Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Bilboko Garellanoko etxebizitza babestuek ez dute Eusko Jaurlaritzaren ez babesik, ez bermerik

2012.eko azaroak 20

Saila sustapen pribatu orori eskaintzen dizkion zerbitzuak egitera mugatu da

Bilboko Garellanoko etxebizitza babestuen salmentan, Dorrebarriak sustatzailearen aldetik, neurriz gaineko jardun egon izanaren zenbait salaketaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak argitu nahi du sustapen hori pribatua dela, eta Etxebizitza Sailak babesten ez duela eta haren bermerik ere ez duela.

Garellanoko babes ofizialaren eta etxebizitza tasatuen sustapena ez da Eusko Jaurlaritzarena eta, horrenbestez, horrek ez du inolako erantzukizunik haren gainean; etxebizitza babestuen sustapen pribatuen gainean dituenak salbuetsita.

Eusko Jaurlaritza, Dorrebarriak sozietate kooperatiboaren eskariz, halakoetan egin ohi dituen kudeaketak egitera mugatu da; hots:

2012ko apirilaren 25ean, DORREBARRIAK sozietate kooperatiboak baimena eskatu zuen Garellanon, gutxi gorabehera, 323 BOE eta 442 etxebizitza tasatu autonomiko sustatzeko bazkideak hartzeko aldi bat has zedin. Maiatzaren 16an, Bizkaiko Etxebizitza ordezkariaren ebazpenaren bidez, bazkideak hartzeko aldia hasteko baimena eman zen.

Maiatzaren hasiera aldean, DORREBARRIAK sozietate kooperatiboak Jaurlaritzari laguntza eskatu zion Garellanoko sustapenak esleitzeko prozeduran. Zehazki, Bilboko udalerriko BOE-en eta etxebizitza tasatuen eskatzaileei informazio-gutunak bidaltzeko eta WEBean iragarki bat jartzeko eskatu zion.

Jaurlaritzak kooperatibari etxebizitza-eskatzaileen zerrenda eman zion, sustatzaileak berak gutunak bidal zitzan; eta webean iragarki bat jarri zuen, halakoetan egin ohi den moduan.

Era berean, 2012ko abuztuan, Jaurlaritzak dagozkion behin-behineko kalifikazioak eman zituen etxebizitzak eraikitzeko. Jaurlaritzak izapide hori ere egin ohi du, baldin eta eskakizunak betetzen badira.

Datozen hilabeteetan, sozietate kooperatiboak baimena eskatu beharko du kooperatibisten aldetik aurrerakinak jasotzeko, eta Jaurlaritzak salerosketa-kontratuei oniritzia eman beharko die. Horretarako, erosleek BOE etxebizitza bat eskuratzeko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko du.

Zerbitzu horietara mugatzen da Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren erantzukizuna.

Ez die, inolaz ere, kooperatibari atxikitzeko kontratuei oniritzia eman, eta ez du esku hartu horiek nahiz estatutuak prestatzen, ez eta garaje-plazak eskuratzeko edo berme pertsonalen poliza sinatzeko kooperatibak finkatu ahal izan dituen baldintzak ezartzen ere.

Beraz, ezin da inola ere esan etxebizitza horiek Eusko Jaurlaritzaren babesa edo bermeak dituztenik.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)