
Lehendakariak plaka bat ezarri du “Alfredo Espinosa ospitalea” izenarekin Urdulizen eraikitzen ari den ospitalean
Patxi López lehendakariak plaka bat ezarri du “Alfredo Espinosa ospitalea” izenarekin Urdulizen (Bizkaia) eraikitzen ari den ospitalean, horrela deituko baita ospitale hori Agirre lehendakaria buru izan zuen lehendabiziko Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuaren ohoretan.
Ekitaldia Urdulizeko Marusas auzoan izan da eta bertan izan dira Alfredo Espinosaren senide hurbilenak, Idoia Mendia, Herrizaingo, Justizia eta Administrazio sailburua eta Rafael Bengoa, Osasun eta Kontsumo sailburua.
Mediku errepublikanoa
Alfredo Espinosa Orive medikua zen lanbidez, eta Partido Republicano Radical Socielista alderdiko eta, ondoren, Unión Republicana alderdiko sortzailea eta burua izan zen. II. Errepublikan, Bilboko Udaleko zinegotzia izan zen, Burgosen eta Logroñon gobernadore zibila, eta, era berean, Jose Antonio Agirre lehendakari zuen lehenengo Eusko Jaurlaritzako Osasun arloko sailburu hautatu zuten. Espinosa izan zen errepresio frankista jasan zuen gobernu hartako sailburu bakarra. Zarautzen atxilotu zuten 1937ko ekainaren 21ean, eta Gasteizen hil zuten, bost egun geroago.