Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko JaurlaritzakDonostialdeko Metroaren Kontxa-Morlans zatiko lanak esleitu ditu

2012.eko urriak 23

Urtearen amaieran proiektuaren %43 burutzen egongo da

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, Corsan Corvian, Altuna y Uria, Cycasa eta Murias enpresek eraturiko ABEE-UTE-ari esleitu dizkio Donostialdeko Metroaren Kontxa-Morlans zatiko lanak.      

Lehiaketara, 13 ABEE-UTE-tan elkarturiko 38 enpresa aurkeztu dira, eta beste bi bakarka aurkeztu dira. Kontratua 49.961.398 euroren truke esleitu da, eta lanak burutzeko epea 40 hilabetekoa izango da.

Hau da Eusko Jaurlaritzak esleitzen duen eta Donostia erdialdetik igarotzen den bigarren zatia, duela zenbait aste Lugaritz-Kontxa zatia esleitu baitzuen.

Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Donostialdeko metroaren proiektuan beste aurrerapauso bat da hau, izan ere proiektuaren %43,13 gauzatze bidean baita, obrak bukatuta edo bukatzear daudelarik.

Kontxa-Morlans zatia

Kontxa-Morlans zatiaren trazatuak 1,9 km-ko luzera du eta Kontxako pasealekuan dagoen La Perlako instalazioen ondotik Morlans ingururaino heltzen da.

Trenbide bikoitzeko tunelean joango den zati honetan haitzulo motako bi geltoki ere eraikiko dira: 

  • Erdialdea-Kontxako geltokia, Kontxako pasealekua eta Artzain Onaren plaza inguruan egongo dena. Geltoki horrek metroa Donostiako hiri-zabalgunearekin lotuko du. Sarbide-ahoak Xabier Zubiri plazan eta Loiola kalean egongo dira. Igogailua, berriz, Easo kalean jarriko da.
  • Easoko geltokia: gaur egun Amarako geltokia dagoen inguruetan egongo da. Sarbide-ahoak Easo plazan eta Autonomia kalean egongo dira. Igogailua, berriz, Osasun Iturriaren kalean egongo da eta hiru geraleku izango ditu: Osasun Iturriaren kalean, Autonomia kalean eta geltokian.

Obrak egiten diren bitartean, tunelera sartzeko bi arrapala jarriko dira: bat Kontxa inguruan eta bestea Morlanseko ibarbidean. Lanak gauzatzeko epea 40 hilabetekoa izango da.

Donostialdeko metroaren garapena

Urte amaieran obra hauek hasten direnean, Donostialdeko metroaren proiektuaren % 43,13 gauzatzen ariko da. Zati batzuk dagoeneko zerbitzua eskaintzen ari dira.

Donostialdeko metroak lau geltoki berri izango ditu Donostia erdialdean: Bentaberri-Unibertsitatea, Matia-Antiguo, Kontxa eta Easo. Horiez gain, beste hauek izango ditu: Intxaurrondo, Añorga, Herrera, Altza eta Loiolako Erriberak. Bestalde, azpiegitura berriak izango ditu Lasarte-Orian, Errenterian, Hondarribian, Aireportuan eta Irunen.

Azken hilabeteetan Lasarte-Errekalde, Errekalde-Añorga eta Fanderia-Oiartzun zati bikoiztuak zerbitzuan sartu dira. Gainera, trena erabiltzen dutenek bost geltoki berri dituzte: Añorga, Fanderia (orain arte bertan ez zegoen geltokirik), Oiartzun, Herrera eta Intxaurrondo (orain arte bertan ez zegoen geltokirik).

Euskotreneko tren berriak 7 minutu eta erdiko maiztasunarekin ibiliko dira. Hain zuzen ere, irekita dauden zati berrietan (Fanderia-Oiartzun eta Lasarte-Errekalde-Añorga) bidaiariak bidaia-denbora txikiagoak dauzkate dagoeneko.

Gauzatze-bidean den beste puntu estrategiko bat Arasoko tailerrek eta kotxetegiek osatzen dute, behar-beharrezko instalazioak baitira daukaten edukierarengatik eta Donostialdeko metroarentzat duten erabilgarritasunarengatik.

Horrez gain, ekainean, Altza trenbidez hirigunearekin eta beste eskualde batzuekin lotuko duen linearen eraikuntza-lanak hasi ziren eta Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda eraikitzeko proiektua idazteko enkantea egin da dagoeneko. Proiektu horrek jarraipena emango dio Herrera-Altza zatiari.

Egindako mugikortasun-azterlanek aurreikusten dutenaren arabera, etorkizunean Donostialdeko metroa urtean 33 milioi pertsona inguruk erabiliko dute. Hortaz, laukoiztu egingo da gaur egun "topoak" mugitzen duen bidaiari-kopurua (urtean 7 milioi bidaiari ditu orain). Hau da, egunean 23.000 bidaiari izatetik 116.000 izatera pasatuko da 000.

Azpiegitura osatzen duten jarduketa guztietatik, Donostiako lurpeko saihesbidea da errentagarritasun ekonomiko, sozial eta finantzario handiena ekarriko duena, horretarako egindako azterlan batek erakusten duenez; tarte horretan barne-errendimenduaren tasa positiboa izango litzateke.

Donostialdeko metroak zuzeneko zerbitzua emango die Gipuzkoako herritarren %65ari.

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)