Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Auzibide Zuzendaritzak epaien % 55,34 Administrazioaren aldekoak izatea lortu zuen 2011n

2012.eko urriak 17

Euskal Autonomia Erkidegoko zerbitzu juridikoetan sarrera izan duten auziak 2011n, 3.030 izan dira

Auzibide Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze aktiboa edo pasiboa duten auzi eta epaiketa guztiak zentralizatzen dituen organoak, 2011ko epaien % 55,34 EAEko Administrazioaren eta interesen guztiz aldekoak izatea lortu zuen. Hala dio Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saileko zuzendaritza horren jarduera-oroitzak, zeinak zuzendaritzan sartu diren aferen kopurua igo egin dela ere adierazten duen.

Euskal Autonomia Erkidegoko zerbitzu juridikoetan sarrera izan duten auziak 2011n, 3.030 izan dira. Hor sartuta daude jurisdikzio-arlo guztietako (zibileko jurisdikzioa, zigor-jurisdikzioan, administrazioarekiko auziena, lanekoa eta merkataritzakoa) epaitegi eta auzitegietako jarduketak, jurisdikzio berezietan izapidetutako gaiak (Konstituzio Auzitegian edo Kontuen Auzitegian) eta 831 doako justiziako kasuak. Denak dira auziak, interes kontrajarriak baitaude, nahiz eta batzuetan, zehaztasun gutxirekin, auzietaz hitz egiten den administrazioarekiko auziak baino ez direnak aipatzeko.

3.030 gai dira, 2010ean baino %3 gehiago, eta prozesua osotasunean hartu dugu kontuan, ondorengo instantziak edota errekurtsoak bereiztu gabe. Prozesuek luze jotzen dutenez -urte naturala gainditzen dute normalean-, auzi, kausa, errekurtso eta epaiketa bizien bolumena askoz handiago da.

Guztirako jarduketa judizialen barruan, administrazioarekiko auziak nagusitzen dira, 2011. urtean 1.714 administrazioarekiko auzietako 1.714 prozedura hasi baitziren. Horietatik, 1.290 prozedura laburtuak dira eta 424 prozedura arruntak.

Lan-arloko jurisdikzioko auzi-kopurua 2011n txikiagoa izan da aurreko urtean baino. Lanarloko prozedura berriak 204 izan dira, aurreko urtean 311 izan zirelarik.

2011. urtean zehar 134 prozedura zibil eta 23 prozedura penal bideratu ziren. Horrez gain, Doako Laguntza Juridikoko Batzordeak emandako ebazpenen 831 aurkaratze ere egon ziren.

Hiru dira 2011. urteko jarduketei buruz egin beharreko gogoeta orokorrak. Lehendabizi, auziperatze-joera gero eta handiagoa dago. Litekeena da horren arrazoia askok uste duena izatea, alegia, administrazio-bideak eta bertan aurreikusitako errekurtsoek gutxitan aldatzen dituztela jatorrizko erabakiak. Bigarrenik, badira diru-kopuru handiekin lotutako auziak. Eta azkenik, hedabideetan oihartzun handia duten gaiekin lotutako jarduketak asko gehitu dira.

Auzibide Zuzendaritzak Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta bere autonomiadun erakundeen interes orokorren ordezkaritza eta, azken batean, defentsa du, baita legeak Zuzendaritza honi emandako beste organo batzuen ordezkaritza eta defentsa ere, Datuak Babesteko Agentziarena, esaterako.

Auzibide Zuzendaritzaren egitekoak hauexek dira bereziki:

- Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren ordezkaritzako eta defentsako beharrezko aurre-ekintzak egitea, ekintza horiek gidatzea eta koordinatzea.

- Judizio aurreko txosten, ekimen, errekerimendu eta jarduera egokiak gauzatzea eta Jaurlaritzaren interesak ordezkatzeko eta defenditzeko egitekoak zuzentzea konstituzio maila duen jurisdikzioaren aurrean eta Arbitraje Batzordearen aurrean.

- Judizio-ekintzak hasarazteari buruz aholkuak ematea, txostenak lantzea eta jardunak koordinatzea.

- Administrazioaren jarduera zuzentzeko neurriak proposatzea, ahalik eta errekurtso edo erreklamazio gutxien jar daitezen.

- Epaiak betearazteak, prozesuen gastuetarako dirua biltzeak edo kostuak ordaintzeak sor ditzaketen administrazio-ekintzak koordinatzea.

- Epaiek antolamendu juridikoaren gain izan dezaketen eragina eta, oro har, judizioprozeduren ondorioak aztertzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)