Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Eusko Jaurlaritzak bizkaiko Bakeaz elkarteari eman dio René Cassin 2012 Saria

2012.eko azaroak 02

Euskadin bereziki, giza eskubideen garapenean egindako lan intelektuala eta ikerkuntza lanaren garrantzia azpimarratu du epaimahaiak

Bakeaz elkarteari egokitu zaio Eusko Jaurlaritzak ematen duen 2012ko René Cassin Giza Eskubideen Saria. Epaimahaiak Bizkaiko elkartea hautatu du "Euskadin bereziki, giza eskubideen garapenean egindako lan intelektuala eta ikerkuntza lana garrantzitsua izan delako, batez ere gure herrian indarkeria terroristak izandako eragin krudela kontuan hartuta".

Sariaren xedea giza eskubideen sustapen, defentsa eta hedapenean ibilbide pertsonal edo profesionalaren bidez euren konpromisoaren lekukotasuna ematen duten pertsona edo taldeak jendaurrean aitortzea da, eta ohorezko sarian, jendaurreko aitorpenean eta 12.000 euroko diru-sarian datza.

Bakeaz gobernuz kanpoko erakundea da, eta bakeari, giza eskubideei eta ekologiari lotutako gaiak ikertzeaz arduratu da 20 urteko ibilbidean. Unibertsitateari eta bakegintza, giza eskubideak eta ingurumenaren alorrari lotutako dozenaka pertsonek sortu zuten 1992an. Hastapenetik gogoetarako eta herritarren ekintzarako irizpideak ematen saiatu da, besteak beste, honako gai hauen inguruan; nazioarteko harremanen militarizazioa, ekonomia iraunkorra, politika hidrologikoak eta uraren kudeaketari lotutakoak, lankidetza politikak, prozesu migratzaileak, herritarren parte-hartzea, gizarte-mugimenduen teoria orokorra, edo bakeari eta giza eskubideei lotutako hezkuntza.

Erakunde honek, funtsean, gogoetaren eta proposamenen ildotik egiten du bere lana, eta egindako azterketen bidez, erakunde sozial eta sindikal askoren ekintzak laguntzen saiatzen da. Zehazki, giza eskubideen teoria orokor baten gainean lan egin du urte hauetan, beste hainbat gairen artean, gure herrian indarkeria terroristaren arazoari aurre egingo dion bakerako eta giza eskubideetara zuzendutako hezkuntzaren printzipio etiko-pedagogikoak zehazte aldera. Horrela, biktimak proposatu ditu elementu nagusi gisa, jasandako indarkeriaren aurrean gure gazteak ikasgeletan hezteko ekintza pedagogikoaren ikuspuntu eta modu bezala.

Gainera, elkartearen hausnarketak eta proposamenek bakearen eta bake kulturaren kontzeptu konplexuaren beste hainbat alor ere landu dituzte. Giza eskubideen teoria orokorrean murgilduta, Bakeaz elkarteak arrazismoari eta xenofobiari lotutako gaietan, iparra eta hegoaren arteko desberdintasunean, ingurumenaren etikan, lankidetza politiketan edo indarkeria planetako agertoki sentikorretan legitimatzeko mekanismoen azterketan sakondu du.

Lau pertsonek bultzatu zuten elkartearen hautagaitza: Kepa Aulestia Urrutiak, Luisa Etxenike Urbistondok, José María Ruiz Soroak eta Pablo García de Vicuña Peñafielek. Proposamen hau, berriz, beste lau hautagaiei gailendu zaie: Morris Tidball-Binz mediku argentinarra (Francisco Etxeberria Gabilondo Euskal Herriko Unibertsitateko Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakasleak proposatutakoa); Ioanna Kuçuradi filosofo turkiarra (Carmen Uriarte Martínezek proposatutakoa, Historia doktorea EHUn eta doktore erretiratua Ankarako Unibertsitatean); Ofer Bronchtein eta Anis El Qaq Ekialde Ertainean Bakearen eta Adiskidetzearen Foroko presidenteak (Mugarik Gabeko Musikari Solidarioen ekimenez); eta Saturnino García Cuevas, Bultzain elkarteko presidentea (AGLE, Arabako Gizarte Laneko Elkarteak proposatutakoa).

Honako hauek osatu dute Bakeaz elkarteari saria eman dion epaimahaia: Idoia Mendia (Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburua), María Victoria Cinto (Justiziako sailburuordea), Inés Ibáñez de Maeztu (Giza Eskubideen zuzendaria), Mª Concepción Escobar, José Ángel Cuerda, Silvia Escobar, Edmundo Rodríguez, María Ojanguren eta Gorka Landaburu.

Sariak René Cassinen oroimenez jaso du izena. Cassin Baionan jaio zen 1887ko urriaren 5ean, eta I. Mundu Gerrako esperientzia tragikoak gogor astindu zuen; geroztik, soldadu zaharren eta gerrako biktimen defendatzaile sutsua izan zen. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren sortzaile nagusia izan zen 1948an, eta ezinbesteko lana bete zuen 1950eko Giza Eskubideen Europako Hitzarmena lantzen. Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1968an, eta bere saria Strasbourgeko Giza Eskubideen Nazioarteko Institutua sortzeko eskaini zuen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan