Berriak Ekonomia eta Ogasuna

Finantzen Euskal Kontseiluak akordio bat lortu du 2012 urteko itxiera-aurreikuspenean

2012.eko urriak 23

Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiak akordio batera iritsi dira, eta  ekitaldiaren itxiera-aurreikuspena 11.401 milioi eurokoa izango da.

Diru-sarreren aurreikuspen horrekin egiaztatzen da Gobernuak bete ahal izango duela 2012 ekitaldi honetarako aipaturiko defizit-helburua.

2013ko bilketa-zenbatespenean, foru aldundiek 11.825 milioi euroko proposamena aurkeztu dute.  Aurreikuspen horretan ez da sartu 2013ko ekitaldian eragina izango duen zerga-aldaketarik. Eusko Jaurlaritza ez dago ados proposamen horrekin, ez baitu biltzen Gobernu Zentralak dagoeneko ezarriak dituen neurrien eta beste batzuen bilketa-ahalmen guztia.

Gobernuak adierazi du proposamen horrek EAErako finkatzen duen presio fiskala nabarmen baxuagoa dela Estatuko gainerako lekuetan ezarritakoa baino. Eta Aldundiei aditzera eman die bilketa horrekin hurrengo gobernuak ezingo diela eutsi gure gizarte-sistemaren zerbitzu eta prestazioei, eta ezingo diotela ekonomia produktiboari lagundu krisitik irteteko eta lanpostuak sortzeko.

Hain zuzen ere, azken asteetan, Eusko Jaurlaritzak proposatu du, beste behin ere, zerga-eredu  bideragarri bat, bilketarako gaitasun handiagoa duena.

Neurri horien artean ditugu lehendakariak proposatutakoak, zenbatespenen arabera bilketa 400 milioi euro igotzeko aukera emango luketenak; horien  oinarri funtsezkoenetako bat iruzurraren aurkako borroka litzateke.

Neurri horiekin guztiekin, Estatuak aplikatu dituenekin eta aplika ditzakeenekin, kantitate nabarmen handiagoa lortuko litzateke, eta gure herriak behar dituen politikak ziurtatzeko 2013an gastu-maila nahikoari eusteko aukera emango luke.

Dena den, igandeko hauteskundeek jokaleku politikoa aldatu egin dute; beste gobernu bat izango da 2013ko Aurrekontuak diseinatu eta gauzatuko dituena eta krisiak planteatzen duen erronkari erantzuna emango diona.

Errealitate horri erantzuteko eta krisiaren testuinguruan sartuta, Eusko Jaurlaritzak, erakunde-erantzukizuna kontuan hartuz, abstenitzea erabaki du 2013ko diru-sarreren aurreikuspen-akordioa ez blokeatzeko, baina adierazi du ez dagoela horrekin ados, diru-sarreren atalari ez zaiolako irtenbiderik ematen, eta hori ez datorrelako bat herri honen beharrekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Diputados Generales