahi dute udalerri horretan. Atal honetan udalerri hauek izan dira finalistak: Uribe Kosta «Mugikortasun jasangarria sustatzea eskualdeko zerbitzu-mankomunitatean» eta Basauri «Urak leheneratzea ondoren lorategiak ureztatzen eta udalerriko kaleak garbitzen berriro erabiltzeko».

Biodibertsitatearen sarirako 5 hautagaitza aurkeztu dituzte; sariduna Deba Ibaia Bizi Gura proposamena izan da. Deba eta Ego ibaiak leheneratzeko eta horien balioa nabarmentzeko programa integrala da, Debabarreneko hainbat udalerrik garatutakoa: Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Soraluze Gipuzkoan, eta Mallabia Bizkaian. Kategoria honetan honako hauek izan dira finalistak: Gasteiz «Olarizuko Lorategi Botanikoko landare-germoplasma bankua» eta Barakaldo «Lorategi Botanikoa, biodibertsitate gunea eta udalerriko sare berdea deskubritzeko abiapuntua».

Jasangarritasunerako Hezkuntza kategoriari dagokionez, Legazpiko «10 urte ibaiaren eguna ospatzen» ekimena saritu da. Herritar boluntarioek, programa horri esker, ibilguko hondakinak biltzen dituzte bi urtean behin haren kalitate ekologikoa hobetzeko. Kategoria honetako finalistak Balmaseda «Guztiok batera amets egiten!: Eskolako Agenda 21en eta Tokiko Agenda 21en arteko koordinazioa Jasangarritasunerako Plana 2012-2020 berrikusteko prozesuan» eta Tolosaldea «Berandu baino lehen: Eskolako Agenda 21en ikastetxeen ingurumenaren aldeko bideoa».

Jasangarritasun integraleko laugarren kategorian Nerbioi Ibaizabalgo udalerriek eskuratu dute saria; hau da, Arakaldok, Arrankudiagak, Arrigorriagak, Basaurik, Etxebarrik, Galdakaok, Orozkok, Urduñak, Ugaok, Zaratamok eta Zeberiok; Jasangarritasuneko Eskualdeko Bulegoa sortzeagatik eskuratu ere. Maruri udalerria eta Enkarterrialdeko hautagaitza kolektiboa izan dira finalistak kategoria honetan, «Jostailuak bai, plantea hobea ere bai, jolastu birziklatuz eta lagundu berrerabiliz» eta «Udaltruke, administrazioko elkarlan-kontsumoko lehen proiektua» proiektuengatik, hurrenez hurren.

Azkenik, Ekoberrikuntza saria Gipuzkoako Zumarragak erdietsi du, «Uraren kudeaketaren gure ikuspegia» proiektuari esker; horren bidez udalerrian gizarte-konpromisoa lortzeko egin dute lan, uraren hornidura-sarea optimizatuz. Oraingoan finalistak Amurrio «Enpresa-egitura dinamizatzea ekoeraginkortasunerako» eta Donostia «Haurra, zero hondakin» izan dira.

Diziplina anitzeko eta nazioarteko epaimahaia

2012ko edizioaren berritasunetako bat epaimahaiaren osaera izan da. Lehenengoz nazioko eta nazioarteko erakundeetako kideek osatutako epaimahaiak aukeratu ditu saridunak eta finalistak; epaimahaikide horiek hainbat diziplinatakoak izan dira, baina erreferenteak jasangarritasunaren arloan.

Epaimahaiburua Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua izan da, eta honako hauek gainerako kideak: Stefan Khun ICLEI Europa erakundearen Hiri Gobernantzako zuzendaria; Rafael Tortajada Nafarroako Gobernuaren Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamenduko Hiriko Ingurumen Ataleko burua, Jasangarritasunerako Nafarroako Toki Entitateen Sarearen (NELS sarea) ordezkari gisa parte hartuta; José M. Barrutia, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Doktorea, egun Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle titularra eta Eusko Jaurlaritzaren ikerketa-talde finkoko kidea, eta Alberto Surio EITB euskal irrati-telebistako zuzendaria; guztiak jasangarritasun integral eta anbientalaren arloko ordezkari gisa; eta José Luis Gutiérrez, A&B Laboratorio de Biotecnología, SAUko zuzendari nagusia –enpresa horrek 2011ko Europako Ingurumen Sarietan accesita eskuratu zuen–, baloratu beharreko beste faktore batean erreferente delako, berrikuntzan, alegia.

 

 

 

 


 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)