Euskadiko Lehen Jasangarritasun Txostena aurkeztu dute
Euskadiko 300 eragile sozioekonomiko inguruk parte hartu dute gaur goizean Bilbon egindako Euskadiko Garapen Jasangarriaren 2012ko Foroan. Bertan, EcoEuskadi 2020 Garapen Jasangarrirako Estrategia abiarazi ondoren jasangarritasun arloan egindako lehen jarraipen-txostena aurkeztu dute.
Eusko Jaurlaritzak iazko uztailean onartu zuen EcoEuskadi 2020; ekimen integral eta aitzindari honek 2020. urterako helburu estrategikoak finkatzen ditu jasangarritasunaren ikuspegitik, Europa 2020 Estrategiarekin zein arlo horretan foru-aldundiek eta Tokiko Agenda 21ek Euskadiko udalerrietan garatutako politikekin bat.
Politika publikoetan jasangarritasuna txertatzeak hainbat arlotan zer-nolako aurrerapenak izan dituen aztertu dute foroan, esaterako: osasunean, lurraldearen antolamenduan, mugikortasunean edota energian. Lan horri esker, Europako Batzordeak Euskadi eskualde aurreratua dela aitortu du, Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak gogora ekarri duenez.
Hasierako hitzaldian, lankidetza «bost mila lagun baino gehiagok osatutako EcoEuskadi komunitatearen nortasun-ezaugarria» dela nabarmendu du Unzaluk, «behetik gorantz eraikitako estrategia batean, hain zuen, garapen jasangarriko eredu baterantz aurrera egiteko». Hori horrela izanik, sailburuak gogoratu duenez, Ingurumenari buruzko Nazio Batuen Munduko azken Konferentziak, ekainean Rio de Janeiron egindakoak, nabarmendu zuen jarduera jasangarri oro herritarren eskaeratik eraiki beharra dagoela, eta, hori gogoan izanik, «Euskadi jasangarria» balio eta prestigio handiko ezaugarri gisa proiektatzera animatu du.
Ebaluazio-txostena aurkezteaz gain, Euskadiko Garapen Jasangarriaren 2012ko Foroan Europan ekonomia berdea eta inklusiboa praktikan aplikatzeari buruzko hitzaldia ere izan da, Ariadna García-Prado Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomiako doktorearen eskutik. Halaber, «Garapen Jasangarriaren Aurrerapenak eta Erronkak» gaiari buruzko mahai-ingurua ere egin dute; bertan ikastetxeen, lanbide-heziketaren, GKEen, enpresen eta udalerrien ordezkariek hartu dute parte.
Foroa amaitzeko, herritarrek sustatutako Eko-Iraultza Arduratsua ekimena abiarazi dute, Euskadiko jasangarritasunaren kultura sendotzeko asmoz. Kateko kutsapen-ekintza da, eta, haren bidez, partaideek garapen jasangarriarekin konpromiso argia duen beren inguruko beste pertsona bat identifikatuko dute. Helburua era horretako 2020 konpromiso lortzea da (informazio gehiago ecoeuskadi2020.net web-orrian).
Euskadiko Garapen Jasangarriaren 2012ko Txostena
EcoEuskadi 2020 Garapen Jasangarrirako Estrategiak helburu nagusi hauek ditu: Euskadi ekonomia berritzaile, lehiakor, ekoeraginkor eta ireki gisa kokatzea; babes sozialeko sistemak indartzea; natur baliabideak eta biodibertsitatea zaintzea; jatorri fosileko energien aurreko mendetasun energetikoa minimizatzea; kalitatezko hezkuntza-sistema eta balioak garatzea, eta administrazio publiko berritzailea, eraginkorra, herritarrentzako eskuragarria eta gardena hedatzea.
Garapen jasangarriaren urteko txostenak arlo horietan ezarritako neurrien aurrerapena ebaluatzen du. Azterlana hainbat eragile sozioekonomikorekin, administrazio publikoarekin, enpresekin eta GKEekin kontrastatu da, eta gazteek ere parte-hartze aktiboa izan dute.
Euskadiko Garapen Jasangarriaren 2012ko Txostena aldi labur batera mugatuta badago ere (EcoEuskadi 2020 abiaraztetik igarotako lehen urtea), azterlanak krisi ekonomikoaren larritasunaz ohartarazten du, Euskadiko jasangarritasun ekonomiko eta sozialaren aurkako mehatxuak areagotzea ekarri baitu. Hala eta guztiz ere, Euskadiko adierazleak Espainiako batez bestekotik gora daude, eta Europako Batasunekoen parean. Honako hauek dira txostenean aztertu diren batzuk:
Hezkuntza eta I+G+B. Hezkuntzaren eta I+G+Bko gastu publikoaren adierazleek oso bilakaera ona izan dute aztertutako urtean, baita energiaren eta ingurumenaren arlokoek ere (CO2-ren isuriak, energia aurreztea...).
Eskola-uzte txikiagoa. Adierazle batzuetan Europako batez bestekoa gainditzen da; hala, tasa hobeak daude eskola-uztean, txirotasunean eta gizarte-bazterkerian. Handixeagoak dira, era berean, I+G+Bko gastu publiko eta pribatuaren adierazleak BPGri dagokionez ( % 2,00 EBn; % 2,05 EAEn).
Energia berriztagarri gutxi. Hala ere, Euskadiko emaitzak Espainiako eta Europako batez bestekoaren azpitik daude energiaren azken kontsumoan berriztagarriek duten proportzioan.
Koordinazioa Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren artean. Euskadik zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren garapen koordinatuan lortu du ekonomia berritzaile, lehiakor, ekoeraginkor eta ireki gisa kokatzeko aurrerapen handiena; horrela bada, Basque Ecodesign Center izenekoa sortu da, ekodiseinuko proiektu berritzaileak diseinatzeko eta gauzatzeko lankidetza publiko-pribatuaren plataforma modura.
Aurrerapenak Osasunean. Babes sozialeko sistemak integratzeari eta sendotzeari dagokienez, osasun arloan egindako aurrerapenak ere nabarmentzen ditu txostenak; izan ere, kronikotasuneko estrategia berri bat eratu da, baita euskal osasun-eredu berri bat ere, pertsonak eta gizarteratzeko sistema sendotzea oinarri hartuta. Ahulgune gisa, erakundeen arteko organoan gizarte-zerbitzuen eredua eratzen atzeratu izana aipatu du txostenak. Halaber, gizarte-babesa bermatzeko finantzaketa-eredu berriak garatzeko beharraz ere ohartarazi du, krisiak ez baitu etenik.
Tokiko nekazaritzako elikagaien politika. Azterketaren arabera, natur baliabideak eta biodibertsitatea zaintzeko orduan lurraldearen kudeaketa trinkoagoa egin da; halaber, nekazaritza arloan izandako aldaketak ere nabarmentzen ditu, tokiko baliabideak eta balioak zaintzen dituen nekazaritzako elikagaien politika finkatzera bideratuta baitaude.
Txartel bakarra eta ibilgailu elektrikoa. Mugikortasun integratuko eredua lortzeko proposamenei dagokienez, garraio publikoetako txartel bakarra eratzeko egindako urratsak nabarmentzen dira, baita Euskadik ibilgailu elektrikoa sustatzeko egindako lana ere.
Administrazio gardena. EcoEuskadi 2020ren urteko lehen ebaluazioak administrazio publikoaren jardueren gardentasuna laguntzeko ekimenak aintzat hartzen ditu (Irekia, Open data), baina, bestetik, administrazioaren esku-hartzeen bikoizketa saihesteko aurrerapen nabarmenik ez dela egon ere egiaztatzen du.
-
2012-11-12
Comentario de Twitter:
RT @MiriamUrt: Presentado el primer Informe de Desarrollo Sostenible de Euskadi http://t.co/JjvWcccf -
2012-11-12
Comentario de Twitter:
RT @opendataeuskadi: RT @MiriamUrt: Presentado el primer Informe de Desarrollo Sostenible de Euskadi http://t.co/JjvWcccf -
2012-11-10
Comentario de Twitter:
Presentado el primer Informe de Desarrollo Sostenible de Euskadi http://t.co/t7VXT6w9