Berriak Herrizaingoa
Eu

Kutxazain automatikoetan edo banku sukurtsaletan eragiketak egiterakoan zuhurtzia neurri guztiak aplikatzeko gomendatu du Ertzaintzak

2012.eko azaroak 07

Banketxe barruko kutxazain automatikoak erabiltzea komeni da, atea giltzaz ixtea eta inguruak zaintzea

Ertzaintzak herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina berria jarri du abian, herritarrek autobabeserako neurriak hartzea bultzatzeko, kutxazain automatikoetara eta banku entitateetara eragiketak egitera doazenean. Herritarren Segurtasunerako eta Ekintzetarako Baliabideen Alorreko Burutzak sustatu du kanpaina, eta egitasmoak zenbait aholku erraz eta erabilgarri erabiltzaileen kontzientzian finkatu nahi ditu, pertsona ugarik, bereziki adinekoek, pairatzen dituzten lapurreta eta ebasketa kopurua gutxitzeko lagungarriak izan daitezkeelako.

Eragiketa bat egiteko kutxazain automatiko edo banku sukurtsal batera goazenean, bereziki eskudirua ateratzeko bada, autobabeserako zenbait neurri hartzea aholkatu du Ertzaintzak, besteak beste, inork jarraitu ez gaituela bermatzea edota erakunde inguruan jarrera susmagarria duen inor ez dagoela ziurtatzea.

Eragiketa bukatutakoan, inguruan gu kontrolatzen aritu den inor ez dagoela egiaztatu behar dugu. Edozein jarrera susmagarri ikusiz gero, edo norbaitek kontrolatu gaituela uste badugu, laguntza eskatu behar dugu Ertzaintzan, doako 112 telefono zenbakian.

Horrez gain, banku entitateetara beti egun eta ordu berdinetan ez joatea barneratu beharreko ohiko jokabideetako bat da. Hilabete osoko gastuetarako diru guztia aldi bakarrean ateratzea ez da segurua, are gutxiago egun seinalatuetan ateratzea, esaterako hileko lehen egunean edo soldata edo pentsioa kobratu ondoren.

Horrez gain, dirua ateratzeko bankura joz gero, beti senide edo konfiantzazko lagun batekin joatea komeni da, bereziki adineko pertsonen kasuan.

Kutxazain automatikoen kasuan, entitate barrukoak erabiltzea komeni da, eta ez kalean daudenak, bereziki gauez, edo oinezko gutxi izaten diren tokietan edo orduetan. Nolanahi ere, oso garrantzitsua da ateratako dirua berehala gordetzea poltsa, patrika edo diru zorroko toki seguru batean; horrez gain, banketxe kanpoaldean edo besteen begien bistan dirua edo libretak esku artean erabiltzea ekidin behar da.

Bereziki garrantzitsua da, halaber, kutxazain automatikoan eragiketa egiten ari garela kasurik ez egitea edozein aitzakia dela medio gure arreta bereganatu nahi dutenei edo laguntza eskaintzen digutenei. Horrelako egoeretan, egiten ari garen eragiketa berehala baliogabetu behar da; horrez gain, txartela edo libreta uneoro begien bistan izan behar dugu, eta horiek ere berehala gordetzea komeni da.

Eskudirua atera eta gero etxera itzultzeko tartea ere arriskutsua da. Gu geldiarazi edo nahasaraztea saihestu behar dugu, edozein aitzakia erabiltzen dutela ere, esaterako helbide bati buruz galdetzeko, albotik igarotzerakoan zerbait lurrera jaurtiz gero edota orban bat garbitzeko bada. Ez diogu inori gu nahasten utzi behar, ez saritutako loteria dezimoak edo antzekoak eskaintzen dizkigutenean, ez edozein arrazoirengatik dirua emateko eskatzen digutenean ere. Ertzaintzak bereziki nabarmendu du ez dugula gure dirua erabili behar kalean eskaintzen diguten ezein negoziotan parte hartzeko.

Azkenik, edozein susmo izan edo lapurreta edo ebasketa baten biktima izanez gero, autorearen edo autoreen ezaugarri fisikoei eta arropei buruzko ahal bezainbeste datu gogoratzen saiatu behar dugu; segituan, Ertzaintzara deitu behar da, doako 112 telefono zenbakira.

Iruzkin bat
  • @GARALEX_EHU
    2013.eko irailak 20

    Comentario de Twitter:
    Kutxazain automatikoetan eeragiketak egiterakoan zuhurtzia neurri guztiak aplikatzeko Ertzaintzaren gomendioak... http://t.co/4pSXE9dRw1

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko