Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Azaroaren 14ko greba orokorrerako gutxieneko zerbitzuak

2012.eko azaroak 12

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak datorren asteazkenerako, azaroak 14, ESK, CCOO, UGT, LSB-USO eta CGT sindikatuek deitutako greba orokorrean gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak emango direla bermatzen duen Agindua jakinarazi du gaur. Lanuzte horrek Euskal Autonomia Erkidegoko langileen eta funtzionarioen jarduera guztietan eragingo du.

Greba egiteko eskubidea herritarren gainerako funtsezko eskubideen kontrakoa izan daitekeenez, eta Konstituzioaren 28. eta 37. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera, Erkidegoko funtsezko zerbitzuak betetzeko neurriak hartu behar dira, auzitan dauden eskubideetako bat bera ere edukirik gabe gera ez dadin. Horregatik, Administrazioak gutxieneko zerbitzuak ezarri beharra dauka, agindu horren bidez:

1.- Osasun-zerbitzu publikoak nahiz pribatuak ematen dituzten enpresek eta erakundeek honako zerbitzu hauek bermatu beharko dituzte:
a.- Ospitaleak: alta medikoak, larrialdiak, sukaldea, janari-banaketa eta ospitaleratutako gaixoak behar bezala zaintzea. Aurrez zehaztu diren eta geroraezinak diren tratamendu onkologikoak eta dialisi-prozesuak ere mantenduko dira; horretarako, jaiegunetan lan egin ohi duten langileek jardungo dute. Horrez gain, aurrez zehaztutako eta atzeratu ezin diren dialisi-prozesuak eta tratamendu onkologikoak emango dira.
b.- Lehen mailako arreta: larunbat bateko lanaldiari dagozkion zerbitzuak eta ohiko ordutegia; horretarako, 2012ko azaroaren 14rako aurreikusitako langileek jardungo dute.
c.- Larrialdi-zerbitzuak eta atentzio iraunkorreko guneak (AIG/PAC): % 100.
d.- Call Center zerbitzuan, langileen % 50, hau da, 7 administrari laguntzaile goizeko txandan eta 3 arratsaldekoan.
e.- Gutxieneko zerbitzu horiek nahitaez bete beharko dira, deialdiarekin bat, bezperako gaueko txanda hasten denetik, hau da, azaroaren 13ko 22:00etatik.


