Berriak Lehendakaritza
Eu

Subsidiariotasun eta proportzionaltasun printzipioa Europako arau erregulazioan

2012.eko urriak 18

Subsidiariotasun-printzipioa Zuzenbidean, demokrazia parte-hartzailean, gizarte-egiturako kide guztiek ekonomian eta gizartean aurrera egin ahal izateko dagozkien arauak askatasunez erabakitzeko duten eskubidearen erabateko errespetuan oinarritzen da. Horrela, Europar Batasunak eskumen esklusiboa duen eremuetan baino ezin ditu egin legeak. Aldiz, estatu kideek beren gobernu zentralaren bidez nahiz eskualde- zein toki-erakundeen bidez xede-ekintzaren helburuak behar bezala lortu ezin dituztela uste duenean jardun ahal izateko, parlamentu nazionalen kontrolpean ipini behar du.

Era berean, parlamentu nazionalak, printzipio hori zaintzearren, autonomietako parlamentuen lankidetza eskatu behar du, zehatz aztertzeko proposatu den Europako legegintza-ekimenak autonomia- eta toki-mailan izan dezakeen eragina, eta subsidiariotasun- eta proportzionaltasun-printzipioari egokitzeari buruzko iritzia emateko.

2010. urtetik aurrera Eusko Jaurlaritzak lankidetza eman dio Eusko Legebiltzarrari, subsidiariotasunari buruzko 273 txosten egin baititu hainbat gairekin lotuta: barne-merkatua; gizarte-politika; ingurumena; nekazaritza eta arrantza; ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa; energia; segurtasuna; justizia; etab. Txosten horietako gehienak Eusko Legebiltzarreko bidezko sektore-batzordearen irizpen arrazoituaren bidez berretsi dira, Gorte Nagusietara bidaltzeko.

Eusko Jaurlaritzak lankidetzarako jarrera irekia islatu du aipatutako txostenak egitean, Legebiltzarreko bidezko sektore-batzordearen aurrean agertzean zein gaiari buruzko iritzia ematean. Bada, Estatu mailan eta Europar Batasunaren mailan oso balorazio positiboa egin dute jarrera horri buruz, oso eraginkorra delako eta gainerako autonomia-erakunde gehienetan ez delako horrela egiten.
Erkidegoko legeriaren % 90 subsidiariotasun-kontrol horren pean egon daiteke, estatuekin edo autonomietako gobernuekin batera partekatutako eskumenak direlako. Bada, Eusko Legebiltzarrarentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat, ukaezinak dira Europar Batasunak arautu beharreko edukiak kontrolatzeko eta araudien eragina aztertzeko prozedura egokiak dakartzan onurak, bai autogobernua zaintzeko eta baita autogobernua gauzatzeko ere. Egingo ez bagenu, ez genituzke behar bezala gauzatuko gure eskumenak eta, gainera, arrisku handia izango litzateke ekonomiaren ikuspegitik. Izan ere, eskualdeen partida-mailak oso ezberdinak dira hainbat eremutan, eta ezarri nahi diren Erkidegoko erregulazio batzuk ezinezkoak izan litezke horietako batzuentzat.

Lankidetza horren emaitzetako bat izan da 2012ko irailaren 25ean Mª Jesús Carmen San José López Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria izendatu zela Europar Batasuneko Eskualdeetako Batzordearen barruan subsidiariotasun arloko adituen lantaldean aritzeko.
Datorren urriaren 25ean izango da adituen lantalde horren lehenengo bilera, Europako Batzorde Orokorraren 2013rako legegintza- eta lan-programa argitaratu ostean. Batzorde horretako Idazkaritzako kideek hurrengo urterako lan-programa eta eraginak ebaluatzeko plangintza aurkeztuko dute. Oinarria hori dela, subsidiariotasunaren ikuspegitik landu beharko liratekeen gaiak identifikatzearen inguruan eztabaidatuko dute adituek.
Gure ustez partaidetza funtsezkoa da Europan hartuko diren erabakiak herritarrenganako ahalik eta eraginkor eta hurbilenak izan daitezen.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Sofía de Orúe