Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadiren lehiakortasun- eta berrikuntza-eredua Amerikako herrialde nagusien aurrean azaldu da

2012.eko urriak 27

Euskadi Ameriketako Lehiakortasunaren VI. Foroan (Cali, Kolonbia) hitzaldi bat ematera gonbidatua izan den munduko eskualde bakarra da. 

Bernabé Unda sailburuak Euskadiren errealitatea, indarguneak eta aukerak azaldu ditu Kolonbiako hainbat erakunde eta instituzioren aurrean. 

Aste honetan Ameriketako Lehiakortasun Foroaren seigarren edizioa ospatu da Kolonbiako Cali hirian, eta Euskadi bertan izan da. Izan ere, Ameriketako herrialde nagusienen aurrean hitzaldia eskaini duen munduko eskualde bakarra izan da. 

Foroaren antolatzaileek, Kolonbiako Gobernua buru, Bernabé Unda sailburua gonbidatu zuten Euskadik azken hamarkada hauetan garatu duen berrikuntza- eta lehiakortasun-eredua azaltzeko. 

Horrela, eta erakunde publikoen eta pribatuen arteko lankidetza azpimarratuz, Euskadik hainbat proiektu esanguratsuetan izandako esperientziak azaldu zituen, adibidez, ibilgailu elektrikoa edota sare elektriko adimenduak. 

Ez da lehen aldia Euskadik bi proiektu horiek adibidetzat jartzen dituena. Izan ere, aurreko astean Lehiakortasunaren eta Klusterren Mundu Biltzarraren anfitrioi izan zen Euskadi, klusterren eredua aplikatzearen eta EAEko lehiakortasuna sustatzeko estrategiak garatzearen ondorioz nazioartean lortutako izen onari esker. 

Eusko Jaurlaritzaren panelak 'Avances y Desafíos de la Integración Física. Prácticas Innovadoras' izenburua  izan zuen, eta bertan, sailburuak bat egin zuen Latinoamerikako Merkataritza Ganbera Amerikarren Elkarteko zuzendari eragile Jose Raul Peralesekin eta Latinoamerikako Garapenerako Bankuko Azpiegitura presidenteorde Antonio Juan Sosarekin. 

Lehiakortasuneko adituek ere parte hartu dute saioetan, hala nola Etxe Zuriko aholkulari ohi Dan Restrepo; Harvardeko irakasle Clayton Christensen eta eskualdeko herrialdeetako zenbait ministro eta erakunde aldeaniztunen ordezkari batzuk. 

Erakunde esanguratsuekin egindako bilerak 

Lehiakortasun Foroa hasi aurretik, Euskadiko ordezkaritza ─sailburua, Nazioartekotze zuzendari Catalina Chamorro, Plangintza eta Estrategia zuzendari Inmaculada Freije, eta SPRIren Nazioartekotze zuzendari David Fernández─ Kolonbiako hainbat erakunde eta instituzioekin bildu zen, zehazki, Enpresa Garapeneko ministrorde Carlos Dehartekin eta Valle del Caucako Gobernuarekin. Azken horrek Euskadin Klusterren inguruan garatutako politikaren gaineko interesa agertu zuen, eta lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko aukera aipatu. 

Bestetik, ordezkaritzak bilerak egin ditu Kolonbiako nazioarteko turismoa, atzerriko inbertsioak eta esportazio ez tradizionalak sustatzeaz arduratzen den Proexport erakundeko arduradunekin eta Azpiegituretako Agentzia Nazionalarekin (ANI) Euskadiren indarguneak sustatzeko eta merkatu berrietan aukera berriak bilatzeko helburuarekin. Azpiegituretako Agentzia Nazionalak partaidetza pribatua duten azpiegitura-proiektuak (gehienbat, errepide, portu, aireportu eta trenbide nazionalak) finantzatzeko, guztiz garatzeko, egituratzeko, esleitzeko eta horien jarraipena egiteko beharrezkoak diren baliabideak definitzen eta kudeatzen ditu. 

Bestetik, Bogotako eta Caliko Merkataritza Ganberekin ere bilerak egin dira Kolonbiako, eta zehazki, Caliko enpresa-sarea eta sektoreak zehatz-mehatz ezagutzeko. 

Gainera, Invest Pacific Pazifiko kolonbiarrean inbertsioak sustatzeko agentziarekin eta herrialdeko patronal handiena den Kolonbiako Enpresaburuen Elkarte Nazionalarekin (ANDI) bildu zen Euskadiko ordezkaritza, informazioa partekatuz eta aukera berriak aztertuz. 

Azkenik, Caliko alkatetzarekin izandako bilera onuragarria izan da bi aldeentzat, biak interesatuta baitaude dibertsifikazioaren, garapenaren eta sektore-sustapenaren arloan. 

EAEko ordezkaritzak Basque Country Expertise ekimena aurkeztu zuen, zeinaren bitartez euskal enpresetan egiaztatutako eskarmentua eta kalitatea eskaintzen zaien atzerriko herrialdeei. Horrez gain, Euskadiren indargune turistikoak ere ezagutzera eman zituen. 

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak babesa eskaini zien Kolonbian dauden euskal enpresei horiekin izandako topaketa batean. 

Ameriketako Lehiakortasun Foroari buruz 

Ameriketako Lehiakortasun Foroa (ALF) gertakari bakarra da mendebaldeko hemisferio amerikarrean. Eskualdeko herrialdeen milaka ordezkarik hartzen dute parte urtero lehiakortasunari buruzko elkarrizketa kontinental batean. Atlantan (Estatu Batuetan) egin da 2007an, 2008an eta 2010ean; Txileko Santiagon 2009an eta Dominikar Errepublikan 2011n. 

Foroaren esparruaren barruan, Red Interamericana de Competitividad (RIAC) delakoa biltzen da urtero Ameriketako Lehiakortasun Agintari eta Kontseiluen eta kontinenteko Ekonomia, Finantza, Industria eta Merkataritzako ministroen topaketan, Ameriketako Ekonomia, Industria eta Merkataritzako Bileraren esparruaren barruan. 

Red Interamericana de Competitividad (RIAC) eskualdeko ekimen bat da eta Ameriketako lehiakortasuneko agintariek eta kontseiluek eta erakunde aldeaniztunek eta akademikoek hartzen dute parte hor. RIACeko partaideak dira lehiakortasun-arloan erantzukizuna duten agintariak, instituzio pribatuak edo publiko eta pribatuak, erakunde aldeaniztunak eta gaian espezializazioa duten instituzio akademikoak. 

Zehazki, hauek dira RIACeko partaideak: Latinoamerikako Garapen Bankua (CAF), Garapenerako Banku Inter-amerikarra (BID), Compete Caribbean Programa, Latinoamerikarako eta Kariberako Batzorde Ekonomikoa (CEPAL), Lehiakortasun Kontseiluen Federazio Globala (FGCC), Tokiko Aktoreen Nazioarteko Prestakuntza Zentroa (CIFAL), Monterreyko TEC, Munduko Bankua eta Amerikako Estatuen Erakundea (AEE). 

Ameriketako Lehiakortasun Foroari buruz informazio gehiago lortzeko, haren orrialde ofizialean sar zaitezke: 

http://www.competitivenessforum.org/

 Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 26a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)