2.- Garraio sanitarioaren sektoreko enpresek honako hauek beteko dituzte:
a) Larrialdi-zerbitzuak. Larritzat hartuko da koordinazio-zentro batek eskatzen duen edo mediku-ziurtagiri baten bitartez egiaztatzen den garraio sanitarioa.
b) Hemodialisi- eta onkologia-tratamenduetarako eta eguneko ospitalerako programatutako garraioa, baita ospitale arteko larrialdiko garraioa eta Basurtuko ospitalean gertatzen diren larrialdi-garraioak ere, baldin eta: a) mediku-ziurtagiriaren bitartez egiaztatzen bada, b) ospitalean zerbitzu hori egiteko langilerik ez badago, eta c) ohatila erabili behar bada. Era berean, ohatila erabiltzea eskatzen duten ospitaleko altek eragindako eta mediku-ziurtagiriarekin egiaztatzen den garraioa.
c) Odolaren eta hemoderibatuen garraioa.
d) Telefonia-zerbitzua, zerbitzu hori normalki egiten duten langileen % 25ek egin beharko du.
3.- Udal-hilerrietan, horretarako ezinbestekoak diren langileekin, hilobiratze- eta/edo errausketa-zerbitzua mantenduko da, soilik hori egitea ezinbestekoa denean eta horretarako alternatiba bideragarririk ez dagoenean.
4.- Herri Administrazioetako bide-segurtasuneko zerbitzuak eta larrialdiei aurre egiteko zerbitzuak (SOS DEIAK, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak eta komunikazioak, errepideen mantentzea eta larrialdiak urtegi, ibai eta mendietan, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa, eta abar) eta Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren komunikazio- eta informatika-arloa, jaiegun batean izan ohi dituzten langileekin egingo dira.
5.- Egoitza geriatrikoetan eta eguneko zentroetan, baita mendetasun- edo desgaitasun-mailaren bat duten pertsonak barnean hartzen dituzten bestelakoetan ere, zuzeneko arretako zerbitzuak mantenduko dira, zuzeneko arreta hori gauzatzen duten langileen % 50ekin, goizeko 08:00etatik 10:30era bitarte eta 20:00etatik 22:00etara bitarte izan ezik, eta janaria emateko ohiko ordutegian izan ezik; azken kasu horietan, ehuneko hori % 10 handituko da. Era berean, gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen da langile sanitarioen eta sukaldeko langileen % 50. Pertsona bat baino gutxiago bada % 50 hori, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu. Gaueko txandan, hori betetzeko pertsona bat baino gehiago duten zentroetan, 2 pertsonak lan egingo dute gutxienez. Era berean, eguneko zentroetara joaten diren mendekoen garraio berezia bermatuko da, zentro horietara joateko desplazamenduak (aurreko paragrafoan aipatutako ezinbesteko zerbitzuak jaso ahal izateko) ezin badira bestelako garraiobideen bitartez egin, eta/edo horiek ez badaude haien mugikortasun ahalmenera egokituta.
6.- Adingabeen egoitzetan, etxebizitza komunitarioetan, esku-hartze sozialerako zentroetan eta Ibaiondo Ikastetxean, lanegunetako zerbitzuak mantenduko dira. Era berean, Etxez Etxeko Laguntza eta Telelaguntza sektoreetan, erabiltzaileen zuzeneko arretako oinarrizko premiak estaltzeko zerbitzuak mantenduko dira, lanegun batean bezala.
7.- Irakaskuntza-zentroetan ondoren adieraziko diren zerbitzuak emango dira, honako langile hauekin:
a) Unibertsitatez kanpoko hezkuntza arautua, publikoa, itunpekoa eta pribatua: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro Publiko bakoitzeko: zuzendaritza-taldeko pertsona 1 eta mendekoen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.
b) Haurreskolak Partzuergoa eta udal-titulartasuneko haurtzaindegiak: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro bakoitzeko koordinatzaile 1, edo ordezkatuko duen pertsona 1.
c) Euskal Herriko Unibertsitatea: Zentroetarako eta haiei lotutako eraikinetarako sarrera-kontrola bermatzeko: zentro bakoitzeko eta/edo lotutako eraikin bakoitzeko atezainen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsaldekorako.
d) Goi Mailako Musika Ikastegia, MUSIKENE, eta udal-titulartasuneko musika-eskolak: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, atezainen plantillako pertsona 1 lotutako hiru eraikinetako bakoitzerako eta goizeko eta arratsaldeko txanda bakoitzerako.
8.- Osotasun fisikoa mehatxupean dutenen segurtasun pertsonala bermatuko du zerbitzu horiei atxikitako pertsonalaren % 50ek, baldin eta beharrezkoa bada mehatxatuen oinarrizko eskubideetarako.
9.- Bidaiarien errepideko garraio erregularreko, trenbide-garraioko eta kable eta ur bidezko garraioko enpresek, lanegunetako ohiko zerbitzuaren % 30en baliokideak diren zerbitzuak eta maiztasunak mantenduko dituzte, arreta berezia eskainiz lanera sartzeko eta handik ateratzeko ordutegiei. Greba hasi aurreko orduetan hasten diren zerbitzuek, horrelakorik egonez gero, ohiko ibilbidea amaitu arte jarraitu beharko dute. Era berean, aginteko, koordinazioko, kontroleko eta segurtasuneko zerbitzuak mantendu behar dira garraiobideetan, zerbitzu horietako lanpostu bakoitzeko eta txanda bakoitzeko pertsona batekin.
10.- Ordainpeko autobide eta tuneletan, azpiegitura segurtasun-baldintza egokitan eta jaiegunetako langileekin funtzionamenduan egongo dela bermatuko da. Ordainketa-zerbitzua langileen % 30ekin artatuko da puntako orduetan (06:30etik 09:30era eta 17:30etik 20:30era) eta langileen % 15ekin gainerako orduetan. Ehuneko horiek kasuren batean pertsona bat baino gutxiago badira, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu.
11.- Errepideen mantentzea jaiegun bati dagozkion langile eta zerbitzuekin mantenduko da.
12.- EAEko gasolina-zerbitzuguneen % 20an funtzionamendua bermatuko da. Lurralde bakoitzeko sektoreko patronalak erabakiko du zeintzuk izango diren, Greba Batzordeari nahitaez entzun ondoren.
13.- Energia elektrikoa produzitu eta hornitzeaz, gasa produzitu eta hornitzeaz eta ura araztu eta hornitzeaz arduratzen diren enpresek eta organismoek zerbitzuaren mantentzea bermatuko dute, jaiegun bati dagokion langile kopuruarekin.
14.- Telekomunikazio-enpresetan, mantentze-lanak egiteko, jaiegunetan langile-talde horretan lan egingo luketen langileek lan egingo dute.
15.- Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB) enpresan, bermatu beharreko zerbitzuak soilik eguneroko albistegiak dira, haien ohiko ordutegian.
16.- Administrazio publikoak. Hiru lurralde historikoetako hiriburuetan dokumentuak erregistratzeko zerbitzuek ere zerbitzua eman beharko dute, ZUZENEAN zerbitzuaren bidez, ondoko egoitzetan: Araban: Eusko Jaurlaritza, Donostia kalea, 1, Gasteiz; eta Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak dituen lurralde-ordezkaritzetan: On Diego Lopez Haroko Kale Nagusia 85, Bilbo, eta Andia kalea 13, Donostia. Gutxienez langile batek lan egingo du egoitzako eta txandako.
17.- Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, EJIE. Jaiegunetako pertsonala egongo da, hau da, operadore bat txandako.

Ahal dela, zerbitzu horiek greba egin behar ez duten langileek emango dituzte, ezarritako gutxieneko zerbitzuak langile horiekin bete ezin direnean izan ezik. Langileen ordezkariei entzun eta gero, enpresetako nahiz administrazio publikoetako zuzendaritzak izendatuko ditu langileek bete beharreko eginkizunak. Nolanahi ere, agindu horretan eta indarrean dauden legeetan ezarritako mugak errespetatu beharko ditu.
Agindu horren aurreko idatz-zatietan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kanpokotzat joko dira eta haiek egiten dituztenak erantzule izango dira, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.

Aginduaren eduki osoa gaur agertu da argitaratuta EHAAn.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan