Berriak Herrizaingoa
Eu

Hauteskunde-egunari buruzko informazio osoa emateko prentsaurrekoa

2012.eko urriak 19

Komunikabideetarako deialdia 

Bihar, urriak 20, goizeko hamaiketan, Herrizaingo sailburuordea den Raúl Fernández de Arroiabe-k eta Hauteskunde Administrazioko zuzendaria den Sonia Fernández-ek prentsaurrekoa emango dute Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialean, xede honekin: hauteskunde-prozesuari buruzko informazio osoa ematea, emaitzen, parte-hartze indizeen eta gertakizunen berri emateko erabiliko diren mekanismoen aurrerapena egitea, eta komunikabideetako profesionalek horri buruz izan ditzaketen zalantzak argitzea.

Igandean, urriaren 21ean, hauteskunde-egunean, hainbat prentsaurreko eta agerraldi egingo dira Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialean, bozketetan jazo daitezkeen gertakariei buruz zein parte-hartze ehunekoen bilakaerari buruz informatzeko.

10:00etan, Herrizaingo sailburuordea den Raúl Fernández de Arroiabe-k eta Hauteskunde Administrazioko zuzendaria den Sonia Fernández-ek agerraldia egingo dute Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialean, une horretan eskura daukaten informazioa emateko, botoa emateko zentroak irekitzerakoan jazo ahal izan diren gertakariekin eta une horretara arte prozesuak izan duen bilakaerarekin lotuta.

13:00etan, sailburuordeak eta zuzendariak beste agerraldi bat egingo dute, 12:00etara arte izan diren parte-hartze indizeei buruzko datuak emateko.

18:00etan, sailburuordeak eta zuzendariak euren azken agerraldia egingo dute, 17:00etara arte izan diren parte-hartze datuei buruzko informazioa emateko.

Hauteslekuak itxi eta zenbaketa hasi eta gero, zenbaketa horrek hiru Lurraldeetan datu esanguratsuak ematen dituenean, gutxi gorabehera gaueko bederatzietan, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saileko sailburua den Idoia Mendia-k agerraldia egingo du Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialean, zenbaketatik ondorioztatzen den boto- eta aulki-banaketaren lehenengo datuak emateko.

Une horretatik aurrera, zenbaketaren bilakaera zuzenean jarraitu ahal izango da, ezarritako zabalkunde-kanal ezberdinen bitartez.

Geroago, zenbaketa amaituta dagoenean eta ia behin betikoa denean, sailburuak beste agerraldi bat egingo du.

Prentsako 140 profesional

Orain arte guztira komunikazioko ehun eta berrogei profesionalek -guztira hogeita hamabost hedabidetakoak- eskuratu dute akreditazioa hauteskunde-eguna Lehendakaritzako Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialetik jarraitzeko. Jarraipen hori errazago egin dezaten, Hauteskunde Administrazioko Zuzendaritzak Zentroan hainbat baliabide tekniko ezarri ditu, besteak beste telebistako erakunde-seinalea, telefono-lineak eta Interneterako nahiz emaitzen hedapenerako intraneterako konexioa.

Intranet horretara sartzeko aukera izango dute alderdi politikoek eta erakunde eta organismo publikoek ere, zeinek bere egoitzan. Hauteskunde Administrazioko Zuzendaritzak guztira ehun eta berrogeita hamar terminal instalatu ditu prozesuaren jarraipena egiteko.

Interneten, zenbaketaren jarraipena www.elecciones.net webgunearen bitartez egin ahal izango da. Webguneak datu-base bat dauka, eta bertan biltzen ditu 1977az geroztik Euskadin burututako hauteskunde-prozesu guztien emaitzak, eta legezko araudia, hauteskunde-albisteak, inkestak eta hauteskunde-prozesu honi zein aurrekoei buruzko beste eduki interesgarri batzuk ere bai. Azken hilabetean webguneak hirurogei mila bisita baino gehiago izan ditu, eta bere postontziaren bitartez erantzun diren kontsultak berrehun baino gehiago izan dira.

Beste alde batetik, jendeari arreta emateko Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu arrunta, "Zuzenean" zerbitzua, 012 telefonoaren bitartez, lehengo hauteskundeetan Hauteslearen arretarako telefonoak betetzen zuen zeregina -herritarren kontsultak bideratzea- bere gain hartu duen bitartekoa da. "Zuzenean" zerbitzuak aste hauetan zortziehunetik gora kontsulta jaso ditu prozesu honi buruz.

Azkenik, urriaren 22ko goizeko lehen orduan, herri administrazioen, alderdi politikoen eta beste organismo batzuen ordezkarien artean Hauteskunde Administrazioko zuzendaritzak egindako argitalpen digital bat banatuko da botazioen emaitzaren berri emateko, udalerrika eta lurralde historikoka banakaturik.

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko