Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Onartu egin dute Euskadiko Udaltzaingoen Erregistroa eta Udaltzainen akreditazio profesionalerako sistemak arautzen dituen Dekretua (2012-10-16(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko urriak 16

Dekretua, Euskadiko Udaltzainen Erregistroa eta Udaltzaingoaren kideen egiaztapen profesionala arautzen duena.

Udaltzaingoen baliabideen errolda eguneratua eta kideentzako akreditazio profesionaleko modelo bateratua edukitzeko aukera emango du

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren dekretu hori onartzeari, Euskadiko Udaltzaingoen Erregistroa eta polizia kidego horietako agenteen akreditazio profesionalen sistemak arautzeko.

Euskadiko udaltzaingo kidegoak haien artean eta Ertzaintzarekin koordinatzea funtsezkoa da herritarrei segurtasun publikoko zerbitzu eraginkorra eskaintzeko. Prestakuntza prozedurak, lan protokoloak, ekipamendu informatikoak, materialak edota komunikazio sistemak homogeneizatzea ezinbestekoa da modu koordinatuan lan egiteko, baita datu-base komunetarako sarbidea ere; hala, baliabideak bikoiztea eta esku-hartzeak luzatzea saihestuko da.

Hortaz, aipatutako homogeneizazioa lortzeko, funtsezkoa da erregistro global bat izatea, udal administrazio desberdinen mendeko segurtasun publikoko baliabideak jasoko dituena; horrez gain, Euskadiko udaltzaingoetako kideentzako akreditazio profesionaleko modelo bateratua finkatu behar da. Bi ekimenak abiarazteko esfortzu garrantzitsua egin da, koordinazioa hobetzeko, modernizatzeko eta udaltzaingoak gizartearen eskakizunetara egokitzeko; hala, udaltzaingoen jarduna hobetu egingo da, eta korporazioa errazago identifikatzea ahalbidetuko da.

Udaltzainen erregistroa

Euskadiko Segurtasun Publikoko Sistemaren Antolamenduari buruzko Legeak udaltzainak koordinatzeko eremua definitzen du; bidenabar, udal polizia kidegoen antolamendu eta funtzionamendu araudietarako arau marko bat finkatzean Eusko Jaurlaritzak duen erantzukizuna ere zehaztu du, plantillak, baliabide teknikoak, uniformeak eta akreditazio sistemak homogeneizatuz, eta irizpideak, prozedurak eta bitartekoak ezarriz elkarri informazioa helarazteko edo beharrezko ikuskaritza sistemak aplikatzeko, besteak beste.

Legearen 40. artikuluak Udaltzaingoen Erregistroa sortzea aurrez ikusten du, koordinazio lanak betetzeko, akreditazio profesionalerako dokumentuak emateko eta denok erabiltzeko sare eta sistema informatikoetara jo ahal izateko.

Erregistroaren xedea errolda bat izatea da, kidegoetako kideen datuak eta udal polizia erakunde bakoitzak dituen baliabideei buruzko informazio garrantzitsu guztia jasoko duena; hala, Eusko Jaurlaritzari koordinazio arloan dagozkion eskumenak baliatzea ahalbidetuko da, bereziki akreditazio profesionaleko dokumentua ematea erraztea, eta denok erabiltzeko sare eta sistema informatikoetara jo ahal izatea.

Erregistro horrek udaltzaingoetako kide guztiak eta udal langileak bilduko ditu, esaterako udal jagoleak, zaintzaileak, aguazilak edo antzekoak; erregistroa ez da publikoa izango, eta datu horietarako sarbidea soilik Udaltzaingoak Koordinatzeko Zuzendaritzak eta udalek izango dute, haien zerbitzura dauden langileei dagokienez; datuak etengabe eguneratu beharko dira. Martxan jarri ondoren, bi atal izango ditu, elkarren arteko osagarriak eta automatizatuak; lehena, profesionalen datuak jasotzeko, eta bigarrena, udal bakoitzak segurtasun arloan dituen bitartekoei buruzko informazioa partekatzeko erabiliko dena.

Gaur onartutako dekretuak erregistrora sartzeko mekanismoak eta mantentzea ere aipatzen ditu, baita bertan jasotako datuen konfidentzialtasunerako nahitaezko lege bermeak ere.

Akreditazio profesionalaren egiaztagiria

Segurtasun Publikoko Sistemaren Antolamenduari buruzko Legearen 41. artikuluak, bestalde, udaltzaingoetako kide guztiek akreditazio profesionalaren agiria aldean eraman beharko dutela xedatzen du, kasuan kasuko udal organoak emandakoa.

Eusko Jaurlaritzak gaur onartutako dekretuak betebehar hori arautzen du, eta ezarri duenez, Euskadiko udaltzaingoetako kide guztiek, zerbitzu aktiboan badaude, bigarren jarduera gisa badute eta segurtasun arloko postuetan zerbitzu bereziak betetzen badituzte, akreditazio profesionalaren agiri bana izango dute, funtzionarioa identifikatzeko elementu gisa baliatuko dena.

Agiriak hiru elementu izango ditu: txartel profesionala, plaka ikurra, eta paper zorro trokelatua. Bertan jasoko dira udalerria, funtzionarioaren izena eta kategoria profesionala, identifikazio zenbakia, igorpen data, eta titularraren argazkia. Eusko Jaurlaritzak prestatuko du, eta udal bakoitzak igorriko du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan