Berriak Osasun eta Kontsumoa

Hedapen fasearekin jarraituz, Bizkaiko Lekeitio, Ea, Aurlesti, Ispaster eta Mendata-Munitibar udalerrietan ezarriko da e-Rezeta

2012-10-23

Lehen aldiz, 1.000 e-rezeta baino gehiago banatu dira eguneko

Aurrera doa E-Rezetaren hedapena Bizkaian, eta bihartik aurrera, urriaren 24a, medikamentuak agintzeko sistema berri hau erabilgarri egongo da Lekeitio, Ea, Aulesti, Ispaster eta Mendata-Munitibar udalerrietan. Hau da, Derio eta Elorriorekin batera (uztailaren 23an eta urriaren 9an, hurrenez hurren), zazpi izango dira e-rezeta sistema ezarrita edukiko duten udalerri bizkaitarrak.

Beste lurraldeei dagokienez, esan Arabako Rivabellosa eta Bastida herrietan eta Gipuzkoako Oñatin ere ezarrita dagoela E-Rezeta.

E-Rezeta sistema erabiltzen hasiko diren bost udalerri bizkaitar horietan, guztira, 10.206 lagunek dute Osasun Txartel Indibiduala. Lekeition osasun zentro bat dago eta 3 farmazia-bulego; Ean kontsultategi bat eta farmazia-bulego bat, eta Aulesti, Ispaster eta Mendata-Munitibarren kontsultategi bat eta botikin bat bakoitzeko.

1.000 e-rezeta baino gehiago eguneko

Abian jarri zenetik (Derio, urriaren 23a) urriaren 21a arte, 29.693 medikamentu banatu dira sistemaren bidez, eta 12.248 paziente artatu dira. Egin diren medikamentu-banaketen % 71 gaixotasun kronikoak tratatzeko eman diren medikamentuei dagokie.

E-Rezetaren hedapena martxa onean doa, eta jada, Osasun Txartel Indibiduala duten 31.500 lagun barne hartzen ditu. Horrela, urriaren 15ean, 16an eta 17an, lehen aldiz, 1.000 medikamentu baino gehiago agindu ziren sistema horren bidez. Zehazki, urriaren 15a, astelehena, izan zen e-rezeta gehiago agindu zen eguna, 1.325 guztira. Bastidan E-Rezeta martxan jarri denetik, urriaren 18an, 800 medikamentu baino gehiago agindu dira eguneko (asteburuak salbu).

E-Rezeta medikamentuen erabileran dagoen segurtasuna modu nabarmenean indartzen duen sistema da, zeren eta osasun arloko profesionalen eta farmazia-bulegoen arteko komunikazioa askoz bizkorragoa baita, biek sarbidea dutelako pazientearen historial farmakoterapeutikora; horrela banaketako akatsak eta bikoiztasunak ekiditen dira.  

Azken horientzat, gainera, tratamenduen segimendua indartu egiten da, informazio gehiago baitute; aldi berean, erasotasunean ere irabazi egiten da, sistema honekin ez baitago zertan osasun-zentrora joan errezetak berritzera. Aldi berean, aurrerapausoak eman dira paperezko errezetak guztiz desagerrarazteko prozesuan.

E-Rezeta gizarte osoari mesede egiten dion sistema da, baina batik bat gaixo kronikoen kolektiboak jasoko ditu sistemaren onurak, horiexek baitira medikamentu gehien kontsumitzen dutenak.

E-Rezetaren lehen hedapen-fasea azaroaren 8an amaituko da, Hondarribian (Gipuzkoa). Asmoa da 2012 amaieratik 2013 hasierara bitartean e-Rezeta EAE osora zabaltzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan