Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Eusko Jaurlaritzako Hipoteketarako Bitartekotzarako Zerbitzuak etxea utzarazteko izapidetutako espedienteen % 60 ondo konpondu dira

2012.eko azaroak 09

126 familia etorri da Hipoteka-Bitartekaritza honetara, etxea galtzeko arriskutik konponbide bila

21 kasutan, bitartekariek konponbide bat aurkitzea lortu dute, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan, kredituak negoziatuz edo zorraren ordez etxea onartzea lortuz

Lanean hasi zenez geroztik, lehenengo sei hilabeteetan (maiatzetik urrira bitartean), Eusko Jaurlaritzako Hipoteketarako Bitartekotzarako Zerbitzuak, guztira, 126 espediente ireki ditu, Euskal Autonomia erkidegoan (28, Araban; 47, Bizkaian; eta 51, Gipuzkoan). Etxea galtzeko arriskuan ziren 126 familiek izan dute zerbitzu publiko eta dohaineko honekiko konfiantza. Zerbitzuko langileak lege- eta ekonomia-arloko profesional aditu eta arituak dira. Eta, zer egiten dute? Inor ohiko etxebizitza ordaindu ezinik baldin badabil, dena delako finantza-etxera jo, eta bitartekari-lana egiten dute, harekiko zorra ahalik eta baldintzarik onenetan kitatu ahal izan dezan.

Zerbitzu publiko eta dohaineko hau joan den maiatzaren 2tik ari da lanean, eta, denbora-tarte horretan, hainbat etxe-hustutze eta enkante geldiarazi du, nagusiki Bizkaian eta Gipuzkoan, baina, batez ere, beste gauza bat egin du: krisia dela-eta hipoteka-kredituak ordaindu ezinik harrapatuta dabiltzan horiei guztiei konfiantza ematea lortu du, batez ere. Adibidez, 126 espediente iritsi zaizkio guztira; 21etan, kaltetuen eta finantza-etxeen arteko akordioren bat lortu da; kasu gehienetan, hipoteka-kredituaren baldintzak atzera berriz negoziatu dira; eta besteetan, zorraren ordainetan etxea ematea adostu dute bi aldeek. Bitartekariek, guztira, 36 txosten egin dituzte; 15etan, ez da finantza-etxeekiko inolako akordiorik lortu, gehienetan, banketxeek ez zutelako onartu kredituak berriro negoziatzea, edo ordainetan etxea hartzea, edo etxebizitza beste norbaitentzat uztea.

Ia hogei finantza-etxe eta banketxe atxiki dira, beren kasa, zerbitzu honetara (Eusko Jaurlaritzako Justizia Saila da zerbitzuaren zuzendaria). Tramitatu ditugun 126 espediente horietatik, gehien-gehienak 6 finantza-etxe hauenak ziren: Kutxabank, BBVA, Euskadiko Kutxa, Banco Santander Central Hispano, La Caixa eta Banesto.

Eta, zein ezaugarri dituzte etxea galtzeko arriskuan daudenek? Zerbitzu honetara jende gehiago hurbildu ahala, baliteke datuok nolabait aldatzea, baina orain arte, behintzat:

- Gehien-gehienak, etxea galdu eta utzi egin behar izateko arriskuan daude (ia % 80).

- Gehien-gehienek berme-errenta besterik ez dute jasotzen (Lanbide).

- Gehienak bikoteak dira (adineko gutxi dago, soilik, adibidez, seme-alaben abal-emaileak).

Eta aztertu ditugun maileguen zenbatekoa, berriz, hauxe da, batez beste: 204.828 euro.

Gure bitartekaritza-zerbitzuaren laguntza nahi dutenek baldintza hauek bete behar dituzte:

- Etxebizitzaren jabeak Euskal Autonomia Erkidegoan erroldaturik egon behar du.

- Etxebizitzak izan behar du jabe horrek duen bakarra eta ohikoa.

- Etxebizitzak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar du.

- Eroste-prezioak 350.000 euro baino gutxiagokoa izan behar du.

- Jabeak bi gauza egiaztatu behar ditu: ezin duela ohikoa duen etxebizitza hori ordaindu, eta arrazoia ezin zaiola, zuzenean, familia horri berari egotzi.

- Familiaren eta finantza-etxearen artean behin behintzat saiatu direla negoziatzen baina huts egin dutela.

- Oraindik ez dela etxea utzarazteko prozedura judiziala hasi.

Jabeak baldintza horiek denak egiaztatzen dituenean, bitartekaritza-zerbitzuak familia-unitatearen gaitasun ekonomikoa aztertzen du, eta, haren izenean, finantza-etxeari zorra beste zein eratara kitatu daitekeen proposatzen dio.

Aukera bat baino gehiago dago, esate baterako: kreditua berriro negoziatzea; hipoteka-maileguak itzultzeko eguna atzeratzea; interes-tipoa jaistea; kita bat onartzea; titulu-mota aldatzea (jabetzatik errentara); edo ordainetan etxebizitza ematea.

Bada datu bat, zerbitzu honetara etorri nahi duen edonork gogoan izan behar duena, hau da, gure laguntza eskatzeko, ez da zertan hipoteka-kuotak ordaintzeari utzita egon behar.

Gure langileak finantza-etxe hauekin ari dira hipotekak berriro negoziatzen edo akordioak adosten: Kutxabank, Iparkutxa, Euskadiko Kutxa, Bankoa, Sabadell Atlántico, Banco Santander, BBVA, Barclays, Banesto, La Caixa, Bankia, Evo, Unión Crédito Inmobiliario, Banco Popular, Nafarroako Rural Kutxa, Bankinter, Bancaja, Banco Guipuzcoano eta Banco Pastor.

2012ko irailaren 5ean, Edmundo Rodríguez Achútegi epaileak hitzaldi bat eman zuen, Donostian, Miramar jauregian.

"Hipoteka ordainarazteko, etxea utzaraztea: bestelako aukerak" zuen izenburua, eta han adierazi zuenez, beste aukera bat ere egon liteke, berria, inori lehenengo etxebizitza bahitu beharrik ez izateko, hau da, langabezian egonik, hipoteka-maileguaren kuotak ordaindu ezin dituztenei legezko moratoria bat ematea.

Gure Bitartekaritza Zerbitzuak irailean bertan egin zuen proposamen horren alde, iruditzen zaigulako alde bien arteko akordio txukun bat aurkitu ahal izateko inflexio-puntua izan daitekeela, alde biek irabaz dezaten zerbait: banketxeek eta jabeek. Hortaz, bitartekaritza-zerbitzu honetako langile guztiek izango dute proposamen hori kontuan. Patxi Lopez Lehendakariak ere garbi-garbi egin zuen ekimen horren alde, urte judiziala abiarazteko ekitaldian, joan den irailean. Hitza hartu zuenean, agindu zuen "egin beharrekoa egingo zuela -baita legegintza-arloan ere- langabezian egonik ohiko etxebizitzako hipoteka ordaindu ezin dutenak ez ditzan inork etxetik bota". "Ez dugu permitituko inor kalean geratzea. Herritarrak ez dira oin biko hipoteka ordaindugabeak, izaki eskubidedunak dira, eta politika publikoak behar dira haientzat atondu, ez daitezen bazterturik, pobrezian edo deserroturik geratu.

Horrenbestez, zerbitzu honetako bitartekariek, proposamena esku artean hartu, eta dena delako banketxera eramango dute, ea akordioren bat lortzen den eta, kasu horietan, ez zaion inori etxea utzarazi behar.

Zer esan nahiko luke legezko moratoria hori emateak?

- Lanik gabe dauden bitartean jabeek beren etxebizitza erabiltzeko eskubidea edukitzen jarraituko luketela.

- Banketxeek ere ez luketela ezer galduko, jabeek ordaindu beharko lituzketelako komunitate-gastuak, zerga-kontribuzioak eta etxebizitzaren balorea bermatzeko beharrezko aseguruak.

Iruzkin bat
  • @masquemediacion
    2012.eko azaroak 13

    Comentario de Twitter:
    El Servicio de Mediación Hipotecaria del Gobierno Vasco resuelve el 60% de los expedientes de desahucio tramitados.http://t.co/6VVoL61c

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)