Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Unda sailburuak eta euskal klusterrak, ekonomiaren giltzarri diren sektoreak haztatu dituzte

2012.eko urriak 18

Industriako sailburua klusterretako eta aurreklusterretako ordezkari gorenekin elkartu da Lehiakortasunaren Munduko Kongresua (TCI 2012) aprobetxatuz.  

Asteon, bi sektore berri sartu dira, (trenbideena eta hizkuntzen industriena), Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak babestutako euskal aurreklusterren zerrendan. 

 

Bernabe Undak euskal ekonomiaren giltzarri diren sektoreen egoera aztertu du gaur, Euskadiko kluster eta aurreklusterren ordezkari nagusiekin egindako bileran. 

Bilera, Bilbon eta Donostian aste honetan egiten ari den  (TCI 2012) Lehiakortasunaren Munduko Kongresua aprobetxatuz antolatu da. Euskal sektore industrial nagusiak ordezkatzen dituzten lehentasunezko kluster eta aurrekluster horiek sektore barruko eta beste sektore batzuekiko lankidetza teknikoa eta komertziala sustatzen duten benetako eragile bihurtu dira, eta bide horretatik, sektore horiek nazioarteko mota guztietako azoka eta topaguneetan parte har dezaten bultzatu eta laguntzen dute.  Eta beraz, euskal industria-politikaren tresna baliagarriak eta funtsezko elementuak dira, enpresekin elkarlanean konponbideak aurkitzeko. 

Euskadin lehentasunezko 11 kluster daude (sektore hauetakoak: energia, makina erreminta, etxetresna elektrikoak, automozioa, IKTak, Bilboko portua, ingurumena, aeronautika, itsas industriak, papera eta ikusentzunezkoak), eta beste 11 aurrekluster, oraindik atariko fasean daudenak (sektore hauetakoak: burdinurtua, forja, altzairugintza, habitata, elikadura, biozientziak, esku-tresnak, logistika, eraikuntza, hizkuntzak eta trenbideak).  

Hizkuntzak eta trenbideak, bi aurrekluster berri 

Azken bi horiek, Langune eta Mafex, hurrenez hurren, zerrendan sartu diren azkenak dira, aste honetan bertan sinatu baitu Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak aurreklusterren maila ematen dien ebazpena. Eusko Jaurlaritzako sail honen ardura da 22 kluster eta aurreklusterrak babestea. 

Klusterren euskal eredua mundu osoan aztertzen dute, lehiakortasunarekin lotutako politikei erantzuteko adibide gisa. Besteak beste, Harvard Business School-en aztertu dute, hain zuzen ere, lehiakortasunaren arloan jakintsuenetakotzat jotzen den eta kluster kontzeptua sortu zuen Michael Porter irakaslearen eskutik.  Michael Porter irakasleak berak hartuko du parte TCI kongresuaren osoko bilkuran, bideokonferentzia bidez. 

 

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 18a.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan