Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

LHko 28 euskal gaztek aukera izango dute Alemaniako enpresetan praktika profesionalak egiteko

2012.eko urriak 15

 

  • - Madrilen dagoen Alemaniako Merkataritza Ganberak eta SPRIk akordio bat lortu dute Lanbide Heziketako titulatuak lan merkatuan sartzeko.
  • - 98 hautagai aurkeztu dira jada eta epea apirilean amaituko da. Ziurrenik 28 plaza horiek ugaritu egingo dira, litekeena baita Alemaniako enpresa gehiagok parte hartzea ekimenean.

 

Erdi eta Goi Mailako Lanbide Heziketako tituluak dituzten 28 euskal gaztek aukera izango dute Alemaniako enpresetan praktika profesionalak egiteko, SPRI Taldeak (euskal enpresa sareari laguntzeko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpe dagoen sozietate multzoak) Madrilen dagoen Alemaniako Merkataritza Ganberarekin lortu duen akordioari esker. Praktika horiekin ikasle gazteek ikaskuntza praktikoa jasoko dute lanpostuetan garatutako esperientziaren bitartez eta, gainera, ordaindu egingo zaie.

Alemaniako erakundeak zubi lanak egiten ditu Länder bakoitzeko merkataritza ganberekin, eta hauek aldi berean ikasleak jaso nahi dituzten eskualdeetako enpresekin. Lankidetza hitzarmen honi esker, Lanbide Heziketako euskal zentroetan titulatutako gazteek Alemanian egin ahalko dituzte beren praktikak. Deialdia zabalik dago 2012ko otsailaren 15a baino lehen 25 urte bete ez dituzten titulatu guztientzat.

Esperientzia profesional berri honetan parte hartzeko interesa azaldu duten 98 euskal gazteek Euskadiko Lanbide Heziketako Zentroen Sareak eginiko hautaketa zorrotz bat igaro behar izan dute; horietatik, LHko 28 titulatu gazte aukeratu dira, beren profil profesionala kontuan hartuta, Madrilen dagoen Alemaniako Merkataritza Ganberak eskaini dituen plazak betetzeko.  Deialdi hau 2013ko apirilean amaituko denez, ziurrenik enpresa alemaniarrek plaza gehiago eskainiko dituzte.

Hautatu guztiek 300 ordu baino gehiagoko alemaneko ikastaro trinko bat egin beharko dute eta horrek A2 profila emango die, hots, enpresek praktikak egin ahal izateko eskatzen duten gutxieneko maila.

Praktika profesional ordainduak 4 hilabetekoak izango dira, 2013ko apiriletik abuztura. Denbora horretan enpresa alemanak ikasleak emandako zerbitzuak ordainduko ditu, eta ikasleak horrekin ordaindu beharko ditu joan-etorri, egonaldi eta mantenu gastu guztiak.

Praktikaldia amaitutakoan, baliteke ikasleak enpresa alemanaren lan eskaintza bat jasotzea, Lanbide Heziketa Dualeko kontratu baten bidez egina; kasu horretan, ikasleak hasten ari den karrera profesionala garatu ahal izango du bere ezagutzak sakontzen dituen bitartean.

 Eredu dualak bi alderdi konbinatzen ditu, batetik, ezagutza praktiko barneratua, hots, laneko esperientziaren fruitua, ikasleek eginez ikasten baitute eta, bestetik, ikasgelan garatutako ezagutza teorikoa, zeinarekin esperientzia praktikoa gidatzen duten kontzeptu zientifikoak sakondu eta ulertzen baitituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan