Berriak Herrizaingoa
Eu

Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisuen, alerten eta alarmen sistemari buruzko azalpen-fitxa bat zabalduko du, eguraldi txarrarekin lotuta

2012.eko azaroak 15

Eusko Jaurlaritzak 334 jakinarazpen egin ditu eta guztira 320.000 mezu elektroniko bidali ditu meteorologia-abisu eta -alertekin lotuta 2012. urte honetan

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisuei, alertei eta alarmei buruzko azalpen-fitxa erraz bat egin du, eguraldi txarrarekin lotuta. Laster, azalpen-fitxa hori informazio-mota hori jaso ohi duten erakunde eta organismo publiko zein pribatu guztietara bidaliko da.

Ekimena sistemaren 954 erabiltzaileri zuzenduta dago, eta, horietatik, 171 hedabideetako profesionalak dira. Ekimenaren xedea da Eusko Jaurlaritzak gaur egun daukan semaforizazio-protokoloa (abisu horia, alerta laranja eta alarma gorria) modu laburtuan argitzea, interpretazio-zalantzarik egon ez dadin kasu bakoitzari dagozkion prebentzio- eta informazio-neurriak aplikatzeko orduan.

Halaber, fitxak modu erraz eta eskematikoan laburtzen ditu kolore bakoitzetik ondorioztatzen diren egoerak eta arrisku-mailak. Horrez gain, honako hauei buruzko datu osagarriak ematen ditu: zenbatetsitako birgertatze-aldiak, informazio-ekintzak edo larrialdi-planen balizko aktibazioa.

Jarduneko Herrizaingo sailburuordea den Raúl Fernández de Arroiabe-ren iritziz, "batzuek kritikatu egiten dute bidaltzen dugun mezu-kopuru handia, baina ekimen honekin hau azaldu nahi dugu: hori koloreko abisuen bidez, pentsatu behar dugu sarri gertatzen diren egoerak direla, eta ez daukatela arriskurik, euren lanbide- edo aisialdi-jarduera dela-eta fenomeno atmosferiko zehatz horrek sortutako ondorioekiko bereziki sentiberak izan daitezkeen pertsonentzat izan ezik".

Herrizaingo sailburuordeak hau nabarmendu du: "abisu horia ohiko fenomeno bati buruzko abisua da, eta aurrez neurri batzuk hartzea eskatzen du, baina neurri horiek ez dute alarmarik sortu behar. Izozteen adibidea argia da: Tenperatura zero graduren azpitik dagoenean, neguan ohikoa izaten dena, abisu horia ematen dugu, jendeak kontuan har dezan; horrez ez du esan nahi alerta-egoeran gaudenik".

Zentzu horretan, Fernández de Arroiabek azpimarratu du arrisku kolektiboko benetako egoerak alerta laranjako aldietan eta, bereziki, alarma gorriko aldietan gertatzen direla; egoera horiek oso gutxitan geratzen dira, eta prebentzio-neurri garrantzitsuak abian jartzea eskatzen dute, kasu bakoitzaren larritasunaren arabera.

Datuak

2012. urtean, momentuz, EAEn ez da alarma gorririk egon. Hala ere, urte honetan, guztira, 164 abisu hori eta 15 alerta laranja egon dira, kasu guztiak maila hauetakoren bat gutxienez aktibatuta egon den 143 eguneko aldian.

Egoera horiek guztiak Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak jakinarazi zituen, 954 erabiltzaileri zuzendutako 334 jakinarazpenen bidez; beraz, 320.000 mezu elektroniko inguru bidali dira.

Emandako abisu hori guztietatik (164), 68 izozteengatik izan ziren; 29 olatuengatik; 23 elurragatik; 14 tenperatura altuengatik; 9 eurite gogor edo iraunkorrengatik; 8 haizeagatik; 7 ekaitzengatik eta txingorragatik; eta 6 galernengatik.

Urte honetan izan diren 15 alerta laranjei dagokienez, 6 tenperatura altuekin lotuta egon ziren; 4 elurrarekin; 2 hotzarekin; 2 olatuekin; eta 1 haizearekin.

Informazioa hainbat bidetik ematen da: ohiko jakinarazpenak eta mezu elektronikoak, alerta laranjako edo alarma gorriko egoeretan igortzen diren prentsa-ohar espezifikoak, edota Euskalmeten web-orrialdearen  bidez zabaltzen den unean uneko informazioa. Horrez gain, Euskal Meteorologia Agentziak 10.000 jarraitzaile dituen Twitter kontu bat dauka (@Euskalmet), eta, kontu horren bidez, uneko abisuak, alertak eta alarmak ematen ditu; gainera, eguraldi txarrari eta horren bilakaerari buruzko informazio zehatza ematen du, geografia-eremuka banatuta eta denbora errealean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)