Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintza Frantziako poliziarekin koordinatu da, Athletic eta Olimpique Lyon taldeek jokatuko duten partidara begira

2012.eko urriak 22

Bostehun zale inguru joango dira partida ikustera

Ertzaintzak Frantziako poliziarekin kolaboratuko du Olimpique Lyonek eta Athleticek jokatuko duten partidako segurtasun lanetan; norgehiagoka datorren ostegunean izango da Lyonen, Europa League txapelketaren barruan. Aurreikuspenen arabera, bostehun euskal zale inguru joango dira; polizia arduradunek Gerland Stadium futbol zelai inguruetara ez joateko gomendatu die, bertan elkartu ohi direlako bertako jarraitzaileak. Frantziako polizia oso zorrotza da zenbait arlotan, besteak beste, material piroteknikoa edo laser erakusleak erabili, drogak kontsumitu edota hiriko kaleetan alkohola edateari dagokienez.

Datorren ostegun arratsaldean Athleticek Olimpique taldearen aurka Gerland futbol zelaian jokatuko duen partidari begira, Bilboko Ertzain-etxeko agenteak Frantziako poliziarekin koordinatzeko azken lanak bukatzen ari dira, hitzordura joango diren zaleen segurtasuna uneoro bermatzeko, bai futbol zelaira doazenean, bai partidan bertan zein partida bukatutakoan. Zenbait ertzaina Lyonera joango dira euskal zale gehienak iritsi aurretik; aurreikuspenen arabera, bostehun jarraitzaile joango dira norgehiagoka ikustera.

Polizia kolaborazioa

Azken egunetan, Frantziako poliziarekin informazioa trukatzeko lanetan aritu da Ertzaintza; horren haritik, Frantziako poliziak zenbait gomendio helarazi dizkio Ertzaintzari, euskal jarraitzaileek aintzat har ditzaten. Besteak beste, Galtier plazaren ingurura ez joateko aholkatu dute, bertan elkartu ohi direlako Frantziako zale erradikalak. Horrez gain, material piroteknikoa, laser erakusleak edo kalteak eragin ditzakeen beste edozein objektu erabiltzea debekatuta dagoela gogorarazi dute; horren haritik, horrelako produktuak kirol eremura sartzea erabat galarazita dago. Bidenabar, Lyoneko bide publikoetan edari alkoholdunak edatea debekatuta dagoela gogorarazi dute; halaber, kontuan hartu behar da mozkortuta egotea edo drogak kontsumitzea poliziak atxilotzeko motibo izan daitezkeela.

Futbol zelaira sartzea

Futbol zelaira iristeari dagokionez, Frantziako poliziak garraio publikoa erabiltzeko gomendioa helarazi du, bereziki metroa; izan ere, metroko B lineak geltoki bat du futbol zelaiaren alboan. Autoz edo autobusez joango direnek Jean Bouin kalean izango dute aparkalekua, eremuaren alboan, hain zuzen ere. Jarraitzaile bisitariek hego-ekialdeko sarbidetik sartu beharko dute, Jean Bouin eta Pierre de Coubertin kaleen artetik; azken orduan aglomerazioak izan daitezkeela aurrez ikusi behar da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan