Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

2012ko Nagusi Sariak

2012.eko urriak 19

Zazpigarren urtez jarraian, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak NAGUSI sariak eman ditu. Ekitaldia, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua bertan zela egin dena, NAGUSI azokaren harira, sail horrek antolatutako jardueren barruan sortutako errekonozimendua da. Sariak pizgarri izan nahi du, eta eskerron apal eta kutunaren adierazpen, egunero, eta askotan anonimatutik eta inolako protagonismorik bilatu gabe, gure gizartea hobetzeko eta adineko jendeak gizartearen parte aktibo izaten jarrai dezan lan egiten duten pertsona eta erakundeentzat.

2012. urtean honako hauei eman zaie saria:

1. ADAKA: Portugaleteko Boluntariotza Sustatzeko Zerbitzua
Adaka Manuel Calvo Fundazioak eta Portugaleteko Udalak sortu zuten, herrian boluntariotza eta boluntarioen elkarteak sustatu eta bultzatzeko asmoarekin.
Adaka komunikazio, lan eta topaketarako espazio bat da, eta Portugaleten boluntariotza-lanean jardun nahi duten irabazi-asmorik gabeko elkarteei, boluntarioei eta, oro har, herritarrei eskaintzen dizkie zerbitzuak.
Portugaleteko Boluntariotza Sustatzeko Zerbitzuak, elkartasun eta boluntariotzaren eremuan lana errazteko eta hobetzeko behar dituzten tresnak eta baliabideak eskaintzen dizkie elkarteei eta gizarteko eragileei.
Adakak elkarteen parte-hartzearen eta garapenaren alde dihardu, lagundu egiten die prestakuntzan, kudeaketan, teknologia berrien erabileran eta beren arteko harremanean. Horretarako, orain arte burutu dituen jarduerez gain, beste tresna bat paratu berri du Interneten: boluntariotzaren ataria. Atari horren bidez, errazagoa eta estuagoa izango da elkarteen eta herritarren arteko harremana, eta elkarteek eta gizarte-eragileek sarean egiten duten lana ere bai.
www.adaka.org

2. LOS CINCO BILBAINOS: Aurten 50 urte bete dira taldea sortu zutela.
Penintsula Iberiarreko ahots-talderik zaharrena dugu. Herri-musikako talde bikaina da, ezbairik gabe, eta haren errepertorioan, euskal musika gailentzen da, zortzikoa izar dela. Boskotearen katalogoa, ordea, zabala da, eta denetarik hartzen du: habanerak, jotak, pasodobleak, boleroak, txotisak, eta, jakina, bilbainadak.

3. GIPUZKOAKO ELIKAGAIEN BANKUA. Gipuzkoako Elikagaien Bankua Boluntarioen lanean oinarritutako elkartea da. Elkartea osatzen duten kideek beren denbora eta lana jartzen dute, elkarteak funtziona dezan, eta elikagaiak onura-elkarteei entregatzen dizkiete, gero, horiek beharrean daudenen artean bana ditzaten.
Bankuaren helbururik behinena da elikagaiak ez xahutzea. Eta helburu hori betetzeko, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak lan handia egiten du Gipuzkoan elikagaiak ekoizten edo banatzen dituzten enpresen soberakinak lortzeko, eta jendeak opari gisa emandakoak jasotzeko, gero gure gizartean behar handiena duten pertsonez arduratzen diren erakundeei helarazteko.
www.bancoalimentosgipuzkoa.org

4. VITORIA-GASTEIZKO DENBORA-BANKUA
Caminando por las Estrellas denbora-bankua 2004ko irailean abiatutako elkartea da. Pertsona-talde baten ahaleginak bateratu nahian sortu zen: zerbitzuak eta denbora trukatzeko, eta truke horretan, bakoitzak bere trebetasunak, abileziak edo dena delakoa eskainiz, besteei beren beharrak asetzen laguntzeko.
Lanbide kualifikatu nahiz kualifikatu gabeen zerbitzuak behar dituen edonorentzat da elkartea. Kontua da guztioi egunero sortzen zaizkigun beharrei erantzutea, gure denbora musu-truk eskainiz, "zuk besteak behar duena egin dezakezu, eta e beste norbaitek zuk behar duzuna egingo dizu", "Denbora zuretzat, eta denbora neretzat".
Azken finean, helburua da, jendea, elkarri laguntzeko beharraz jabetuaraztea, eta guztion bizi-kalitatea hobetzea, pertsona bakoitzak hobekien egiten duena eginez.

Bestalde, NAGUSI ferian Eusko Jaurlaritzak jarri duen stand barruan garatuko diren jardueren artean "Adinekoak ere izango gara" erakusketa azpimarra daiteke eta hainbat tailer praktiko familia-bizitzan tentsioak saihesteari buruz edo zeregin partekatuetan erantzukidetasunaren balioari buruz. Halaber, boluntariotzaren tourra ere bertan izango da, "2012: Solidaritatea Euskadin dago" lelopean, eta bere helburua boluntariotzaren eta boluntariotza zabaltzen duten eragileen lana ezagutzera ematea da. Standaren eduki guztiak zabalik daude bisitari guztiek zuzenean parte har dezaten.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan