Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa

Euskadik bere turismo eskaintza Londresen, munduko turoperatzaileen azoka nagusienetarikoan aurkezten du

2012.eko azaroak 05

• World Travel Market gaurtik hasita datorren ostegunera arte ospatuko da eta euskal hiru hiriburuetako eta Arabar Errioxako turismo baliabide erakargarrienak erakutsiko dira
• Sektoreko profesionalei zuzendutako euskal turismoaren sustapen hitzordurik garrantzitsuena da


Euskadik hiru hiriburuetako eta Arabar Errioxako turismo eskaintza aurkezten du egunotan Londreseko WTM turismo azokan, Eusko Jaurlaritzaren eskutik eta Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziaren bidez. Nazioarteko turismoaren profesionalei zuzendutako hitzordua da eta euskal turismoaren sustapen egutegian, garrantzitsuena.

World Travel Market azoka gaurtik hasita datorren ostegunera arte, hilaren 8ra arte, ospatuko dena munduko turoperatzaileentzat turismo azokarik garrantzitsuenetarikoa da eta Euskadira bisitari gehiago etor daitezen bideak irekitzeko aukera ezin hobea.

Euskadiren eskaintza orokorrari buruzko informazioaz gain, esperientzia anitzak dituen jomuga gisa, Londreseko azokan euskal enpresariek ere parte hartuko dute eta nazioarteko turoperatzaileekin harreman komertzialak izango dituzte.

Erresuma Batua atzerriko bigarren merkaturik garrantzitsuena da euskal turismoarentzat. 2011an, 71.767 bisitari britaniarren sarrerak izan ziren Euskadiko hotelak eta nekazalturismoetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan