Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

SPRIk luzatu egin du mikroETEen lehiakortasuna hobetzen duten konponbideak ezartzeko programa

2012.eko urriak 18

 

  • - EAEko 853 mikroETE eta autonomok informazio teknologien arloko 5.443 konponbideetako bat edo batzuk ezarri dituzte negozioaren lehiakortasuna hobetzeko.
  • - Industria Sailaren "IKT Konponbideen ezarpena Euskadiko autonomo eta mikroETEentzat" programa 10 langile baino gutxiagoko edozein jarduera sektoretako mikroETEei eta autonomoei zuzentzen zaie.
  • - Programa 2011tik dago martxan eta azken lau hilabeteetan bikoiztu egin da izena eman dutenen kopurua.
  • - Parte-hartzaileen %65ak adierazi du posizionamendu kanal berrien eta webeko sustapenen bidez iritsitako bezero berri gehiago dituela; negozioen %35ak bere salmentak handitu ditu azken hilabeteetan, bezeroak gusturago daudelako ematen dieten zerbitzuarekin; eta parte-hartzaileen %70ak marka irudia hobetu du.

 

 

SPRI Taldeak -Euskadiko enpresa sareari laguntzen dion Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzoak- luzatu egin du  "IKT Konponbideen ezarpena Euskadiko autonomo eta mikroETEentzat" programa, zeinaren bidez 853 euskal mikroETE eta autonomok informazio teknologien arloko 5.443 konponbideetako bat edo batzuk ezarri baitituzte urte eta erdian, beren negozioaren lehiakortasuna hobetzeko. Programa iazko maiatzean sortu zen eta azken lau hilabeteotan bikoiztu egin da izena eman dutenen kopurua.

10 langile baino gutxiagoko edozein jarduera sektoretako mikroETEei eta autonomoei zuzentzen zaie. Programaren helburua da negozio horien lehiakortasuna hobetzea Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) ezarriz eta erabiliz; horretarako, aholkulari teknologiko neutral batek dohainik lagunduko die.

Une honetan, IKTen Katalogoan 240 produktu baino gehiago daude 40 kategoriatan sailkatuta: ematen duten onura, zein sektoretara zuzentzen diren, hizkuntza, kostua... Katalogo hori aditu teknologikoek IKT konponbideei eta negozioen premiei buruz eginiko azterlanaren emaitza da.

Ezarpena eta onurak

Arestian esan bezala, orain arte 5.443 konponbide baino gehiago ezarri dira programan izena eman duten 853 negozioen artean. 2.0 baliabideetan sustatzeko konponbideak dira: emailing marketing-a, ecommerce atariak eta sare sozialak; Interneteko presentzia web atarien bidez, atari sektorialak; posizionamendu birtuala QR kodeekin, mapa birtualak; eta kudeaketa eta eraginkortasuna hobetzea, ondokoak erabiliz: banka elektronikoa, tramite telematikoak, posta elektronikoa, dokumentuak partekatzeko Interneteko espazioak, kudeaketa integratuko TPV, txanden kudeaketa, eta abar.

Hala, lehen 17 hilabeteen ondoren, parte-hartzaileen %65ak adierazi du posizionamendu kanal berrien eta webeko sustapenen bidez iritsitako bezero berri gehiago dituela; negozioen %35ak bere salmentak handitu ditu azken hilabeteetan, bezeroak gusturago daudelako ematen dieten zerbitzuarekin; eta parte-hartzaileen %70ak marka irudia hobetu du.

Funtzionamendua eta Bilakaera

"IKT Konponbideen ezarpena Euskadiko autonomo eta mikroETEentzat" programa 2011ko maiatzean sortu zen 3 sektoretara zuzendutako ekimen pilotu gisa: elikadurazkoak ez diren produktuen merkataritza txikizkaria, edari establezimenduak eta jatetxeak eta motorrezko ibilgailuen mantenimendua eta konponketa. 2011ko urrira arte 115 negoziok parte hartu zuten eta %60 merkataritzaren sektorekoak ziren. 2011ko azarotik hona, aldiz, ekimenak zabaldu egin du eragile preskribatzaileen lankidetza, eta parte hartzea ere sektore guztietara ireki da. Zabalkunde horren ondorioz, parte-hartzaileak nabarmen ugaritu dira, gaur egun 853 direlarik, eta ezarritako konponbideak 5.000 baino gehiago dira.  Negozioen tipologia dibertsifikatu egin da eta maila berean dibertsifikatu dira baita ere izen-emateak, hainbat sektoretakoak baitira, hala nola merkataritza, norbere buruaren zaintza, hezkuntza, aholkularitza, medikuntza zerbitzuak eta zerbitzu juridikoak.

Parte hartzeko epea zabalik dago eta http://www.euskadinnova.net/ web orrian eman daiteke izena.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko