Berriak
Eu

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela-eta,"Beldur Barik" topaketak gazteentzako jaialdia egingo du Artium museoan

2012.eko azaroak 12

‘Beldur Barik’ urtean zehar garatutako programa integrala da, eta era guztietako jarduerak zein baliabideak eskaintzen ditu, euskal gazteei euren harremanetan indarkeria sexista prebenitzen eta gainditzen laguntzeko.

2012ko ‘Beldur Barik’ Topaketa Vitoria-Gasteizko Artium Museoan egingo da azaroaren 24ko arratsaldean (larunbata). Horrela, bada, euskal udalerrietan gazteekin garatutako lan-plan biziari emango zaio amaiera. Lan-plan hori, hain zuzen ere, udalek eurek, ikastetxeek eta tokian tokiko gaztelekuek bultzatu dute, eta, horrez gain, zuzen-zuzenean ere parte hartu dute bertan.

Azaroaren 25ean (Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna), ‘Beldur Barik’ Topaketak berriro ere bat egingo du euskal erakunde guztiek berdintasunaren alde eta indarkeria sexistaren aurka egindako aldarrikapenarekin. Ekimen horretan, “puntu lila” (kanpainako sinboloa) jarriko da udalerrietan, eta Azaroaren 25eko Adierazpen Instituzionala irakurriko da udaletan, foru aldundietan eta Eusko Jaurlaritzan.

Beldur Barik programako lan-plana Berdinsarearen beraren esparruan adostu da, eta, bertan, berdintasunaren alde atxikitako eta koordinatutako 57 euskal udaletako teknikariek parte hartzen dute. EUDELetik, Berdinsarearen egoitzatik, ekintzen plangintza eta diseinua egiten da, honako hauexen koordinazio zuzenaren pean: Emakunde - Emakumeen Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriako Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza eta Arabako, Bizkaiko zein Gipuzkoako foru aldundiak. Programa horretan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta EITB komunikazio-taldeak ere parte hartzen dute.

‘2012ko Beldur Barik Topaketa’ Jaialdia

Azaroaren 24ko arratsaldean (larunbata), Vitoria-Gasteizko Artium Museoan egingo da “2012ko Beldur Barik Topaketa”. Jai-giroko topaketa da, eta honako hauxe du helburu nagusia: Beldur Barik programak garatutako jardueren emaitza eta Euskadin berdintasunaren alde lan egiten duten elkarte zein taldeen zeregina ezagutzera ematea eta agerian jartzea.

Ekitaldia bera esperientziak, informazioa eta prestakuntza trukatzeko plataforma izango da, eta zenbait udalerritako neska-mutilen arteko sareak sortzeko aukera ere eskainiko du.

"Topaketa" 16:30ean hasiko da, eta egitarau oparoa eskainiko da bertan: autobabeserako tailerrak, komikien eta ikus-entzunezkoen sorrera, musika-ekitaldiak, Beldur Barik lehiaketako sarien banaketa eta lehiaketara aurkeztutako lanen ikustaldia.

"2012ko Topaketa" egitaraua. Azaroaren 24a, larunbata. Artium Museoa.
* Hiru lurraldeetan, doako autobusak jarriko dira, jendea ekitaldira eramateko eta itzultzeko:
•    Ongietorria eta batukada. Perkuneskak Emakumeon Elkartea.
•    16:30 - 19:30. Aldi bereko tailerrak:
-    Gorputza: tailer misto honetan, gazteek euren gorputza eta gainerakoen gorputzak nola ikusten dituzten landuko da.
-    Ikus-entzunezkoak: tailer misto honetan, mugikorraren bidez bideoak egiten ikasiko dute. Era berean, ikus-entzunezko tresnek kontzientziatzeko, zabaltzeko, kritikatzeko, urratzeko... daukaten botereari buruz ere hausnartuko dute.
-    Komigintza: saiakuntzazko tailer misto honetan, komikiak egiteko teknikak ikasiko dituzte, Beldur Barik jokabideei buruz hausnartzen duten bitartean.
-    Autobabesa: neskentzako tailer honetan, eraso sexistak igartzen eta aurka egiten irakatsiko diete.
•    19:30. Luncha eta parte-hartzaileekin batera garatutako ekintza kolektiboa.
•    20:00 - 22:00. Beldur Barik lehiaketako sarien banaketa eta antzerki/musika/performance ikuskizuna.

Topaketan bertan, emakumeek musikan duten partaidetzari buruzko Emarock proiektuaren erakusketa egingo da.

"2012ko Beldur Barik" lehiaketa

Lehiaketa honetan, gazteek euren mezuak adierazteko aukera dute bideo-sorkuntzaren bidez. Horrela, bada, gizon eta emakumeen estereotipo tradizionalak utzi ditzakete alde batera, eta berdintasunean nahiz autonomia pertsonalean oinarritutako jarrerak islatu ditzakete.

Lehiaketaren hirugarren edizio honetan, 12 eta 26 urte arteko gazteek banan-banan edo taldean egindako 131 bideo aurkeztu dituzte guztira. Euretatik, 76 lan aurkeztu dira lehenengo kategorian (12-17 urte); eta 55, bigarrenean (18-26 urte).

Azaroaren 24an, lan irabazleak zein diren jakinaraziko da ‘Beldur Barik Topaketako’ sari-banaketan. 1.000 euroko bi sari emango dira adin-kategoria bakoitzeko. 300 euroko hirugarren saria, ordea, jendeak beldurbarik.org web orrian emandako botoen bitartez erabakiko da. Bertan, hain zuzen ere, lan guztiak daude ikusgai.

Neurri handi batean, lehiaketa hau euskal gazteen artean sendotu da, udalek eurek bete-betean bultzatu eta sustatu dutelako. Aurton, hiru lurraldeetako 51 udalerritako lanak aurkeztu dira, eta udalerri horietako biztanleen kopurua desberdina izan da: hiru hiriburuak, udalerri ertainak eta 2.000tik behera biztanleko udalerri txikiak.

Era berean, egiaztatu da ikastetxeetan eta tokian tokiko gaztelekuetan (barrutiko udaltegiak, gazteguneak, topalekuak...) taldean egindako lan gehiago aurkeztu direla, irakasleen eta astialdiko begiraleen inplikazio zuzenari esker.

Aurton, formatu bakarra bideoa izan bada ere, zenbait diziplina artistiko egon dira aukeran. Adierazpide erabiliena fikziozko film laburra izan da, baina honako formatu hauek ere jaso dira: abestiak, bideoklipak, bideo-sorkuntza artistikoak, dantza-piezak, lipduba, spotak...

Beldur Barik programaren tokian tokiko bultzada


Bestetik, aurton, udalek eurek garatutako ekimenak sustatu dira; esate baterako, udalek eurek tokian tokiko lehiaketak eta sariak edo eztabaidak eta tailerrak antolatu dituzte, gazteak Beldur Barik programako helburuetara hurbildu daitezen.

Horrez gain, euskal udalek ere bete-betean parte hartu dute Beldur Barik! programaren esparruan garatutako ekintzetan. Esate baterako, joan den larunbatean, aldi bereko flashmoba egin zen hiru euskal hiriburuetan, edo zenbait udalerritan egindako horma-irudien bidez “puzzle” moduan osatutako komiki kolektiboa sortu zen (‘Komiki Mundiala’).

Era berean, programa bera hezkuntzaren eta irakaskuntzaren arlora ere hedatu da, ikastetxeetako irakasle eta ikasleentzako baliabide pedagogikoen gida didaktikoa egitean.

Aurreko urteetan bezala, programaren beldurbarik.org webgunea eta sare sozialak (Facebook, Twitter eta Tuenti) izan dira gazteekin komunikatzeko eta zabaltzeko kanal nagusiak. Horren adierazgarri, eta, orain arte, programaren atari ofizialean, 100.000 bisitaldi jaso dira, 2011ko irailean webgunea abian jarri zenetik. Berriro ere, programako helburuekin lotune zuzena daukaten gai interesgarriei buruzko eztabaida bizien, albisteen, erreportajeen eta elkarrizketen lekuko izan dira sare horiek.

 

Iruzkin bat
  • @NovoAinhoa
    2012.eko azaroak 12

    Comentario de Twitter:
    Beldur-Barik topaketa, siempre hay que aprender http://t.co/Kipgi0QT

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)