Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Euskal Y-ari buruzko hizlariak bat datoz trenbide sare berriak aberastasuna sortzen eta Euskadi egituratzen eta bateratzen lagunduko duela azpimarratzean

2012.eko azaroak 07

200 teknikarik hartu dute parte Donostiako Kursaal jauregian burutu diren eta gaur amaitu diren lan saioetan

Euskal Y-a Euskadiko ekonomia bultzatzen duen elementua da, aberastasuna sortzen laguntzen eta lagunduko du eta, horrez gain, Euskadiko Autonomia Erkidegoa osatzen duten lurraldeak egituratzen eta bateratzen ere lagunduko du. Hori da gaur amaitu diren "Abiadura Handiko Trena Gipuzkoan. Aukerak eta Garapen Ekonomikoa" Jardunaldietan parte hartu duten adituek azpimarratu duten ondorio nagusietakoa.

Adituek azpimarratu duten beste balioetako bat, Euskal Y-a sare mistoa izatea da, pertsonak eta merkantziak garraiatuko dituena. Horrez gain, trenbide sare berriaren Gipuzkoako adarrean diseinaturiko trazatua paisaian integratzeko, teknikariek egin duten lana ere azpimarragarria izan da.

Gaur, asteazkenean, parte hartu duten hizlarien artean, Etienne Picher, Bordele-Espainiako Abiadura Handiko Linearen proiektu burua egon da, besteak beste. Etienne Picherrek adierazi duenez, "lanak, berandu jota, 2017an hasiko dira, eta sei urte eta erdiz luzatuko dira. Hori da gure ibilbide orria".

Reseau Ferre de France kudeatzailearen arduradunaren esanetan "nazioarteko proiektua da, Akitaniak, Midi Pirinees lurraldeak eta Euskadik osatzen duten euro-lurraldean zentratzen delako, eta gune horien pisu demografikoak (Frantziako Tolosarekin lotura ere aurreikusten da), etorkizun bikaina izango duela erakusten du".

Frantzia eta Espainia arteko loturak 17 milioi biztanle gehituko ditu urtean, eta trenez bidaiatzeko denbora nabarmen jaistea eragingo du. Horrela, Bordele eta Bilbo arteko bidaia egiteko, adibidez, 2 ordu eta 15 minutu beharko dira; eta denbora hori ordubete eta erdikoa izango da Donostia eta Bordele arteko bidaia egiteko.

Picherren iritziz, une honetan definitzen ari den proiektua "lurralde horietarako aberastasun iturri eta garapenerako bultzada izango den sare mistoa izango da eta, horrez gain, bertako enpresen lehiakortasuna hobetzen, lanpostuak sortzen eta euro-lurralde horretako turismoa sustatzen lagunduko du".

Alfonso Rodríguezek, RENFEko Abiadura Handiko distantzia ertaineko eta luzeko zuzendaritzako kideak adierazi duenez, trenak ez du alternatibarik distantzia ertainetan, eta adibide gisa Madril-Valladolid Avant lotura eta Madril-Toledo ibilbidea jarri ditu. Etorkizunean Bilbo-Gasteiz-Donostia intercity zerbitzuaren antzekoak izango dira: "une honetan autobusa ezin da gurekin lehiatu zerbitzuari, kalitateari, kostuari eta denborari dagokionez. Hala ere, intermodaltasunaren aldeko apustua egin behar dugu, autobusa gu heldu ezin garen tokietara heltzen delako".

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak antolatu dituen "Abiadura Handiko Trena Gipuzkoan. Aukerak eta Garapen Ekonomikoa" Jardunaldietan, azpiegitura berriaren eraikuntzarekin eta ustiapenarekin erlazionaturiko 200 teknikari baino gehiagok hartu dute parte, eta baita Gipuzkoako lurralde historikoko irakaskuntza, ekonomia eta politika alorretako ordezkariek ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)