Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Arabako Industrialdeak pabilioi bat laga du Jundizen elikagaien zentro logistiko solidario bat ostatatzeko

2012.eko azaroak 16
  •  Arabako Elikagaien Bankuak 700 m²ko pabiloi bat erabiliko du erakunde eta partikularrek emandako elikagaiak biltegiratzeko
  • Ekarpen hau SPRILUR Taldearen erantzukizun sozial korporatiboko helburuen barruan kokatzen da.

 SPRI Taldean (euskal enpresa sareari laguntzeko Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko sozietate publikoen multzoan) integratuta dagoen Arabako Industrialdea, S.Ak onartu du Jundiz industrialdean (Gasteizen) kokatutako 700 metro koadroko pabilioi bat lagako diola Arabako Elikagaien Bankuari. Helburua da hobeto kudeatzea premia handiena dutenei zuzendutako elikagai soberakinen aprobetxamendua.

 Kontuan harturik gaur egun bizi dugun krisia, atzeraldi ekonomikoa eta baita ere elikagai premia duten pertsona kopuruaren hazkundea, Arabako Elikagaien Bankuko arduradunek Arabako Industrialdea, S.A.ri eskatu diote espazio bat dohainik uzteko aldi batez. Eraikin horren bitartez erraztu egingo da emaile partikularrengandik nahiz erakundeengandik jasotzen diren elikagai soberakinak biltegiratu eta banatzeko jarduera solidarioa, bide horretatik, elikagaiak benetan behar dituztenenganaino iritsiko direlako.

 Enpresa-gune hau Gasteizko hirigunetik hurbil dago, beraz, aukera emango du erakunde solidarioak Araban ematen duen zerbitzua eta egiten duen kudeaketa hobetzeko. Aurreikuspenen arabera, aurten 1,3 milioi kilo elikagai baino gehiago banatuko dituzte.

 Taldeko sozietate batek erakunde solidario bati egin dion ekarpen honek bere erantzukizun sozialeko konpromisoari eta estrategiari jarraitzen dio, helburutzat baitu hobekuntza soziala aktiboki eta boluntarioki sustatzea.

 Era berean, SPRILUR taldeak  konpromisoa hartua du duela zenbait urtetik hona bere proiektuen garapen iraunkorra, ingurumena eta energi eraginkortasuna hobetzeko eta baita ere eremu kaltetuak suspertzeko, lurzoruak deskontaminatzeko eta eraikinak birgaitzeko.

Enpresentzako beste gune interesgarri batzuk Araban

SPRI Taldearen Azpiegitura Sailak (Industrialdeak sozietateak, SPRILUR eta Teknologi Parkeak barne hartzen dituenak) 15 bat enpresa-gune sustatu ditu Araban, eta pabilioi eta bulego libreak eskaintzen ditu Amurrion, Agurainen, Lantaronen, Arana Haranean eta baita ere Jundiz industrialdean eta Gasteizko Azucarera eraikinean.

Poligono horietan eginiko inbertsioa 79 milioi eurokoa izan da guztira, eta 1.250 langile enplegatzen dituzten 232 enpresa daude instalatuta enpresa-gune horietan.

Bilbo, 2012.ko azaroaren 16

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko