Berriak Herrizaingoa
Eu

Hauteskundeen emaitzak jasotzeko eta jakinarazteko taldean 3.500 pertsona arituko dira lanean

2012.eko urriak 16

Eusko Legebiltzarreko Hauteskundeak 2012

Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailak eratutako taldean 3.500 pertsona arituko dira lanean igandeko (urriak 21) Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen emaitzak jasotzeko eta jakinarazteko. Emaitzak Hauteskunde Administrazioko Zuzendaritzaren datuak prozesatzeko zentrora helaraziko dira, eta zenbait kanalen bidez hedatuko dira, oro har intranetaren eta hauteskundeei buruzko www.elecciones.net atariaren bidez. Horrez gain, Lehendakaritzaren egoitzan ere jakinaraziko dira, bertan izateko baimena duten hedabideen aurrean.

Eusko Jaurlaritzaren informatika eta telekomunikazioen sarea erabiliko da, berriz ere, hautesleku eta hautes mahai bakoitzeko emaitzak jasotzea bideratzeko, prozesatzeko eta denbora errealean jakinarazteko. Orotara, 3.500 pertsonak osatuko dute prozesu osoa beteko duen den giza taldea, Hauteskunde Administrazioko Zuzendaritzak koordinatuta.

Taldean Zuzendaritzako arduradun eta teknikariak izango dira, baita telefonia eta informatikako teknikari eta langileak ere. Hautes mahai bakoitzean Administrazioko ordezkari bat egongo da, eta informazioa datuak hartzeko eta tratatzeko Eusko Jaurlaritzaren zentrora bidaltzeaz arduratuko; han, datuak landuko dituzte berehala argitaratzeko, hainbat formatutan, Interneten eta hedabideen eskakizunetara egokituta.

Boto kopuru esanguratsua zenbatu bezain azkar, eta kopuru hori hiru lurraldeen artean orekatua bada, datuak jendaurrean aurkeztuko dira. Mendia sailburuak jakinaraziko ditu emaitzei buruzko lehenengo datuak, eta hala, datuak modu publikoan eta hartzaile guztientzako zabaltzeari ekingo dio. Une horretatik aurrera, informazioa, bai botoen kopurua, bai boto horiei dagozkien aulkiak ere, etengabe eguneratuko da emaitzen % 100era iritsi arte edo behin betikotzat jo daitekeen ehunekora iritsi arte.

Emaitzen berri emateko sistema beste hauteskunde batzuetan ere erabili da, eta arrakastatsua izan da; izan ere, hauteskundeen emaitzak modu fidagarrian eta azkartasunez jakinarazteko berme onenak eskaintzen dizkie herritarrei.

22 milioi hauteskunde txartel

Urriaren 21eko hauteskundeetarako Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailak 22 milioi hauteskunde txartel eta 1,5 milioi gutun-azal prestatu ditu, hautes mahaietan jartzeko, alderdi politikoen artean banatzeko eta posta bidez bozkatzean erabiltzeko. Zifra horri, gainera, posta bidez bozkatzea eskatzeko argitaratutako ia milioi erdi inprimakiak gehitu behar zaizkio, baita beste horrenbeste gutun-azal eta jarraibide orri ere; Hauteskunde Administrazioaren Zuzendaritzak Espainia osoko Correos bulegoetan banatu zituen hauteskunde deialdiaren biharamunean. Bidenabar, eta betiere arlo grafikoaren barruan, hautes mahaiko kideentzako jarraibideak jasotzen dituzten 34.000 eskuliburu plazaratu eta banatu izana ere aipatu behar da.

Bozkatzeko txartelak, gutun-azalak eta hauteskunde inprimakiak argitaratzeko erabili den papera erabat ekologikoa da, eta ingurumen iraunkortasuneko irizpideen arabera ekoitzi da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko