Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Jaurlaritzak malgutu, erraztu eta arindu egin ditu babespeko etxebizitzak esleitzeko prozedurak

2012.eko urriak 20

Iñaki Arriola Etxebizitzako sailburuak aste honetan onartu du babespeko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurak eta Etxebide, etxebizitza eskatzaileen erregistroa malgutu, erraztu eta arindu egiten dituen Agindua, Euskadiko etxebizitza eskariaren benetako premiei modu eraginkorrean erantzun ahal izateko.

Herritarren, botere publikoen eta babes ofizialeko etxebizitzen arloan diharduten eragileen esku tresna egokiago eta modernoagoak jartzea da helburua, erabakiak hartzea errazagoa izan dadin haientzat.

Modu ahalik eta azkarrenean merkaturatu nahi dira, besteak beste, sustapen ezberdinetako babes ofizialeko etxebizitzak, berdin diolarik lehen, bigarren edota ondorengo esleipenak izan.

Horrela, Etxebiden izena emanda daudenak alokairua edota erosketa hautatu beharko dute, eta erostea hautatzen badute, euren borondatez inskribatu beharko dira erabakitzen duten sustapenetan. Horrek, zalantzarik gabe, gutxiagotu egingo ditu etxebizitzak esleitzeko gaur egungo zailtasunak.

Etxebizitzak hautatu eta esleitzeko zozketa sistema erabiliko da sustapena erosketa araubidekoa bada, eta baremazio sistema erabiliko da alokairuko etxebizitzen edo zuzkidura-bizitokien kasuan.

Baremazio irizpideak izango dira, lehentasun hurrenkeraz, honako hauek:

Inskripzioaren antzinatasuna, diru-sarrerak, erroldatzea, etxebizitza-premia bereziak ( adimen eta garapen desgaitasuna  edota gaixotasun mentala duten pertsonak, guraso bakarreko familiak, genero-indarkeriako biktimak, dibortziatuak edo legez bananduak, gerora sortutako arazoengatik etxea ordaindu eta ohiko bizilekurik gabe gelditu direnak, 70 urtetik gorakoak eta 30 urtetik beherakoak).

Sustapen bakoitzean itxaron-zerrendak sortuko dira, sei hilabeterako, eta behin horiek agortuta, sustatzaileak zuzenean esleitu ahal izango dizkie babestutako etxebizitzak eskuratzeko betekizunak betetzen dituztenei.

Onartutako Aginduak udalen autonomia errespetatzen du eta haien esku uzten du etxebizitzak nola esleitzeko erabakia.

Etxebizitza eskatzaileen Erregistroko inskripzioak urte biko balio-epea izango du. Etxebidek garaiz jakinaraziko die inskribatuta dauden pertsonei edota bizikidetza-unitateei inskripzio-epea agortzear dagoela, hura berritzea nahi badute.

Eskatutako araubidepean eta bizikidetza-unitatearen bizitegi-premiei egokitzen den etxebizitza baten esleipenari uko eginez gero, Erregistroan baja ematea ekarriko du, aldi batean inskribatzeko debekua eta antzinatasuna galtzea. Salbuespen egingo da etxebizitza erosketa araubidekoa bada eta eskatzailea edota bizikidetza-unitate eskatzaileko edozein kide langabezian geratzen bada gerora.

Agindua hau urtarrilaren 2an sartuko da indarrean, Administrazioak sistema informatikoak araudi berrira egokitzeko astia izan dezan. Agindu hau indarrean sartu aurretik inskribatuta dauden pertsonei eta bizikidetza-unitateei aldaketen berri emango die Etxebidek, eta bi hilabeteko epea emango dizkie egoki deritzoten aldaketak jakinarazteko, sarbide-araubideari eta eskaria egiten duten udalari buruzkoak, hain zuzen.

Utzarazpenak

Agindu berriak hipoteka betearazpenen biktima izan diren pertsonei erantzungo die.

Izan ere, adin txikiko seme-alabak dituzten familiei edo bizikidetza-unitateei, gizarte-bazterkeriaren arrisku larrian badaude, Etxebizitza Sailak alokairuko etxebizitza bat esleituko die zuzenean. Gainontzeko kasuetan, lehentasuna izango dute alokairuko BOEak esleitzeko prozeduretan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)