Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Eusko Jaurlaritzak 4 milioi euroko diru-laguntza emango du EAEko udalek eta tokiko erakundeek ingurumena hobetzeko egin dituzten proiektuetarako

2012.eko azaroak 15

Vitoria-Gasteiz, azaroaren 15a.- Tokiko ingurumenaren kalitatea hobetzera bideratutako 68 proiektu izan dira guztira eta 4 milioi euro inguruko laguntza jasoko dute, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren diru-laguntzen urteko Aginduaren esparruan. 

Maiatzean argitaratutako deialdi honetan, guztira 117 eskaera jaso ditugu; EAEko tokiko erakundeek, tokiko organismo autonomoek eta tokiko merkataritza-sozietateek egin dituzte eskaerak eta 159 proiektu aurkeztu dituzte.

Laguntzen diruarekin, tokiko erakundeen titulartasun publikoko lurzoruaren kalitatea berreskuratzeko eta ikerketako lanak sustatuko dira (19 proiektu, 623.942,77 €), airearen kalitatea hobetzeko jardunak eta berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioa zuzenean murrizteko jardunak sustatu (21 proiektu, 1.400.000 €) eta Euskal Autonomia Erkidegoko dibertsitate biologikoari eusten edo dibertsitate biologikoa hobetzen lagunduko da (28 proiektu, 1.681.057,23 €).

Laguntza horien helburua hiriko ingurumena hobetzea da eta, horretarako, mugikortasuna, airearen eta lurzoruaren kalitatea, dibertsitate biologikoa eta abar hobetzeko ekintzak sustatuko dira.

Kutsatutako lurzoruen ildoan, diru-laguntza jasoko duten proiektuen artetik zabortegiak berreskuratzeko proiektuak nabarmenduko ditugu. Klima Aldaketari aurre egiteko eta Airearen Kalitatea hobetzeko ekintzei dagokienez, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak murrizteko proiektuak eta mugikortasun iraunkorra sustatzeko proiektuak aipatuko ditugu. Biodibertsitatearen kontserbazioarekin loturik, habitatak leheneratzeko ekintzak eta espezie inbaditzaileak deuseztatzeko ekintzak modu positiboan balioetsi ditugu, beste hainbat proiekturen artean.

Diru-laguntza jasoko duten proiektuak gauzatuta, ingurumenean honako ondorio positibo hauek lortzea espero da:

Potentzialki kutsatutako lurzoruen ikerketari eta leheneratzeari dagokionez, guztira 18,29 hektareatan jardungo da. Azalera horren % 88,46an ikerketako proiektuak gauzatuko dira eta lurzoru horren % 11,54 (2,1 ha) baino ez da leheneratuko. Ikertu beharreko azaleraren kasuan, aurreikuspenen arabera ia 9 hektarea hiri-erabilerarako izango dira eta leheneratutako azaleraren % 100 ere bai.

Atmosferaren atalean, garraio publikoaren erabilera bultzatu eta ibilgailu pribatua erabili gabeko bestelako joan-etorriak sustatzen dituzten ekintzen ondorioz, partikulen emisioan urtean 590 kg-ko murrizketa izatea espero da. Bestalde, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioan guztira 1546 t CO2eq/urte-ko murrizketa izango da.

Bukatzeko, biodibertsitateari helduta, ibarbasoen kasuan 30 km lineal eta 10 hektarea baino gehiago hobetuko direla espero da eta, baso autoktonoaren kasuan, 150 hektarea baino gehiago leheneratu eta onbideratuko dira. Horretaz gain, padurak eta hezeguneak leheneratzeko lanak ere egingo dira 20 hektareatik gorako eremuan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)