Berriak Kultura
Eu

Ibilbideak-en 1.400 pertsona erregistratu dira eta 1.100 ibilbide partekatu dituzte sei hilabete hauetan

2012.eko urriak 15

Jarduera fisikoa sustatzeko eta hobetzeko ekimenak gizartearen babes handia jaso du eta laster bere sare soziala izango du, baita proiektuaren gaiarekin lotutako hitzen euskarazko hiztegia ere

Ibilbideak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren ekimen bat da eta jarduera fisikoa sustatzea eta hobetzea du helburu; motorrik gabeko kirol ibiltarietan oinarritzen da; dagoeneko 1.400 pertsona erregistratu dira eta 1.100 ibilbide trukatu dituzte.

Orain dela sei hilabete abian jarri zenetik, garapen sozial handia lortu du. Horri esker, pertsona eta talde batzuek gailu mugikorren bidez (GPS eta smartphone) eta interneten bidez kirol esperientziak sortu, konpartitu, baloratu, aberastu, disfrutatu eta zabaltzen dituzte, eta gero eta gehiago dira. Ibilbideak doan erabil dezake edozein pertsonak edo entitatek, adibidez, klubek, federazioek, elkarteek, udalek, ikastetxeek, etab.ek, eta oraingoz guztira 22 jarduera egin daitezke, ondokoak besteak beste: ala delta, ibili, asfalto lasterketak, mendi lasterketak, errepideko txirrindularitza, mendi txirrindularitza, zikloturismo, hipika, itsuak, ibilbide nordikoa, igeriketa, parapentea, patinajea, piraguismoa, lasterketa konbinatuak, arraunketa, gurpil aulkia eta bela. Baina komunitateak eskatuta, beste jarduera batzuk ere sar daitezke.

Ibilbideak-en oinarrizko  lerroak martxoan aurkeztu ziren eta une horretan jada urtean buruan sartu beharreko zenbait ekimen iragarri ziren. Hasieran web bat abian jarri zen (http://ibilbideak.euskadi.net) kirol ibilbideak eta ikuskizunak trukatzeko; dagoeneko 40.000 bisita izan ditu. Ondoren GPSak doan lagatzeko zerbitzua jarri zen abian; edozein pertsonak erabil ditzake gailu horiek erabiltzeko gaitasuna edozein izanda ere. "Mapa Ibilbideak" ere sortu da, zehaztasun handiko kartografia da eta GPS, Google Earth eta telefono mugikorretarako balio duen eguneratzea da. Gainera, sare sozialetako jarduera etengabea izan da, Facebook eta Twitterren adibidez.

Jarduera horiek guztiak osatzeko, udazkenean beste batzuk jarriko ditugu abian:

- Aterpe:  erkidegorako berezko sare soziala.

- Auzolan:  Komunitatearen parte hartzetik abiatutako proiektu kolaboratzailea da. Hasiera batean ondoko hiru lan lerro hauek ditu:

- "Mapa Ibilbideak" eguneratzea,

- "Ibilbideak Hiztegia":  proiektuaren gaiarekin lotura duten hitzen euskarazko hiztegia

- eta "Transbilbideak": mendi ibilbide handi bat Transandalus ereduari jarraituz.

- Komunitatearekiko lehen topaketa, azaroaren 25ean Mendiexpon.

 

Ibilbideak Jarduera Fisikoaren Planean (Aktibili) sartutako ekintzetako bat da; Eusko Jaurlaritzako Kirol eta Osasun Publikoko zuzendaritzek garatzen dituzte aipatutako ekintza horiek. Zerbitzu publiko, doako, iraunkor eta taldearen lanean oinarritutako honen bidez, kirol praktikan dauden ohitura berrien aurrean dauden eskaerei erantzun ahal izango diegu, praktikaren eta kirolaren arloan dauden eremuei arreta egingo diegu eta horretarako baliabide bakarra erabiliko dugu; gainera, kirola gizartea hobetzeko beste helburu batzuk lortzeko erabiltzen lagunduko dugu.

Oso funtzionamendu erraza dauka. Edukiak igo eta deskargatzeko erregistratu behar zara -izena, posta elektronikoa eta pasahitza eskatuko da- baina edonork egin dezake kontsulta orokor bat. Parte-hartzaile bakoitzak ibilbideak kargatu edo sor ditzake mapa batean eta horretarako lau urrats baino ez ditu eman beharko. Gero ibilbide horiek besteen eskura jarriko ditu.  Informazioa ordenagailuan deskargatu edo GPS edo smartphone batean ikus daiteke. Bakoitzaren web orrian ere jarri edo lagunei bidal daiteke. Halaber, egutegia ikusiz, gertaera guztien programazioa ikusiko dugu.

 

Informazio gehiago izateko: ibilbideak.koordinatzailea@gmail.com / 688670727

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan