Berriak Kultura
Eu

Europa Helmuga Gida

2012.eko azaroak 16

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak Europa Helmuga Gida aurkeztuko du, EBk mugikortasunerako eskaintzen dituen aukerei buruzko tresna praktiko eta osoa

Azken urteotan Gazteen Euskal Behatokia atzerrirako mugikortasun-aukeren eta -baliabideen inguruan garatzen ari den lanaren emaitza da gida hau. Europan barrena mugitzeko jakin behar den guztia, konponbideak eta informazio praktikoa eskaintzen ditu, smartphone-etan eta tablet-etan erabiltzeko moduko formatuan.

Behatokiak gauzatutako EAEko gazteen nazioarteko mugikortasuna ikerketaren arabera, 15 eta 29 urte bitarteko hamar gaztetatik 6 prest daude atzerriratzeko. Gainera, epe laburrean atzerrira joatea aurreikusten dutenen artean (% 40), gehienek nahiago dute Europara joatea. Mugikortasun-gaiei buruzko informazioari dagokionez, hamar gaztetatik 3k baino ez diote ondo informatuta daudela. Egoera horren aurrean, agerikoa da Europan barrena bidaiatzearen, lan egitearen edo ikastearen ikuspegi osoa eskainiko duen gida batek duen interesa.

Interneten barreiatuta dauden mugikortasun-aukera guztiak sailkatu eta ordenatu egiten dituen informazio-bilduma da. Gida zabal eta argi honek denbora aurrezten du, eta ibilbide pertsonalizatua osatzea ahalbidetzen du.

EBko herrialderen batera bidaiatzea pentsatzen ari den edozein gaztek bere buruari egin diezazkiokeen galderetatik abiatuta, hainbat baliabide eskaintzen ditu gidak, bai eta, informazio gehiago eskuratze aldera, kanpoko esteka seguruak ere. 900 esteka ditu, hainbat dokumentutara eta webgunetara jotzen dutenak, aldian-aldian berrikusiko eta eguneratuko direnak.

Atzerrira irtetean sor daitezkeen zalantzak eta ziurgabetasunak desagerrarazteaz aparte, ezagunak ez diren mugikortasun-aukerak eskaintzen ditu gida honek.

13 ataletan egituratuta dago. Bakoitzean, edukien deskribapen laburra egiten da, adibideak eta aholkuak eman eta informazio gehiago eskuratzeko eta dokumentuak deskargatzeko estekak eskaini.

1.- Europar Batasunak eskaintzen dizkigun aukerak, bultzatzen dituen mugikortasun-programak azpimarratuta.

2.- EUROPAN BARRENA BIDAIATZEKO informazio praktikoa.

3.- HIZKUNTZAK. Beste hizkuntza batzuk ikasteko informazio erabilgarria.

4.- ENPLEGUA. Europar Batasunean enplegua aurkitzeko behar den informazioa eskaintzen du.

5.- PRESTAKUNTZA EB-N, BEKAK ETA PRAKTIKAK. Europako hezkuntza-esparruaren eta beste herrialde batean prestakuntza jasotzeko aukeren azalpen osoa.

6.- Curriculum Vitae-a ETA EUROPASS. Oso baliagarria ezagutzak eta konpetentziak EBn aurkeztu behar dituztenentzat.

7.- OPOSAKETAK EB-N. Europako erakundeetan lan egiteko jakingarri guztiak.

8.- BEKAK ETA PRAKTIKAK. Europako eta nazioarteko erakundeetan lan egiteko beken bilketarik handiena.

9.- OPORRETAKO LANA. Oporretan auzolandegietan, gurutzaldietan, turismo-animazioan, abentura-kiroletan edo aziendetan eta abarretan lan egiteko aukerak.

10.- 'AU PAIR'. Atzerrira au-pair gisa joateko beharrezkoa den dokumentazioa, baliabideak eta eskaintzak.

11.- EUROPAKO PROGRAMAK. Gazteen trukeak, gazteen ekimenak, parte-hartze proiektuak, Europako boluntario-lana eta abar.

12.- BOLUNTARIO-LANA, AUZOLANDEGIAK ETA GAZTEEN TRUKEAK. Boluntario-laneko, auzolandegietako eta gazteen trukeetako eskaintza biltzen du.

13.- ORGANISMOAK ETA SAREAK. Hainbat zalantza argitzen lagun diezaguketen Europako sareak eta erakundeak: gure eskubideak, tituluak nola homologatu, nola aurkitu atzerrian lana edo ikastaro bat eta abar.

 

Laguntza praktikoa eta tresna motibatzailea lortu nahi izan da gida honekin, eta, azkenik, Euskadiko gazteria-zerbitzuetan eta Gazte Informazio Sarearen bulegoetan diharduten profesionalek burutzen duten lana osatzera dator tresna hau.

Gida honen argitalpena bat dator nazioarteko mugikortasunerako tresna eta baliabideen prestakuntza-ikastaroaren hirugarren edizioarekin: Gazteen Euskal Behatokiaren ikastaro hau gazteekin lan egiten duten profesionalei zuzenduta dago. Urriaren 15ean, 16an eta 17an emango da Bilbon eta azaroaren 19an, 20an eta 21ean, Donostian. Ikastaro hauek Antonio Jesús Rodríguez Martínezek emango ditu, gidaren egileak, hain zuzen ere.

Iruzkin bat
  • @aluninet
    2012.eko azaroak 22

    Comentario de Twitter:
    El gobierno vasco presenta la "Guia destino #Europa" http://t.co/7KsFZCUU con todas las oportunidades de movilidad en la UE #estudiantes

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko