Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Gasco Sailburuordeak adierazi duenez, AHT Euskadiko ekonomiaren motore da, izan ere, eraikuntza lanek iraun duten bitartean 5.000 lanpostu sortu baitira

2012.eko urriak 30

Donostiako Kursaal Jauregiak AHT-k Gipuzkoan duen garapenari buruzko Jardunaldi Teknikoak jasoko ditu datozen azaroaren 6an eta 7an

Ernesto Gascok, Eusko Jaurlaritzako funtzioetako Garraio Sailburuak adierazi du gaur Donostian Euskadiko ekonomiaren motore dela une honetan bertan, izan ere, eraikuntza lanek iraun duten bitartean 5.000 lanpostu sortzeko gaitasuna erakutsi baitu.

Datozen azaroaren 6an eta 7an Donostiako Kursaal Jauregian burutuko diren "Abiadura Handiko Trena Gipuzkoan. Aukerak eta Garapen Ekonomikoa" Jardunaldien aurkezpen ekitaldian egin ditu Gascok adierazpen horiek. 

Sailburuordeak jardunaldietan eskainiko diren zenbait datu aurreratu ditu. Adibidez, orain arte esleitu diren 1.642 milioi euroetatik ehuneko berrogei kutxa publikoetara itzuliko direla zergen bitartez, hau da, PFEZ edo BEZ bitartez. Gogoratu du, baita ere, Euskal Y-aren eraikuntza lanak Gobernu Zentralak ordaintzen dituela. Gipuzkoako zatiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak eraikuntza lanak egiteko beharrezkoa den dirua aurreratzen du, eta ondoren kupo bitartez berreskuratuko du diru hori. 

Gascok adierazi duenez, duela denbora gutxi egindako zenbait azterlanek erakutsi dutenez, Euskadiko Trenbide Sare Berria martxan jarri eta Madrilekin eta Frantziarekin ezarri beharreko loturak zehaztu eta gero, ehuneko hamar handituko dela Euskadiko Autonomia Erkidegoa bisitatuko duen turista kopurua. Sailburuordearen hitzetan, datu horiek soilik ere nahikoa dira Eusko Jaurlaritzak azpiegitura horren eraikuntzaren alde egin duen apustuaren balioa ikusteko. 

Jardunaldiak 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak antolatutako jardunaldi horien helburua, Euskal Y-aren, Euskal Trenbide Sare Berriaren Gipuzkoako adarra osorik egiteak eskatu duen erronka erakustea eta eraikuntza lanek iraun duten bitartean lanak ekarri dituen aukera ekonomikoak eta azpiegitura funtzionatzen hasten denean eragingo dituenak azpimarratzea da.

Jardunaldietan, 200 teknikari inguruk hartuko dute parte, eta baita Gipuzkoako lurralde historikoko irakaskuntzako, ekonomiako eta politikako ordezkariek ere.

Datorren astearteko goizeko 09:30etan izango den irekiera ekitaldi ofizialaren buruan, Iñaki Arriola Sailburuak hartuko du parte, "Euskal Y-a, XXI. mendeko erronka Euskadin: garapen ekonomikoa eta iraunkortasuna" hitzaldiarekin. Ondoren, Europear Batasunako kide batek "TEN-T eta Lisboa-Estrasburgo igarobide europarra" gaiari buruz hitz egingo du. 

Lehen hitzaldi saioa, entzule guztien aurrean Gipuzkoako adarreko lanen egoera azalduko duen César Gimenok, ETS-ko presidenteorde betearazleak, eta Atlantikoko Igarobidean dagoen Euskadi-Akitania akordioa landuko duen Marc Moulin hizlari frantsesak itxiko dute. 

Bigarren hitzaldi saioa eguerdiko 12:00etan hasiko da, eta Euskal Y-ak gure herrialdearen ekonomiari egindako ekarpenarekin erlazionaturiko gaiak landuko dira. Horretarako, besteak beste, Pilar Zorrilla, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo Sailburuordea eta Pedro Esnaola, Gipuzkoako Ganberako Presidentea, egongo dira bertan. 

Asteazkenean, azaroaren 7an, Ernesto Gascok, Garraio Sailburuordeak, irekiko ditu saioak, Atlantikoko trenbide igarobideaz hitz egiteko. Ondoren Etienne Picherrek, LAV proiektuaren arduradunak, Tours-Hendaia lotura proiektuaren azken xehetasunak aurreratuko ditu. Eztabaidatuko diren beste gai batzuk Bilbo-Gasteiz zatiaren egoera eta Valladolidekin izan behar duen lotura eta Lezo eta Jundizeko trenbide plataforma intermodalen garrantzia izango dira. 

Bigarren eta azken jardunaldi horren amaieran, gai teknikoagoak landuko dira, Zumarragako tunelaren edo Hernaniko bide-zubiaren arazoak, besteak beste. Lan horiek zuzentzen dituzten ingeniariak izango dira saio horien arduradunak. Bertan egongo da, baita ere, Alfonso Rodríguez, Renferen Bidaiarien Iparraldeko Merkatuaren Zuzendaria, "Esperientzia espainiarrak abiadura handian, ibilbide ertainetan zein luzeetan" izeneko hitzaldiarekin. Patxi Lopez Lehendakaria jardunaldia ixteko arduraduna izango da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)