Berriak Herrizaingoa
Eu

Arkautek ''Larrialdietan esku hartzen dutenentzako eskuliburu psikosoziala'' argitaratu du

2012.eko azaroak 14

Arkautek ''Larrialdietan esku hartzen dutenentzako eskuliburu psikosoziala'' argitaratu du

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ''Larrialdietan esku hartzen dutenentzako eskuliburu psikosoziala'' liburua argitaratu du. Larrialdi bat dagoenean esku hartzen duten zerbitzu ezberdinak osatzen dituzten kide guztiei zuzenduta dago liburu hori. Argitalpen honek profesional horien prestakuntza osatuko du funtsezkoa den alderdi batean: arreta psikosoziala emateko gaitasuna. Argitalpen honek ordeztu eta eguneratu egiten du aurreko liburua, ''Esku hartze psikologikoa larrialdi eta hondamendi egoeretan'' izenekoa. Liburu hori Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzak argitaratu zuen 2000. urtean, eta erreferentziazko eskuliburu aitzindaria izan zen Espainia mailan, larrialdiak kudeatzeko arloan.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak argitaratutako lanaren xedea da larrialdietako profesionalei beharrezko prestakuntza ematea, laguntza psikosozial egokia emateko gai izan daitezen ezbeharren bat gertatzen den unean, horrela, kaltetutako pertsonek ezbeharraren ostean jasan ditzaketen ondorio txarrak saihesteko edo, gutxienez, arintzeko. Arreta psikosozialari buruzko prestakuntza praktikoaren eskuliburuetan dagoen hutsunea bete nahi du, urteetan arlo honetan erreferentziazko eskuliburua izan den "Esku hartze psikologikoa larrialdi eta hondamendi egoeretan" argitalpena zaharkituta geratu eta gero.

"Larrialdietan esku hartzen dutenentzako eskuliburu psikosoziala" prestatu eta idazteko lanean, larrialdietako arreta psikologikoaren arloko hainbat euskal espezialistak lagundu dute: Juan María Urruzuno, Euskal Gurutze Gorriko lurralde-arduraduna eta psikologo aditua hondamendi-egoeretan (martxoaren 11ko atentatua, Spanair-en istripua Barajasen, etab.); Isabel Espinosa (Psikologoen Bilboko Elkargoko eta Bilboko suhiltzaileen parkeko prestakuntza-arloko kidea); Rosa Izquierdo, NBEko psikologo laguntzailea jarduera postraumatikoetan (eremu-esperientzia dauka Haitiko lurrikaran, etab.); eta Consuelo de la Puerta, Arkauteko Ikastegiaren Psikologia Arloko arduraduna.

Lanean jasotzen den bezala, profesionalak profesionalizatzeak, prestatzeak eta gaitzeak, bai eta arlo horretan unitate espezializatuak sortzeak ere, esku hartzean eraginkortasun hori bermatzeko balio behar du. Arreta psikosoziala larrialdien kudeaketako ezinbesteko alderdi bezala ezartzen duten azterlan ugarik hori babesten dute. Lanean azaltzen denaren arabera, laguntza psikologikoaren onura har dezaketen pertsonak hiru taldetan banatzen dira: egoera traumatikoak kaltetutako pertsonak, boluntarioak eta esku-hartzeetan parte hartzen duten taldeetako kideak.

Osasun publikoaren arloan, prebentzioak hiru forma hartu ohi ditu: Lehen mailako prebentzioa, nahasmenduen eragina txikitzera zuzendutakoa; bigarren mailakoa, ezbeharren eragin kaltegarriak murrizteko; eta hirugarren mailakoa, kalteak a posteriori konpontzeko xedea duena. Esku hartze psikosoziala bigarren mailako prebentzioaren barruan sartzen da, subjektua krisi-egoeran dagoenean egiten delako.

Krisi-egoeran eginiko esku-hartzea biktimari laguntzeko egiten den prozesua da, ezbehar traumatiko bati aurre egiteko orduan, ondorio kaltegarriak izateko probabilitatea txikitzeko. Prozesu hori bi fasetan banatzen da:

Esku hartzen duten lehenengo pertsonek ematen duten lehenengo esku-hartzea edo lehenengo laguntza psikologikoa; denbora gutxi irauten du (minutuak edo orduak). Laguntza hori, batzuetan, modu inkontzientean ematen da, laguntza psikologikoa ematen ari garela ia konturatu gabe; hala ere, laguntza horrek ondorio positiboak ditu biktimen oreka berreskuratzeko orduan, eta, horregatik, profesionalen prestakuntza-programetan sartzea komeni da.

Eta bigarren esku-hartzea edo krisi-terapia; krisiaren irtenbide psikologikoa errazten du. Horren iraupena luzeagoa da (asteak edo hilabeteak), eta krisietan esku hartzeko tekniketan ezagutza espezifikoak dituzten terapeutek ematen dute.

 

"Larrialdietan esku hartzen dutenentzako eskuliburu psikosoziala", Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia. Edizio elebiduna, 80 orrialde hizkuntza bakoitzean. Lana honako hauetan eskura daiteke: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzuan (www.euskadi.net/argitalpenak), banatzaile baimenduetan (Elkar eta Egartorre), eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian bertan. PSP: 12 euro.

Hedabideak:

Liburuari buruzko informazio gehiago jaso nahi duten edo egileekin elkarrizketak kudeatu nahi dituzten hedabideetako profesionalak harremanetan jar daitezke Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saileko prentsa-zerbitzuarekin: 94-6079282 telefono-zenbakian, edo helbide honetan:  prensa@ertzaintza.net

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko