Berriak Herrizaingoa
Eu

Fotoeleberri batek etxeko langile diren emakume etorkinen aurkako sexu erasoak salatu ditu

2012.eko azaroak 21

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak prestatu du, Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko Zuzendaritzaren lankidetzarekin

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak fotoeleberri bat prestatu du emakume etorkinentzako kanpaina baten barruan, emakume horiek indarkeriarik gabeko bizitza bizitzeko eskubidea dutela kontzientziatzeko; izan ere, espazio publiko zein pribatuetako jazarpenari aurre egiteko esfortzuan babesa eta aintzatespena sentitzen duten neurrian baino ez da murriztuko sektore horren ahultasuna.

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak "Sexu erasoak. Nola bizitzen diren, nola ulertzen diren eta nolako arreta ematen zaien gure autonomia erkidegoan" azterketa egin zuen 2010ean (www.euskadi.net/violenciadegenero), eta ondorioetan agerrarazi zenez, arazo larri horretan lanean jarraitzeko premiazko beharra zegoen, aipatutako azterketan parte hartu zuten taldeen ekarpenekin, betiere.

Ikerlanaren ondorioen artean, besteak beste, emakume etorkinei buruzko ikuspegia aldatzeko beharra identifikatu zen; "jasotzen dituen" gizartean egiten duten ekarpena eta lana aintzatetsi behar dira, eta horretarako "funtsezkoa da talde horri egindako sexu erasoak ikusaraztea, horren gaineko isiltasunari esker betikotu egiten direlako, eta gainera, gizartearentzat lotsagarria da".

Horregatik, eta etxeko langile gisa diharduten emakume etorkinen komunitate horri arreta berezia jarriz, proiektu bat martxan jarri da; egitasmoak azterlanean islatutako emakume etorkinen datuei erantzuten die, baita sexu erasoak bizitzeko duten moduari ere.  

Azterketako atal hori prestatzeko hiru eztabaida talderen iritziak hartu ziren aintzat; orotara, 26 emakumek hartu zuten parte. Eztabaida taldeetako bat Getxo udalerriko emakumeek osatu zuten; haietako batzuk etxeko langileak ziren, eta hausnarketa prozesuan, zenbait elkarte propio sortu dituzte etorkin gisa bizitzean eta gaur egun bizi diren gizartean integratzeko esfortzuan elkar babesteko.

"Gure ustez, fotoeleberriak formatu bikaina eskaintzen du argazki irudiaren indarra ispilu gisa erabiltzeko, baita eguneroko egoerak islatzeko ere, horietan ikusten baitira sexu erasoak eta horiei aurre egiteko emakumeek baliatutako moduak" azaldu du Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendari Mariola Serranok; horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko Zuzendaritzak proiekturako eskainitako lankidetza nabarmendu du.

Lana prestatzeko aintzat hartu dira zaintza lanetan diharduen etorkin komunitatearen zati handi batek dituen tradizio kulturalak (bereziki Latinoamerikako emakumeen kasuan), eta hala, haien hizkuntza eta ohituren gertuko produktua osatu da: fotoeleberria, ahotsak eta ezinegonak jaso dituen produktua, eta, bidenabar, arazoa gizarteratzeko agente gisa ere erabil daitekeena.

"Espero dugu lanabes hau sentsibilizatzeko tresna erabilgarria izatea emakume etorkinekin lan egiten duten erakunde eta gizarte eragile guztientzat; lana Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak prestatu du, eta Immigrazioko Zuzendaritzaren eta bertako teknikarien ekarpenak, iritziak eta laguntza ere jaso ditu" azaldu du Mariola Serranok.

Fotoeleberria Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren webgunean:

www.euskadi.net/violenciadegenero

www.euskadi.net/generoindarkeria

baita Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko Zuzendaritzaren atarian ere:

www.gizartelan.ejgv.euskadi.net/r45inmigrac/es/   

www.gizartelan.ejgv.euskadi.net/r45-inmigrac/eu/

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko