Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadik terrorismoaren biktimak gogoratzen ditu Memoriaren Egunean

2012.eko azaroak 10
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Lehendakariaren arabera, Memoriaren Egunak “etorkizun desberdin bat eraikitzeko” balio behar du

Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak, Indoia Mendiak, Terrorismoaren Biktimen Arretarako Bulegoaren zuzendari Maixabel Lasarekin batera, lore-eskaintza bat egin du gaur goizean Euskadiko Polizia Ikastegian, Arkauten (Gasteiz), ETAk hil dituen Ertzaintzako agenteen eta udaltzainen oroimenez, Memoriaren Eguna dela eta.

Egun hau “terrorismoaren biktimen memoria etorkizun baketsu baten erreferente bihurtzeko" da, azaldu du Mendiak.

Arkautekoa izan da Memoriaren Eguna dela-eta egin den lehenengo ekitaldia, eta bertan izan dira hildako agenteen senide eta lagunak. Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio sailburuak hildako guztien izenak gogoratu ditu, banan-banan.
Ajuria Enea izan da terrorismoaren biktimak gogoratu diren bigarren lekua. Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza handi batek, Patxi López lehendakariaren buruzagitzapean, omenaldia egin die biktimei duela urtebete Ajuria Enean “askatasunaren sinbolo” gisa landatu zen zuhaitzaren inguruan.

Lehendakariaren hitzetan, Memoriaren Egunak “iraganera egia ikusiz begiratu behar du; baina, ororen gainetik, etorkizun desberdin bat eraikitzeko balio behar du”, eta etorkizuna "ezin da iraganeko erantzukizunak ezkutatuz eraiki", erantsi du. “Ez ditugu hilketaz eta mehatxuz betetako hainbeste urte ezkutatuko, eta ez dugu talde terrorista baten eskutik eta herritarren sektore garrantzitsu baten txaloarekin euskal gizartearen zati batek jasan zuen etengabeko erasoa ahazterik nahi”, azpimarratu du Lópezek.

Lehendakariak “egia eta memoria” aldarrikatu ditu; “izan ere, egia eta memoria gabe ezinezkoa izango da gure azken garaiko historiaren ziklo beltz hau zuzentasunez itxi”.
Lópezek kritikatu duenez, gaur, “batzuek hainbat hamarkadako terrorismoaren ondorioz gure hildakoak ondratzen ditugun bitartean, beste batzuek Baionan ETAko presoen aldeko manifestazio batean parte hartzen dute. Betiko joko bikoitza da. Esku batekin biktimak aintzatesteko keinu txikiak egiten dituzten bitartean, beste eskuarekin biktimagileen bizkarra laztantzen jarraitzen dute”. Patxi Lópezek “kartzela-politika desberdin baten beharrari buruz” hitz egiteko aukera onartu du, baita “demokraziara igarotzeko nahitaezko prozesua burutzeko denbora gehiegi behar izan zuten Estatuaren egituren ondoriozko beste biktima batzuei buruz” ere, “baina sufrimenduak parekatu gabe eta su egin zutenen eta su egitera bultzatzen zituztenen erantzukizunak arindu gabe”, esan du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)