Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Nigel Barlow-k, berrikuntzako mundu mailako adituak, beren negozio ereduak birpentsatzeko gonbita egin die euskal ETEei

2012.eko azaroak 12
  • Enpresa munduko 700dik gora exekutibo eta zuzendaritza-kargu elkartu dira gaur XI. Business Global Conference-n, hots, Barakaldoko BEC-en egin den berrikuntzako erreferentziazko kongresuan.
  • Kongresuan zenbait enpresa arrakastatsuren -hala nola, Starbucks, Aquarius eta Pasaban euskal enpresa- esperientziak azaldu dira.
  • Bernabé Unda Industria sailburuak inauguratu du ekitaldia, zeina Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak antolatzen duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen barruan kokatzen baita.

Nigel Barlow-k, berrikuntzako mundu mailako adituak, beren negozio ereduak birpentsatzeko eta, bide horretatik, beren lehiakortasuna hobetzeko esan die euskal ETEei SPRI Taldeak (euskal enpresa sareari laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publiko multzoak) antolatutako eta enpresa berrikuntzan espezializatutako Business Global Conference (BGC+i) kongresuaren inaugurazioan.  Oraingo hau kongresuaren XI. edizioa izan da eta BECen egin da. Bernabe Undak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak,  inauguratu du ekitaldia.

Bere hamaikagarren edizio honetan, kongresuak enpresa munduko 700dik gora exekutibo eta zuzendaritza-kargu elkartu ditu. Urtean behin antolatzen den ekitaldi hau derrigorrezko hitzordu izatera iritsi da eta elkargune bihurtu da berrikuntzako eragile aktiboentzat, enpresarientzat eta zuzendaritza-kargu berritzaileentzat. Kongresuaren helburua da ideia berriak eta esperientziak partekatzea, gaur gauzak ezin direlako atzo bezala egin.

Bernabé Undak bere hitzaldian azpimarratu du euskal enpresek lorpen handiak erdietsi dituztela berrikuntza bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren politiken markoan: "Inbertsioak %2 baino handiagoa izaten jarraitzen du, %2,04an baitago. Euskadi aitzindaria da Europan I+G arloan. Oso aurrean gaude berrikuntzan. Badakigu aldatzen. Badakigu beste batzuetatik bereizten eta gure produktua desberdintzen". Aipatu du enpresek eurek "markatzen dutela bidea".

Sailburuak argi azaldu du euskal enpresek ibilbide bikaina egin dutela berrikuntzan, eta +Innova txekea (Euskadiko berrikuntza abiarazteko programa bat) jarri du adibide bezala, ikaragarri aldatu baita. Izan ere, euskal enpresek gehiago jotzen dute "zerbitzu aurreratuentzako eta berrikuntzarako laguntzetara eta ez hainbeste  produktuentzako  edo prozesu eraldaketako tradiziozko diru-laguntzetara". 

I+G+b teknologikoaren arloan, sailburuak esan du 1.226 euskal enpresak garatutako 2.969 proiektu babestu direla. Berrikuntza ez teknologikoaren arloan, Euskadik 2.668 enpresaren 4.924 proiektu sustatu ditu. Enpresek IKTen aldeko apustua egin dute eta 1.600dik gora enpresak 4.457 proiektu garatu dituzte.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi Sustapeneko Inmanol Pradales diputatuak, ekitaldian SPRI Taldeko zuzendari nagusi Tomás Orbearekin batera parte hartu duenak, nabarmendu du lehiakortasunaren lasterketan garrantzitsuena ez dela enpresaren tamaina, baizik eta "bere malgutasuna, gertakariei aurre hartzeko duen abilezia, azkartasuna eta pertsonen eta zuzendaritzako taldeen jarrera, helburutzat harturik gero eta gorago eta urrunago joatea".  

Nigel Barlow-k zuzendutako hitzaldiaren aurkezpenean Telefónicako marketineko gerente José Luis Feliz-ek esan du bere konpainiak kongresu honen aldeko apustua egin duela eta baita ere aipatu du garapenerako aukerak sortzen direla gero eta interkonektatuago dagoen mundu honetan.

Bilbora lehenengoz etorri den Nigel Barlow-k, Re-Think liburuaren egileak eta European Tom Peters Company enpresaren fundatzaileak, giltzarriak eman dizkie BGC+i-ra etorri direnei beren erakundeetan birpentsatzearen teknika aplika dezaten.  Nigel Barlow-ren iritziz, "mundu guztia gai da birpentsatzeko eta interesgarria da ikustea nola bankuak bezalako erakunde tradizionalak beren nortasuna birpentsatzen ari diren". Ikuspegi horren ideia nagusia da  beti inguruan dugula sormena, gure burmuin barruan dagoela, baina batzuetan eguneroko bizimoduak, errutinek eta eskema finkoek eklipsatu egiten dutela.

Bestalde, kongresuan  pentsatzeko, lehiatzeko eta aritzeko modu desberdin bat arrakastaz gauzatu duten enpresen esperientziak azaldu dira. Starbucks eta bezeroaren arretarako bere eredua; Aquarius eta «Déjate adoptar por un pueblito bueno» bere onlineko kanpainaren arrakasta; Pasaban, mundu osoko billeteen %90 ebakitzen duen euskal enpresa; Inauxa, naizoartekotzeari saria; Thyssen eta Alemaniako enpresa eredua.

"Egizu desberdin, arinago, urrunago, berritzaileago" lelopean, ekitaldi hau Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak antolatzen duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen barruan kokatzen da. Aurten kongresuak inor epel utzi ez duen proposamen bat aurkeztu du, eta helburutzat hartu du pentsatzeko, lehiatzeko eta aritzeko modu desberdin bat sustatzea.

Iruzkin bat
  • @clubdeinnovacio
    2012.eko azaroak 15

    Comentario de Twitter:
    @expopyme2012 #expopyme2012 @eoi @redepyme Nigel Barlow invita a las pymes a repensar sus modelos de negocio. http://t.co/Rj93kU8W

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Tomás Orbea; Imanol Pradales