Eusko Jaurlaritzak 1,2 milioi euroko diru-laguntza eman die Euskadiko ingurumena hobetzen duten ehun proiektu ingururi
Euskal Autonomia Erkidegoko 93 enpresak 1.269.872,62 euro jasoko dituzte, guztira, ingurumena hobetzeko proiektuetan inbertitzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Euskadiko enpresei emandako diru-laguntzei esker. Laguntza horiek hamar bat lanpostu berri sor ditzakete, eta 2,7 milioi euroko zuzeneko inbertsioa eragin EAEko enpresetan.
135 enpresak 176 proiektu aurkeztu dituzte, guztira, ingurumena hobetzeko inbertsioak egiteko 2012ko deialdian. Proiektu horietatik 102 izan dira diru-laguntzen onuradun.
Deialdiak bi prozedura ditu eskariak onartzeko. Prozedura arruntaren baitan, 50 proiektuk jaso dute diru-laguntza; kasu honetan, proiektu horien gauzapenak 13 milioi euroko inbertsioa ekarriko du guztira, gutxi gorabehera. Azpimarratzekoa da diruz lagundutako enpresen % 63 ETEak direla. Laguntza horien % 35 hondakinen alorreko 16 proiektutara zuzendu da, % 26 airearen alorreko 15 proiektutara, % 27 uraren alorreko 15 proiektutara, eta gainerako % 12a lurzoru, zarata eta ingurumen-azterlanekin zerikusia duten proiektuetara.
Prozedura erraztuaren baitan, 52 proiektuk jaso dute diru-laguntza. Hain zuzen ere, laguntzak eman dira ingurumen-inbertsioak egin aurreko azterlanetarako, berotegi-efektuko gasen igorpena murrizteko igorpenen salerosketari buruzko araudiaren mende ez dauden instalazio finkoetan, eta ETEentzako laguntzak kanpo-aholkularitzako zerbitzuetarako: EMAS erregistroan inskribatzea, ekodiseinuaren araua ezartzea eta egiaztatzea, ekoetiketak eta karbono-aztarnaren kalkuluak, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Informazioaren Kudeaketa Integralaren Sistemarekin elkarreraginean aritzeko beharrezkoak diren egokitzapenak.
Berritasunak izan dira 2012ko deialdian; esaterako, beste irizpide bat erantsi da balorapena egiteko, alegia, proiektuak enplegua zuzenean edo zeharka (zerbitzuen kontratazioa eta/edo ekipoen erosketa) sortzea EAEn. Deialdi honetako diru-laguntzekin, datozen bi urteotan bederatzi zuzeneko lanpostu sortuko dira gutxienez, eta 2,7 milioi euro baino gehiago inbertituko dira EAEko enpresetan.
Beste berritasun bat izan da eskaria telematikoki aurkeztu ahal izan dela, www.ingurumena.net webgunean. Zortzi enpresak erabili dute bitarteko hori, guztira bederatzi proiektu aurkeztuta. Hurrengo deialdietan diru-laguntza hauen kudeaketa telematikoki egingo da.
Bi prozeduretan diruz lagundutako proiektuen ezarpenetik espero diren ingurumen-onuren artean, honako hauek aipatu daitezke:
• Berotegi-efektuko gasen igorpena murriztea: kalkulatzen denez, 816.476 tona CO2 gutxiago.
• Atmosferara igorritako gas kutsagarrien igorpena murriztea: kalkulatzen denez, 24,10 tona SO2, 42,33 tona NOx, 26,29 tona partikula eta 2,82 tona KOH gutxiago.
• 191.000 metro kubiko ur aurreztea, eta isuri likido industrialetan 58 tona partikula eta 10 tona karga organiko gutxiago isurtzea.
• Hondakin gutxiago sortzea (1.122 tona hondakin arriskutsu eta 5.886 tona hondakin industrial ez-arriskutsu gutxiago), eta berrerabilera, birziklapen eta balorizazio jarduerak handitzea (128 tona hondakin arriskutsutan eta 13.397 tona hondakin ez-arriskutsutan).
• Kutsatuta egon daitezkeen 45.200 m2 lurzoru lehengoratzea.
• Karbono-aztarna kalkulatzea 17 enpresa edo produktutan, 7 ekoetiketa egiaztatzea, ekodiseinu-jarduerak 13 enpresatan txertatzea, baso-jasangarritasunaren ziurtagiria 3 enpresatan, eta 3 enpresa EMASen erregistratzea.
-
2012-10-24
Comentario de Twitter:
El Gobierno Vasco subvenciona con 1,2 millones € un centenar de proyectos que mejoran el medio ambiente en Euskadi http://t.co/4qgFF9PW