Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Ertzaintzaren ohorezko kondekorazio eta sarien erregimena eguneratu da (2012-10-16(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko urriak 16

Dekretua, Ertzaintzako kondekorazio eta ohorezko sari erregimenari buruzkoa.

"Zerbitzu-egintzaren" izaera ezarri eta eguneratu da eta kondekorazio eta sari mota desberdinak arautu dira

Gobernu Kontseiluak gaurko batzarrean onartu du indarrean dagoen Ertzaintzaren ohorezko kondekorazio eta sarien erregimena aldatu eta eguneratzen duen Dekretua. Aldakuntza 2008an araua onartu zenetik bildutako esperientziaren eta ordutik azaldutako beste lege-mailako xedapenen eransketaren emaitza da. Aldaketa honi esker, "zerbitzu-egintzaren" izaera eguneratu eta hobetu da eta bai ertzainei baita beste profesional eta erakundeei ohorezko domina eta sari mota desberdinak ematea aratu da.

"Zerbitzu-egintzaren" aitorpena Euskal Herriko Poliziaren Legean bilduta dago, ezohizko izaeradun polizia-jardunak onartze aldera. 2004ko geroagoko Dekretu batek aipatutako zerbitzu-egintzaren ondorioz emandako kondekorazio eta sarien erregimena zehazten du, aitorpen horri lotutako alderdi juridiko eta ekonomikoak zehaztearekin batera.

Zortzi urte hauetan bildutako eskarmentu praktikoak eta berehalakoan gertatutako legezko xedapen berrien eragin arauemaileak gomendatzen dute gaur egun Dekretu hura aldatzea, honako alderdiak hobetuz: zerbitzu-egintzatzat hartzen denaren interpretazio juridikoa zein arrazoi desberdinek eragindako balizko heriotza-, baliaezintasun- edo lesio-kasuen objektibazioa. Horrez gain, beharrezkoa da ohorezko kondekorazio eta sariak berriro ere definitzea eta sailkatzea, urte hauetan antzemandako beharrizanekin bat etorriz.

Hortaz, Herrizaingo, Justizia eta Herri-administrazio Sailak horrela proposatuta gaur onartutako Dekretuaren bitartez ondorengoak ere kontuan hartuko dira zerbitzu-egintzatzat: atentatu terroristek edo indarkeriazko bestelako ekintzek eragindako heriotza, baliaezintasun zein lesio iraunkorrak. Zerbitzu-egintzatzat hartuko da baita ere istripu baten eraginezko heriotza edo zerbitzuan zehar gertatutako beste edozein heriotza bortitz.

Atal ekonomikoari dagokionez, Dekretu berriak ezartzen du heriotzagatiko zerbitzu-egintzaren aitorpenak eragingo duela oinordekoek funtzionarioaren soldatari dagozkion bi urteroko jasotzea. Eurena baino maila altuagoko kategorian diharduten funtzionarioen kasuan, kategoria horretara igotzeko aukera ere jasotzen du Dekretuak. Zerbitzu-egintzatzat hartutakoek eragindako nahitaezko erretiroaren kasuan, funtzionarioak bere pentsioari gehituko zaion prestazio ekonomikoa jasoko du. Lesioen kasuan, hirurteko bati dagokion aldian behingo hileroko prestazio ekonomikoa jasoko da.

Kondekorazioak eta sariak

Dekretuak jasotako ohorezko kondekorazio eta sarien arauketa berriak domina eta sari mota desberdinak ordenatzen ditu berriro ere, hauek ematerako orduan uniformeagoak eta homogeneoagoak diren irizpideak baliatuz. Horretarako, polizien lana aitortzeko dominen barnean hiru maila ezarri dira: bereizgarri gorri, berde edo zuriak, hurrenez hurren. Gainera, bi diploma mota bereizi dira baita ere: bereizgarri gorri edo zuriekin.

Polizien lana aitortuko duen bereizgarri gorria daukan domina ezohizkoak diren ekintzak edo ertzainaren bizitza arriskuan jarri duten ekintzak aitortzeko emango da. Aldiz, bereizgarri berdea duen dominak bizitza arriskuan jartzen ez dituzten gertaera aipagarriak sarituko ditu. Bereizgarri zuria daukan domina emango zaie ereduzko jarrera izan duen ertzainari, polizien egitekoetan nabarmentzen diren ertzainei edota Ertzaintzaren izen onerako mesedegarriak diren lan zein ikerketa zientifikoak burutzen dituzten ertzainei. Bereizgarri gorri zein berdea daukaten dominak jasotzearekin batera, hirurteko baten balio bereko hileroko prestazio ekonomikoa jasoko da.

Polizia zerbitzuari emandako diplomak, bere aldetik, ertzainen jardunbide profesionala sarituko du. Bereizgarri zuria duen diploma zerbitzu eraginkorreko hogei urte betetzean emango da, diziplinazko faltarik egin ez bada. Bereizgarri gorria duen diploma emango da zerbitzu eraginkorreko hogeita hamar urte betetzean.

Polizien lana aitortze aldera emango diren domina eta diplomak merezimendutzat hartuko dira lanpostuak betetzeko eta barne-promoziorako deialdietan.

Dekretuak ezartzen du saritu ahal izango direla baita ere beste polizia kidego batzuk, larrialdi-zerbitzuak, segurtasun pribatua eta abar, Ertzaintzaren helburuekin bat datozen merezimendu handiko lanak burutzeagatik. Ekintza hauek saritzeko polizien lana aitortzen duen bereizgarri urdina daukan domina ezarri da. Erakunde, elkarte edota zerbitzu publiko zein pribatuen kasuan, ohorezko plaka bat emango da.

Dekretuak ondorengo hauek ere jasotzen ditu: zerbitzu-egintza aitortzeko prozedura, egintzak egiaztatzeko beharrezko dokumentazioa, epeak, bete beharreko baldintzak eta bildutako inguruabarrak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan