Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Arriola: “Euskal Y-a funtsezko elementua da Euskadiren modernotasunerako eta lehiakortasunerako”

2012.eko azaroak 06

  • AHT-ak Gipuzkoan duen garapenari buruzko jardunaldien inaugurazio ekitaldian, Garraio Sailburuak 2012rako aurreikusiriko inbertsioaren %99 (346,5 milioi euro) gauzatuko duela ziurtatu du

 

  • EHU-ren azterlan batek erakusten duenez, Euskal Trenbide Sare Berriaren eraikuntza lanek 7.000 lanpostu sortzen dituzte egunero

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak, Euskal Y-a Euskadiren modernotasunerako eta lehiakortasunerako funtsezko elementua dela adierazi du gaur goizean Donostian.

Arriola izan da Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak antolatu dituen “Abiadura Handiko Trena Gipuzkoan. Aukerak eta Garapen Ekonomikoa” Jardunaldien lehen hizlaria. Jardunaldi horietan, azpiegitura berriaren eraikuntzarekin eta ustiapenarekin erlazionaturiko 200 teknikari baino gehiagok hartu dute parte, eta baita Gipuzkoako lurralde historikoko irakaskuntza, ekonomia eta politika alorretako ordezkariek ere.

Arriolaren hitzetan, “AHT-a Euskadiko ekonomiaren motoreak ezinbestean behar duen erregaia da”. Horrela, Sailburuak azaldu du, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko Institutuak egindako azterlanak erakutsi duenez, trenbide sare berriaren lanek 7.000 lanpostu sortzen dituztela urtean, zuzenean, zeharka edo lan horien eraginez.

Garraio Sailburuak azaldu duenez, Euskal Y-aren inbertsio osoa, hiriburuetarako sarbideak barne, 5.900 milioi eurokoa da, eta horietatik ia erdia (2.718 milioi), familien errenta handitzera bideratzen da, hau da, AHT-ko lanetan zuzenean edo zeharka ari diren langileen soldatetara edo langile horien senideen kontsumoak eragindako soldatetara (ostalaritza, merkataritza…).

Arriolak sare berriaren ahalmen egituratzailea aldarrikatu du “Euskadiko hiriburuak elkarren artean lotzeko ezinbesteko azpiegitura delako, Euskadi hiri-lurralde gisa egituratuz lurralde bakoitzeko garraio metropolitarra eta aldirietakoa osatzen duelako, eta Espainiako eta Europako gainerako puntuekin egon beharreko loturak bultzatzen dituelako.

Horrez gain, Sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzak 2012. urterako agindutako aurrekontuaren %99 gauzatuko duela (346,5 milioi euro): “Jaurlaritza honek kudeaketarako gaitasuna erakutsi du. Abagune ekonomikoa ez da hoberena, baina gure ustez azpiegitura honek erabateko lehentasuna izan behar du Estatuko aurrekontu orokorrak egiteko orduan”.

Ondorio gisa Arriolak gogoratu du AHT-ren eraikuntzak zailtasun handiak izan dituela eta zenbait pertsona kontra egon direla, “hala ere, irabazi dugun apustua izan da, eta jada inork ez du zalantzarik, Eusko Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuari eta enpresariei esker”.

Lehenbiziko saioan César Gimenok, ETS-ko Presidenteorde Betearazleak ere hartu du parte. Gipuzkoan trenbide sare berria eraikitzeko lanen egoeraz hitz egin du. Bi zati amaiturik daude, beste bi 2013ko lehen hiruhilekoan amaituko dira, eta beste hamabitan lanak ari dira burutzen, Donostiako eta Irungo sarbideak eta Frantziarekin ezarri beharreko lotura definitzearen zain.

Marc Moulin hizlari frantsesari dagokionez, Euskadi-Akitania ententeak Atlantikoko igarobidean duen posizioa landu du. Javier Fernández Machok, EHU-ko Ekonomia Aplikatuko Institutuko katedradunak “Euskal Y-aren lana eta Euskadiko ekonomian duen ekarpena” gaiaren inguruan hitz egin du. Gai horri buruzko datuak Arriola Sailburuak aurreratu ditu.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak antolatutako jardunaldi horien helburua, Euskal Y-aren, Euskal Trenbide Sare Berriaren Gipuzkoako adarra osorik egiteak eskatu duen erronka erakustea eta eraikuntza lanek iraun duten bitartean lanak ekarri dituen aukera ekonomikoak eta azpiegitura funtzionatzen hasten denean eragingo dituenak azpimarratzea da.

Biharko, azaroaren 7ko, jardunaldian, gai teknikoagoak landuko dira, Zumarragako tunelaren edo Hernaniko bide-zubiaren arazoak, besteak beste, lan horiek zuzentzen dituzten ingeniarien eskutik. Alfonso Rodríguezek, Renferen Bidaiarien Iparraldeko Merkatuaren Zuzendariak, “Esperientzia espainiarrak abiadura handian, ibilbide ertainetan zein luzeetan” gaiari buruz hitz egingo du.

Tours-Hendaia lotura proiektua, Bilbo-Gasteiz zatiaren egoera eta Valladolidekin izan behar duen lotura eta Lezo eta Jundizeko trenbide plataforma intermodalen garrantzia ere landuko dira. Ernesto Gasco, Garraio Sailburuordea, izango da Jardunaldiei amaiera emango diena.

Iruzkin bat
  • 2012.eko azaroak 06

    Muy interesante jornada ya que permite observar el hecho del TAV desde diferentes puntos de vista y como eje central de un cambio en la organización del territorio y en los modos de transporte.
    Me ha gustado la presentación de Ricard Riol, su visión del transporte público me parece muy buena, además viniendo de una ong. Por lo que a mi me concierne, la oportunidad que la Eurorregión Aquitania-Euskadi ha tenido de presentarse como un animador del territorio transfronterizo es muy positiva.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)